«Bidaietan hori dut gustuko, ezezaguna bilatzea, 'aware'a presente edukitzea»

Agurtzane Belaunzaran 2020ko aza. 21a, 10:58

Tolosako Babel liburu-dendan eskuragai dago Alberto Luengo biologo tolosarraren azken lana: De gentes, animales y otras yerbas, Crónica de un viaje por China y Mongolia.

Alberto Luengok (Tolosa, 1970), Mongolian eta Txinan barrena egindako bidaietako bizipenak, ikusiak eta ikasiak auto-editatu ditu De gentes, animales y otras yerbas, Crónica de un viaje por China y Mongolia liburuan. Bidaia baten egunerokoa da, baina biologo eta zoologo baten begi zorrotzekin idatzia eta gogoeta sakon, naturalista eta filosofikoz josirikoa. Mundua, lekuak, desertua, jendea, fauna eta artea ikusteko manera ezberdinak dira bereak eta kontatzeko moduan, irakurlea bera ere idazlearena den bidaia pertsonal horretan bidaiatzera gonbidatzen du.

Agustin Panikerrek hitzaurrean, Txinako pintura klasikoarekin alderatzen du zure liburua, biek hala biek natura dutelako ardatz.


Nire bidaia guztien motibo nagusia natura izan da, eta natura bere zentzu guztietan oso presente egon da liburu honetan ere. Behatzailea naiz ofizioz eta nire eguneroko notetan ere deskribapenek pisua dute. Mongolian natura oso presente dago. Txinan ordea nekezagoa da bilatzea, badira tokiak baina bilatu beharrekoak, handiagoa da eta demasekoa da bere bilakaera.

Zuk naturako zantzuak ordea, leku sinestezinetan bilatu dituzu Txinan. Barruan duzun biologo eta zoologoak ez du deskantsurik izan.

Akats profesionala da agian. Txinan natura, fauna eta flora bilatu egin behar dituzu. Zeruaren Tenpluan, Hiri Debekatuan, parkeetan, eraikinetako marrazkietan, teilatuetan, sinbologian, merkatuetan saltzen diren txori kaioletan, gastronomian aurkitu dut nik. Bizitzako beste esparru eta arte batzuetan natura bilatzeko beste modu bat da, beste bidaia mota bat.

Liburu naturalista da, baina erreferentzia literarioz josia.

Zaila da sailkatzea liburua bai, liburu-denda batean bidaien sailean edo zoologian egon baitaiteke. Biologo-zoologo heterodoxo moduan idatzi dut, kontakizun eta kronika liburu pertsonala da. Nire liburuan zoologiaz, jendeaz eta paisaiaz hitz egin nahi nuela argi nuen.

Liburu askok bidaiatzera bultzatu zaituztela diozu eta leku aukeratua Asia izan dela askotan...

Asia oso kontinente kuttuna dut, gustura sentitzen naiz bertan eta liburu askok bideratu naute bertara. Idazle asko ditut gustuko baina bat aipatzekotan, inspiratzailea izan dut, Peter Matthiessenen El leopardo de las nieves liburua, hiru bider irakurria dudana. Zoologiarekiko eta budismoarekiko zuen ikuspuntu horrek liluratu egiten nau.

Naturak oraindik harridura sorrarazten dion zoologoa zara. Gozagarria da irakurtzea, Mongolian sentitzen duzun «plazer naturalista».

Noski baietz! Hegaztiak ikusten adibidez, hamar segundo besterik ez ziren izan baina gogoan dut ganga azpibeltz hegazti bandaren erditik pasa ginenekoa, milaka ikusi genituen. Hemen hegazti hauek ikustea nekezagoa da, Nafarroan eta Aragoi inguruan ikusten dira. Liburuan momentu honi, aware deitzen diot.

«Txolarrea, etsaia izatetik, heroia izatera pasa zen eta isilean, bere hanka-sartzearen jakitun, Maok, Sobietar Batasunetik 200 mila txolarre ekarri zituen»


'Aware'az hitz egiten duzu kapitulu batean, Japoniako kontzeptua bera, espero ez duzun zerbaitek hunkitzen zaituen unea omen.

