Zaintzaileen  bizi-kalitatea  hobetzea helburu

Tolosaldeko Ataria 2020ko aza. 20a, 10:47

Mendekotasuna duten adineko senitartekoak zaintzen dituztenei laguntzeko programa-pilotua jarriko da martxan Tolosan; azaroaren 27an amaituko da izen-emate epea 

Mendekotasuna duen adineko senitarteko bat zaintzen duten pertsonei zuzendutako laguntza programa bat da OKencasa aplikazio informatikoa. Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako ekimen baten bitartez jarri zen martxan, 200 familia baino gehiagori lagunduz, eta orain gehiago hedatu nahi dute, herri administrazioen laguntzaz. Aplikazio honek zaintzaileen bizi-kalitatea hobetzea eta zaintza lanak egiten dituzten herritarrei eguneroko jarduna errazteko baliabideak eskaintzea du helburu.

Programaren sortzaileen arabera, «eragin zuzena du familiaren esparruan zaintza lanak egiten dituzten pertsonen ongizatean». Gainera, zenbait baliabide jartzen dituzte zaintzaileen eskura: mendekotasuna duen pertsonaren zaintza-beharrak eta zaintzaileen rolak definitzea, zainketa-lanen koordinazioa errazteko eta antolatzeko tresnak, online bidezko prestakuntza, arreta eta aholkularitza zerbitzua, lantalde espezializatua, familia-zainketako espezialista propioa, zaintzaileen komunitatea osatzeko aukera eta zerbitzu erabilgarrietan (fisioterapia, etxebizitzaren egokitzapena edota lege-aholkularitza) deskontuak izatea. Bestetik, laguntza modu ez-presentzialean jasotzeko aukera ere ematen dute.

Euskal Herriko Unibertsitateak eta Ingalaterrako Unibertsitateak egindako ikerketek diotenez, OKencasa aplikazioa erabiltzen duten zaintzaileengan hainbat hobekuntza nabari dira. «Zaintza lanak eragiten dituen gainkarga eta antsietatea murrizten dira, egunerokotasuneko egoerei arrakastaz aurre egiteko gaitasuna hobetzen da zaintzaileetan, eta baita familia-kohesioa ere. Gainera, areagotu egiten da zainketa-egoerarekiko gogobetetasuna».

Tolosako Udalak ere bat egingo du kanpainarekin. Aitortutako mendekotasun-mailaren bat duen 60 urtetik gorako pertsonaren bat gutxienez urtebetez etxean zaintzen ari diren herritarrek erabili dezakete programa. Batez ere, dementziak, mugikortasun murriztua, gaixotasun kardiobaskularrak, parkinsona edota diabetesa dituzten senideak zaintzen dituztenei dago zuzenduta.

Hasiera batean, programaren iraupena 2021eko ekainera bitartekoa izatea aurreikusten da. Oraingoz, Gipuzkoako Foru Aldundiak gutun bat bidali die interesa eduki dezaketen familiei, informazio gehiago izan dezaten. Hilaren 27ra arte eman daiteke izena, www.okencasa.com webguneko inprimakia betez,  edo 943 003 723 telefono zenbakira deituz. Plazak mugatuak direnez, hautaketa bat egingo da baldintzak betetzen dituzten familia interesdunen artean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!