Koronabirusa

Covid-19ak sortutako zailtasunak leuntzeko txoke-plana proposatu du Tolosako EH Bilduk

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko aza. 18a, 18:55

385.000 euroko aurrekontua du, hiru lan ildo nagusitan banatuta: saltoki, ostalari eta autonomoen ekonomia, zaintza eta kontziliazioa, eta pobrezia. "Egoeraren gordintasuna ikusita, ahalik eta azkarren martxan jartzea da helburua", diote.

Covid-19ak sortutako zailtasunak leundu eta egoera gordinari aurre egiteko, txoke-plan berri bat aurkeztu du Tolosako EH Bilduk. 385.000 euroko aurrekontua eta hiru lan ildo nagusi ditu proposamenak: saltoki, ostalari eta autonomoen ekonomia, zaintza eta kontziliazioa, eta pobrezia.

Plana lehenbailehen martxan jartzea da udaleko oposizioko alderdiaren asmoa, batez ere, sektore zaurgarrienen egoera hobetze aldera. «Herritarrak erdigunean jarri eta denontzat bizi kalitate duin bat bermatuko duen proiektua behar dugu. Herritarren ongizatea bermatu behar dugu, eta izan ditzaketen beharrentzat, berehalako erantzunen premia larria dugu», dio Andu Martinez de Rituerto zinegotziak.

EH Bildutik azaltzen dutenez, proposatutako neurri asko jada gauzatu dira beste herri batzuetan. «Udala da herritarrengandik gertuen dagoen administrazioa, eta horregatik luzatzen diogu txoke-plan hau, ezin baita hurrengo urteko aurrekontuen zain gelditu. Neurriak berehala hartzen ez badira, herriko familia askoren egoera okertuko da, eta negozioak itxiko dira, hauek berriro martxan jartzea izugarri kostako delarik. Hori dela eta, erantzuteko garaia da», nabarmentzen dute.

Guztiengana iritsi nahian
Aurrez aipatu moduan, merkatari, ostalari eta autonomoei laguntzea da proposamenaren helburuetako bat. Batetik, enpresa txikiek, autonomoek, elkarteek, merkatariek eta taxistek 5.000 euro arteko kredituak eskatu ahalko dituzte, %0ko interesarekin. Proposamenaren arabera, udalak bere gain hartuko lituzke finantza-gastuak.

Bestetik, zuzeneko aholkularitza eskaintzen die ostalari eta merkatariei, baita saltokiei ere, digitalizaziorako. «Ezinbestekoa da sektoreko langile guztiengana iristea, bakoitzak bizi duen egoeraren berri izan eta aukera berrien nahiz diru-laguntzen kudeaketan laguntzeko. Gainera, laguntzak eskatzeko udal bulegoa sortzea proposatzen dugu, prozedura guztietan erraztasunak emateko».

Horiez gain, urte amaierara begira, eta Gabonak gainean ditugula gogoratuz, «erosketak herriko saltokietan egiteko», erosketa-bonuen kanpaina berria abiatzea proposatzen dute. «Bonu horiek uztargarriak izango dira Eusko Jaurlaritzak abiatutako kanpainakoekin».

Azkenik, ostalariei begirako neurri zehatzak ere proposatzen dituzte. «Batetik, jakiak etxera eramateko eskaera zerbitzua duten taberna eta jatetxeetan Jangou software librea zabalduko genuke. Bestetik, tabernak itxita egon diren eta egongo diren bitartean, ez genituzke terrazen eta hondakinen tasak kobratuko. Gainera, irekitzen direnerako, obra-lizentzia emateko eta jarduera aldatzeko prozesuak azkartzea eta lizentzien iraungipena aldi baterako etetea proposatzen dugu», azaldu du Kristina Pelaezek.

Zaintza eta pobrezia
Zaintzari eta kontziliazioari begira, bi laguntza proposatzen dituzte. Bata, haurren zaintzagatik soldata gabeko baimena eskatu dutenei zuzendutakoa, eta bestea, 12 urtetik beherako haurrak zaintzeko zaintzailea kontratatu behar duten familientzakoa. «Bi kasuetan ere, laguntzaren zenbatekoa eskatzaileen diru sarreren arabera finkatuko litzake», nabarmendu du Ander Figeridok.

Proposamenean jasotzen den azken lan ildoan, pobreziaren aurkako plana nabarmentzen dute. «Zutani elkartearekin elkarlanean, egoera zaurgarrienean dauden familiei azokako elikagai freskoak bideratzea eta sortzen diren bestelako oinarrizko produktuen gabezia estaltzea proposatzen dugu, banaketa zuzenaz zein bonu sozialen bidez», gaineratu du Figeridok.

Txoke-planaren aurrekontua:

  • %0 intereseko mikrokredituak: 50.000 euro.
  • Erosketa-bonuen kanpaina: 100.000 euro.
  • Ostalarien Jangou plataforma sustatzeko komunikazio kanpaina: 15.000 euro.
  • Zaintzagatik autokonfinatzen diren herritarrei laguntza-lerroa: 60.000 euro.
  • Etxeko kontziliazioan laguntzeko plana: 60.000 euro.
  • Pobreziaren aurkako plana: 100.000 euro.
  • Guztira: 385.000 euro.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!