«Asko ikasi dut zelai barruan, baina baita zelaitik kanpo ere»

Imanol Garcia Landa 2020ko aza. 19a, 11:59

Hogei urte besterik ez ditu, baina dagoeneko eskarmentua du Nerea Eizagirrek lehen mailan. Futbolean hobetzeaz gain, pertsona bezala ere ikasi duela nabarmendu du.

Debuta hamasei urterekin egin zuen Nerea Eizagirrek (Tolosa, 2000) Realeko lehen taldean. Bosgarren denboraldia du oraingoa, eta azaroaren 8an bete zituen 100 partida Realarekin.

Zer suposatzen du Realarekin 100 partidetara iristea?

Zerbait berezia izan zen. Ez zen egun perfektua izan, partida irabazteko aukera izan genuelako, baina ez genituen hiru puntuak lortu. Baina, pertsonalki, gustura 100 partidetara iristeagatik. Azkenean denbora azkar pasatzen da. Orain dela bost denboraldi hasi nintzen Realean, eta une on asko bizitu ditut, gogorrak ere bai, eta hogei urterekin 100 partida betetzea merituzko gauza bat dela esango nuke.

Hogei urterekin horrelako partida kopurura iristea ez da ohikoa izaten.

Ni oso goiz hasi nintzen. 16 urterekin egin nuen debuta, eta denboraldian zehar beti jokatu izan ditut partida asko. Lehenengo urtean Espainiako selekzioarekin asko egon nintzen kanpoan eta ez nituen partida asko jokatu. Baina, bai, harridura sortu dezake; gainera gaur egun agian zailagoa da 16 urterekin debuta egitea lehen mailan. Nik momentu ona harrapatu nuen, eta uste baino azkarrago pasa dira ehun partidak.

Zer etortzen zaizu burura atzera begiratzean?

Hasiera. Nik argi nuen futbolaria izan nahi nuela. Tolosan egin nituen bi urte, Añorgan beste bi, eta hor egin nuen jauzi hori Realera iristeko. Urte oso batez Realarekin entrenatzen egon nintzen, eta azkenean zure burua hor ikusten duzu. Gero, lehenengo mailan bizitutako une guztiak: nola ume bat zarenean etortzen zaren hona, eta zenbat ikasten duzun. Kirolak pertsona bat hazten du bai pertsonalki eta baita futbolari dagokionez ere. Nik uste dut asko ikasi dudala zelai barruan, baina baita zelaitik kanpo ere. Gaur egun naizena naiz une horiek guztiengatik.

Zertan aldatu zara 100 partida hauetan jokalari moduan?

Gaur egun futbola azkarragoa da, fisikoagoa. Kalitatea izan arren, egun osoagoa izan behar duzu. Ni beti kalitatezko jokalaria izan naiz, eta horretan nabarmendu izan naiz. Defentsaren arloa ez nuen horren landua, eta gaur egun bai fisikoa eta baita defentsa ere landu egin behar dituzu. Egun ez da nahikoa kalitatea izatea jokalari bat lehen mailara iristeko. Eta nik horretan hobetu dut, bai fisikoki eta baita giharrei dagokionez ere. Zure maila handia izateko, gaur egun futbolaria eta atleta izan behar duzu. Erritmoaren aldetik eta fisikoaren aldetik emakumeen futbolak jauzi bat eman du, eta gaur egun horra iristea eta ezaugarri horiek izatea zailagoa da. Jokalari batzuk fisikoki nabarmentzen dira, beste batzuk kalitate gehiago dute, baina denek izan behar dute beste ezaugarritik zerbait. Eta pertsonalki, hasieran agian alaiagoa zara, gauzak beste modu batera hartzen dituzu, ez duzu hainbesteko presioa, eta gauzak gehiago disfrutatzen dituzu. Behin hazten zoazela, gauza gehiago ulertzen dituzu, eta jabetzen zarenean hau ez dela lagunarteko joko bat, hor dago aldaketa. Lehen maila zerbait serioa da, benetan hemen zaude hemen egon nahi duzulako, eta zure buruak ehuneko ehunean egon behar du beti. Nik horretan asko ikasi dut.

Partida jakin bat aukeratu ahalko zenuke bereziena bezala?

Nik uste dut Kopako finala dela partida hori. Horren atzetik lan handia dago; talde gaztea dugu eta uste dut asko eman dezakegula oraindik. Ikusi da aurten ondo gabiltzala, hor aurrean gaude, eta gure ametsa hor aurrean egotea da. Talde gaztea izateak ere azken minutuetan partida joateko arrisku hori du, eskarmentua falta zaigulako oraindik. Taldea asko hazi daiteke, eta Kopan erakutsi genuen lan handia dagoela atzetik. Titulu bat irabaztean, nik uste denok dugula gogoan partida hura.

Ligan laugarren postuan egonik, partida bat gutxiago jokatuta, gustura egotekoa da, ezta?

Gure aurretik Tenerife eta Atletico Madril daude, partida guztiak jokatuta, eta Bartzelona gurekin berdinduta dago, hiru partidu gutxiago jokatuta. Nik uste dut taldea ondo dagoela, eta dinamika honetan jarraitu behar dugu. Hor goian egoteko erregularra izatea da garrantzitsua. Asteburu honetan Bartzelonaren aurka dugu eta ea zerbait lortzeko aukera dugun. Partida bakoitzean hiru puntuak lortzen saiatu behar dugu; errazagoak direnak aurrera ateraz, eta gehiago kostatzen direnak ere ahal ditugunean aurrera ateraz.

Denboraldia hastea garrantzitsua izan da, egoera berezian gauden urte honetan?

Egia da zaila izaten ari dela. Guretzat ere gogorra da, emakumeen futbolak indar handia hartu duelako, eta honek agian mina egingo digu ekonomikoki. Talde askoren egoera ez da erraza. Gure kasuan Reala nahiko ondo dago, eta guretzat luxua da jokatzen egotea egoera dagoen moduan. Gure kasuan eta baita gizonezkoetan ere. Bi ligak aurrera jarraitzea guretzat garrantzitsua da. Egongo da norbait esaten duena egoera honetan futbolean jokatzea ez dela egokiena. Guk neurriak hartzen ditugu, astero PCR probak egiten ditugu, eta denak negatibo ematen ari gara. Ez gara asko erlazionatzen hemendik atera eta gero, eta nik uste dut taldeak gauzak argi izan behar dituela, bizitza soziala egiteko unea ez dela jabetuz. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!