Tolosako Udalak Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko egunari begira ekitaldi sorta aurkeztu du, eta baita Aranburu jauregian 51 emakume artisten lanak erakusten dituen Sorginak erakusketa ere. 51 emakume horien artean, eskualdeko zortzi emakumeren obrak ikus daitezke.
Pandemia egoera baztertu ezinik, Olatz Peon alkateak "larrialdi egoera honek modu zuzenean eragin du indarkeria matxista kasuetan", esanez hasi nahi izan du agerraldia. Agerian utzi du, "indarkeria mota honi aurre egiten jarraitzeko beharra" dagoela. Denbora guzti honetan, "emakumeak laguntzeko bideratutako zerbitzuak areagotu eta indartu egin behar izan dira, emakume askoren egoerak okerrera egin duelako".
Indarkeria matxistari aurre egiteko, kontzientzia hartzea eta sustatzea, eta herritarrak sentsibilizatzea ezinbesteko erreminta direla azpimarratu du Peon alkateak: "Indarkeria matxistaren aurrean ez gaitezen ikusle hutsak izan". Egoera hauen aurrean "modu aktiboan" erantzuteko eskatu die herritarrei.
EmPoderArte elkartearen izenean Sara Beiztegik hitz egin du. Hasteko eskerrak eman dizkie bai Olatz Peoni eta Tolosako Udalari, eta baita Agurtza Zubero berdintasun teknikariari ere, "erakusketa jartzea posible egiteagatik". Hirugarren aldia erakusketa ikusgai jartzen dutena, eta emakume artistak elkartzen ditu elkarteak, eta beraien lana ezagutzera ematea du helburu. Arte lan hauekin, "indarkeria matxistaren aurka" egiten dutela nabarmendu du Beiztegik. "Nahikoa da" esan nahi dute, eta erakusketa jartzen duten lekuan, bertako artistak gonbidatzen dituzte beraien lanak erakustera. Kasu honetan, eskualdeko zortzi emakumeren lanak daude. Miren Atxaga, Nisa Goiburu, Txitxi Orbegozo, Idoia Elosegi, Oihana Ugarte, Maria Cueto, Arantza Munita eta Miren Gonzalez.
Egoerak eskatzen dituen baldintza guztiak kontuan hartuta, kontzientzia hartu eta sustatzeko helburuarekin, ekitaldi ezberdinak prestatu ditu udalak. Hori bai, zoom plataformaren bidez egingo diren hitzaldietan, eta Sorginak erakusketako bisita gidatuetan parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute Berdintasun sailean; berdintasuna@tolosa.eus helbide elektronikora idatzita edo 943 67 03 83 telefono zenbakira deituta. Erakusketara antolatutakoez gain, bisita gidatuak antolatzeko aukera izango da Berdintasun sailarekin harremanetan jarrita.
Hasteko, gaurtik hasi eta azaroaren 29a bitartean, Zerkausia more kolorez jantzia ikusiko da.
Bihar, hilak 21.
18:30. Birritan bortxatu antzezlana, kultur etxean.
Azaroak 23tik urtarrilaren 9ra.
Sorginak erakusketa. Aranburu jauregian. XV eta XVIII. mendeen artean sorgin ehiza deiturikoan izandako sarraskiez hausnartzen duen erakusketa da. 51 emakume artisten lanak biltzen ditu. Zortzi Tolosaldekoak dira. EmPoderArte AIMA irabazi-asmorik gabeko elkartearen erakusketa da. 2014tik erakusketak egiten ditu, emakumeak artearen munduan ikusgai jarriz, gizonen eta emakumeen arteko ekitatea aldarrikatuz eta indarkeria matxista salatuz.
Azaroak 23. 19:00etan, erakusketaren irekiera eta bisita gidatua erakusketan parte hartu duten artistekin eta komisariarekin.
Abenduak 18. 19:00etan, bisita gidatua elebitan.
Azaroak 23, azaroak 30 eta abenduak 14.
Emozioak sormenaren bidez kudeatzen saioak Leire Markinezekin. Jabetza Eskolak antolatutako egitarauaren barruko tailerra da, non ezagutza eta kontzientzia pertsonala lantzen diren, emakume izatearen autoestimua eta duintasuna berriz aurkitzeko. Pintura, mugimendua, meditazioa… erabiliz, norberak bere sormenarekin konektatzea bilatuko da tailer honetan, norberak bere burua hobeto ezagutu eta zauri emozionalak sendatzeko.
Azaroak 24, asteartea.
19:00. ¿Quién no cree en las brujas? hitzaldia Pilar Careagarekin, Zoom bidez. Emakumeen aurkako indarkeriaz eta horren trataeraz arituko da, patriarkatuaren “estrategiak eta armak, eta haien tirania misoginoa onartzen ez duten emakumeek pairatzen duten mendekotasunaz”, Careagaren hitzetan “horiei deitzen baitzaie sorginak”.
Azaroak 25, asteazkena.
12:00. Elkarretaratzea, udaletxe aurrean, Indarkeria sexistarik gabeko herri baten alde lelopean.
Abenduak 1,asteartea
18:00. Experiencias colectivas frente a las violencias machistas hitzaldia, Zoom bidez. Pepa Bojó. Aitziber Bargas, Nerea del Campo, Ana López, Yolanda Torres eta Beatriz Zalakain izango dira hizlariak.