Mongolian gauza askok hunkitu ninduten, espezie berri asko ezagutu ditudalako eta modu batera, nire haurtzaroko eta gaztetasuneko uneetara bidaiatzen nuen. Hemen animalia bat lehen aldiz ikusten nuenen sorrarazten zidan sentimendu polit-eder hori bera sentitzen bainuen han ere. Bidaietan hori dut gustukoa, ezezaguna bilatzea, awarea presente edukitzea, hunkitzen zaituzten uneak bizitzea.

Mongolian, Gobira iristean urduri zaude, eta irakurlea ere trantze horretan mantentzen duzu.

Nire bidaiari ametsetan, asko desiratu dudan lekua izan da Gobi eta iritsi baino lehen sortu zitzaizkidan beldurrak: «Dezepzioa sortuko ote dit lekuak? Nire usteak egiak izango al dira?». Bidaiari-mito hori beteko ote zen beldurra nuen. Zorionez dezepzio hori ez zen bete. Toki berezia izan zen, desertuetan oso gustura sentitzen naiz, bizitza asko dago. Gobin txikia sentitzen zara. Ezjakintasun hori sentimendu polit moduan bizitu nuen.

Gobi edozeinen imajinarioan; desertua, estepa, yurtak, nomadak, argi indar posteak, behiak, zaldiak dira. Zuk ordea beste Gobi oso ezberdin bat deskribatzen duzu.

Karakolak, muskerrak, eskorpioiak bilatzen jolasten genuen. Guretzako hori gozagarria zen. Arrano beltzak ikustea latza izan zen. Mundu mailako, Jurasikoko aztarnategirik garrantzitsuenetakoa han dago, bertan aurkitu ziren dinosauroen arrautza fosilizatuak eta ikertzaile eta esploratzaileak ere zibilizazioren arrastoak bilatu nahian ibili ziren, gero teoriak Afrikara begira jarri baziren ere.

Gure munduan lasaitasunak alertan jartzen gaituela diozu gogoeta sakon batean.

Geratzen dakigunok bakarrik jakingo dugu bizirauten bizitzako erritmo ero honetan. Hemen, lasai bagaude, pretentsio handirik gabe, gure inguruan ezer gertatzen ez bada edo etorkizunean proiektatzen ez badugu beldurra sortzen digute egoera hauek. Han dena ezberdin bizi dut, sinpletasuna baita ongizatearekin erlazio zuzena duen egoera. Wabi sabi, deitzen diote honi Japonian, sinpletasunari gorazarre egitea alegia.

«Ekialdeko diziplinetan, taoismoan, budismoan eta sintoismoan oso presente dute natura eta berarekiko errespetua»


Taoismoa aipatzen duzu askotan eta ekologiarekin lotu.

Oso lotura estua baitute, ekologia erlijiora eramana da. Ekialdeko diziplinetan, taoismoan, budismoan eta sintoismoan oso presente dute natura eta berarekiko errespetua, baita gizakia nor den ere, azken batean ez baikara naturan bizi garen beste espezie bat besterik. Naturazaleok filosofia hauek maite ditugu, ez noski ikuspuntu erlijiosotik, filosofikotik baizik.

Pekinen, Zeruaren Tenplua bisitatzen duzun bitartean, txoriak hegan egitea utzi ez duten lekua bezala deskribatzen duzu eta erreferentzia historikoa ere egiten duzu; Mao-Tse-Tunen garaikoa.

Txolarreen aurkako sekulako sarraskia jarri zuen martxan Mao Tse Tunek, zortzi milioi txolarre desagertu ziren garai hartan. Arrozaren produkzioan negatiboki eragiten zuela sinisturik hegazti hauek hiltzea agindu zuen Maok. Kontua da, kate ekologikoa moztearen ondorioz, intsektu plaga latza izan zutela eta arrozaren produkzioak behera egin zuela, gosetea ekarriz herrialdera. Txolarrea, etsaia izatetik, heroia izatera pasa zen eta isilean, bere hanka-sartzearen jakitun, Maok, Sobietar Batasunetik 200 mila txolarre ekarri zituen. 2001az gero espezie babestua da txolarrea Txinan.

Mao asko al dauzkagu oraindik gure munduan?


Asko daude bai, gaur egun, oraindik. Garai ezberdinak dira, baina jokaera berdinak eta leku askotan gertatzen dira natura eta espezien aurkako sarraskiak.

