Hemen da panpina bizidunen festa

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko aza. 19a, 13:50

Eguerdian aurkeztu dute Titirijai 2020 Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia. Azaroaren 21etik 29ra bitarte, Tolosako kaleetan nahiz Topic-en, era guztietako saioak ikusteko aukera izango dute adin guztietako herritarrek. 

Beste urte batez, hemen da publiko aurrean bizia hartzen duten izaki bizigabeen festa. Aurtengoa, 38. edizioa izango du Titirijai txotxongilo jaialdiak. Bederatzi egunez, txotxongiloz, txotxongilolariz eta haurrez beteko dira Tolosako kaleak nahiz Topic zentroa. "Urte korapilatua izaten ari da, guztia hankaz gora jarri zaigu, baina hemen gaude, pozik, jaialdi eder hau martxan jartzeko gogoz", adierazi du Aitor Imaz Tolosako Ekinbide Etxeko lehendakariak. Egitaraua osatzerako orduan, konpainien babesaz gain, publikoaren indarra ere beharrezkoa izaten dela azpimarratu du: "Hala nola egin dugu, baina ahalik eta egitarau txukunena osatzen saiatu gara, eta uste dut lortu dugula".

Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko aholkulariak Titirijaiko antolatzaileak zoriondu ditu, urte guzti hauetan egindako lanagatik. "38 edizio; erraz esaten da, baina azpimarratzekoa da urtero nazioarteko jaialdi hau antolatzeko egiten duzuen lana, izugarria baita". Ia lau hamarkada igaro dira lehen jaialditik; hori dela eta, jaialdiak duen oinarri sendoa azpimarratu du. "Hiru belaunalditan, bertako nahiz kanpoko herritarrek ezagutu dituzte txotxongiloak, guztiok maitatzeraino. Denok zaletu gara txotxongiloez, eta hauek eman dezaketen magia ezagutu dugu".

Bestetik, Olatz Peon Tolosako alkateak aipatu du, jaialdiak "ametsen munduan murgiltzeko aukera" eskainiko diela herritarrei. "Kulturak gure herria bizirik mantentzen duenez, jaialdi hau herriko agenda kulturalaren zati da, eta beraz, udalaren babes osoa du", gaineratu du. Azkenik, bertako kultura kontsumitzeko deia luzatu die herritarrei.

Aurtengo edizioan, kaleko nahiz Topic-eko ikuskizunez gain, online bidezko ikastaroak eta mahai-inguruak izango dira astean zehar, gazteen txotxongilolaritza profesionalizaten lan egiten duten Europako zenbait herrialdeetako profesionalen eskutik. Hilaren 25ean eta 26an izango dira, 16:30eatik 18:00etara. "Lehen egunean, Europako txotxongilolarien formakuntza profesionalaren erronkei buruzko saioa izango da. Bigarren egunean, berriz, digitalizazio garaian txotxongiloen formakuntzak nolakoa izan behar duen azalduko da", esan du Karmele Kruz Topic-eko pedagogia arduradunak.

Txotxongiloak, baita erakusleihoetan ere

Segidan, Xabier Ormazabal Topic zentroko komunikazio taldeko kideak hartu du hitza. Lehenik eta behin, Idoya Otegik gaurko prentsaurrekorako prestatutako hitzak irakurri ditu. Topic zentroko arduradunak, osasun arazoak medio, ezin izan du gaurko aurkezpenean egon. "Gogo handiz nengoen bertan egoteko, baina egoerak hala behartuta, ezinezkoa izan da". Otegik, gainera, gogoan izan ditu jaialdia babesten duten erakunde guztiak, eta eskerrak eman dizkie. Peonek balioan jarri nahi izan du Otegik bere ibilbide guztian zehar jaialdiaren alde egindako lana, eta eskerrak emateaz gain, indarra transmititu nahi izan dio.

Ondoren, egitarauko zenbait zertzelada eman ditu Ormazabalek, saio aipagarrienak nabarmenduz. Aurten, 8 erkidego ezberdinetako 13 konpainiak hartuko dute parte. 16 saio izango dira, horietako zazpi familientzat, eta gainerakoak, helduentzat; bi saio, gainera, kalean izango dira. Emanaldi guztien artean, 4 estreinaldi izango direla azpimarratu du Ormazabalek. "Horietako bi, gainera, Topic-en bertan sortutakoak dira. Estreinatuko den beste ikuskizun bat, Bartzelonako Txo Titelles konpainiaren sortzaile den Inazio Azkargorta artista euskaldunarena da".

Bestalde, AVIAMA elkartearen eskutik diru laguntza jaso berri duen Lovo ikuskizuna eta Jordi Bertran sortzaile entzutetsua nabarmendu ditu Ormazabalek. Izan ere, azken honek, txotxongilo bat utziko du museoan. Aipatzekoa da ere, jaialdiak irauten duen bitartean, Korreo eta Errementari kaleetako erakusleihoetan museoko txotxongiloak ikusgai jarriko dituztela.

Sarreren inguruan, berriz, nazioarteko jaialdiaren webgunean erosi behar direla azaldu du. "Kale-ikuskizunetarako ere gonbidapenak lortu behar dira, edukiera murriztu behar izan dugulako", gehitu du. Saioetara gerturatzeko interesa duten herritarrek webgune honetan dute sarrerak erosteko aukera. Webgune horretan, gainera, aurtengo egitarauko saio guztien inguruko informazio gehigarria topatu daiteke.

Azkenik, Imazek hartu du hitza berriro, eta gonbita luzatu die herritarrei, jaialdia bultzatu eta txotxongiloen magiaz eta ilusioaz goza dezaten. "Etorri hunkitzera, gozatzera, negar edo barre egitera. Gogoz gaude, eta gure aldetik neurri guztiak jarriko ditugu jaialdia segurtasun osoz ospatu dadin. Kultura segurua dela erakutsi nahi dugu".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!