Yangtse ibaira iristean, Txinak bizi duen eraldaketa masiboaz ari zara. Kilowattak vs. naturaren kontserbazioa, ez da dilema makala.

Faunarik ez nuen ikusi ibaian, ez arrainik, ez izurderik, dortokarik, aligatorerik… Ezer ez.

Zure begiekin ikusi arte ezin duzu imajinatu gizakiak ingurua eraldatzeko daukan gaitasuna eta kasu honetan, sentimendu guztiak kilowatioetan neurtu direlako. Makro-presaren eraikuntzak, milaka familia etxe eta lurrik gabe utzi zituen horrek dakartzan arazo sozialekin eta ingurugirokoak zer esanik ez, dena, energia zonalde industrialetara bideratzeko. Txinak daraman politika ekonomikoa bizirik mantentzeko izan zen. Han ez dira komunistak, kapitalista hutsak dira, kontsumoa maite dute. Hala ere, han gertatu dena munduko toki askotan gertatu da, baina Txina azken hogei urteetan ikaragarri aldatu da.

Bizitza aldaketa honi ere alde ona aurkitu dionik bada, ubarroiak arrantzarako erabiltzen dituztenen kasuan bezala.

Guilin hirian ikusi nuen bai, ubarroiak, arrantzarako prestatzen dituzte, aspaldiko tradizio zaharra da, mendeetan zehar mantendua. Orain urte batzuk arte, arrantzale hauen diru iturria ubarroiek arrantzatzen zuten arraietan oinarritua zegoen. Gaur egun berriz, barne turismoaren presentziarekin, bisita gidatuak egiten dituzten ontzietan, ubarroiak arrantzan ikus ditzaten eta ubarroia lepondoan jarri eta argazkien truk ateratzen dute dirua barra-barra, goiz batean 500 euro irabaziz.

«Mongolian natura oso presente dago. Txinan ordea nekezagoa da bilatzea, badira tokiak baina bilatu beharrekoak»


Ezpeletako pertsonaia bat ere ekarri duzu gogora Txinako kronikan!

Aita David, Ezpeletako semea bera, 1860 urtean Txinara joan zen ebanjelizatzeko asmotan. Ez dakit asko ebanjelizatu ote zen, baina naturalista porrokatua zen eta desagertzear zegoen orein bat identifikatu eta hainbat tira-bira diplomatikoren ostean, Europako naturalistek berreskuratu zuten. Hartza panda ere identifikatu zuen, hasiera batean hartz albinoa zela uste bazuten ere.

Ingurugiro garapenerako indizea aipatzen duzu eta Barne Produktu Gordinarekin alderatu. Ekonomia eta ingurugiroren arteko talka. Nork ezagutzen du lehenengo indize hori?

Inork ere ez! Indize hauek justifikatzeko erabiltzen dira eta ez ingurugiro politikak egiteko. NBEk eskatzen dituelako daude baina herrialde gutxik betetzen dituzte eta herritarren ezagutza maila ere oso baxua da. Garrantzitsuena ekonomiaren indizea igotzea da, edozein preziotan.

Bio-alfabetizazio asko falta al zaigu?

Mundu zabalean asko, defizit handia dago. Oparotasunaren esentzia naturan dago. Gizakia naturaren mandalan dago kokatua, ingurugiroa orekatua eta osasuntsua bada, dena oparoagoa izango da gizartean; bizitza kalitatea, lana, osasuna… Gizarteak indize hauen berri balu, presio politiko handiagoa egiteko balioko luke.

Nola liteke «edertasuna pozoitua» egotea?

Txinan, ingurugiro arazo larrienetakoa da zianobakterioena. Ibaietako urak tindatzen ditu bakterio honek, gorriz edo berdez. Estetikoki oso ederra da, baina oso pozoitsua, hortik «edertasun pozoitua». Ura kutsatzen du eta ur hau kontsumitzen duten fauna, flora eta izakientzako mehatxu larria da. Brasilen dokumentatua dago, ur kutsatu hauek edateagatik pertsonen heriotza. Doñanan urtero, hegazti asko hiltzen dira arrazoi honengatik eta Okabango ibaian elefanteen heriotzak identifikatu dira aurten. Kutsatze prozesu naturala da, baina askotan gizakiok sortzen dugun kutsadurak indartu egiten du prozesu hau.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!