«Ezer konposatu ez badut ere, emaitza ona lortu dudala uste dut»

Tolosaldeko Ataria 2020ko aza. 18a, 19:59

Instrumentu guztiak berak joz eta berak abestuz, bakar-bakarrik osatu ohi ditu abestiak hasi eta buka Inor Navarrok; hamar bertsioz osatutako bere azken lana igo berri du Youtubeko bere kanalera.

Nekro eta Potentor taldeetan ibili ostean, Inor izeneko bakarkako proiektuan ari da lanean Inor Navarro. Bere azken lana igo berri du Youtubeko kanalera: Aversion. Bertsioekin osatu du lana, guztira hamar abestirekin.

Bere aurpegia jendaurrean erakusten ez duen horietakoa da Inor. Izan ere, nahiago du egiten duen lanari garrantzia ematea, pertsonari ematea baino. Horregatik estaltzen du bere burua poltsa batez.

Kasu honetan bertsioekin osatu duzu zure laugarren diskoa.

Bai, abesti guztiak dira bertsioak. Nireak ez ziren abesti bilduma bat ateratzeko gogoa aspalditik nuen. Neure estiloan egin nahi nuen zerbait. Eta diskoak ez direnez saltzen gaur egun, zuzenean Youtuben jarri ditut, horrela, nahi duenak entzun dezake eta seguruenik disko fisikoa atera izan banu baino jende gehiagok entzungo du. Talde handiek ez dute gehiegi saltzen, ba imajina ezazue nik.

Aurreko lanak zuk konposatutako abestiekin osatu al dituzu?

Bai, hori da. Lehen diskoan bertsio bat egin nuen, tira, Argentina iparraldeko abesti herrikoi bat sartu nuen, baina gainerakoak nik sortutako abestiak dira.

Orain konposatzeaz aspertu, nekatu egin al zara?

Lan honetarako zerotik hasi behar nuen, aurrekoetarako eginda nuen guztia erabili nuelako. Pare bat abestiren bertsioak eginda nituen eta jendeak hori entzutea nahi nuen. Beste zortzi kanta egin eta bertsio disko bat ateratzea otu zitzaidan, inoiz egin gabea nintzelako eta erronka modura ere interesgarria iruditu zitzaidan.

Ez duzu aurpegirik bistaratzen zure lanetan eta hortik izena ere: Inor. Baina nor da Inor?

Berez pertsona bat da, baina nahiz eta pertsona bat egon horren atzean, nire lanari garrantzia ematea nahi dut, ez pertsonari. Nire ustez espresio artistikoan garrantzitsua ez da pertsona bera, baizik eta barruan daukana ateratzea.

Horregatik kokatzen zara bigarren planoan?

Baliteke. Edo bestela, azterketa psikologiko bat egingo banu, agian izan daiteke lotsatia naizela eta ez dudala aurpegia eman nahi. Baina kontzienteki pentsatzen dut nik egiten dudan lanari eman nahi diodala garrantzia, ez nire aurpegiari.

Bateria, gitarra, baxua eta ahotsa entzun daitezke zure abestietan. Pertsona bakarra izanda nola egiten duzu lan?

Abestia grabatzen hasterako buruan guztia nahiko egituratua izaten dut. Normalean lehenengo bateria grabatzen dut, eta gainetik gitarrak. Eta ondoren, entzun egiten dut ea buruan nuen hori edo nahi nuen hori ote den. Gutxika egiten dut, forma ematen joaten naiz pixkana.

Abestietan entzuten diren instrumentu guztiak zuk jotzen dituzu beraz.

Adibidez disko honetan Kommandat Nikolai kolaboratzaileak bi abestitan gitarrak grabatu ditu. Nik, aurrez, Nekro eta Potentor taldeetan jotzen nuen eta talde horietan gitarra eta baxua izandakoa da kolaboratzaile hau. Artisten munduan ez da asko baloratzen egiten den lana. Nire esku egon izan balitz baxu bat, bateria jole bat kontratatuko nuke, baina ezin badiot ordaindu norbaiti nire abestietan jotzeagatik ba nik grabatzen dut eta listo. Nolabait esateko, ni naiz bururatzen zaidan musikaririk merkeena.

Estudioa etxean bertan daukazu?

Bateria akustikoa jotzen dut eta hori lokalean jo eta grabatzen dut, eta baita ahotsa ere. Baina gainontzeko instrumentuak etxean grabatzen ditut. Eta gero edizio lanak ere neronek egiten ditut. Ideia handiegirik ez dut, baina tira. Agian soinu teknikariren bat etorriko balitzait, akatsak aterako lizkidake, baina ezagutzen dudan soinu teknikaririk merkeena ere banaiz. Ikasten ere ari naiz, beraz, lan batetik bestera hobetzen ere banoala ikusten dut, daukadanarekin, baina geroz eta soinu hobea duten lanak egiten ari naiz. Eta alde horretatik nahiko pozik nago azken lan honekin, ezer konposatu ez badut ere, soinuan gehiago zentratu naiz eta emaitza ona lortu dudala usten dut.

Zein musika bildu duzu disko berrirako?

Arrazoi batengatik edo besteagatik nire bizitzan garrantzia izan duten abestiak sartu ditut. Bere garaian inpaktu bat eduki zuten nigan abesti horiek, eta gehienak artisten diskoetako lehen kantak direla uste dut.

Estilo ezberdinak aurki daitezke. Puntu hori ere bilatu nahi zenuen?

Egia esan ez. Orokorrean nahiko abesti ilunak dira, eta testuinguru bat baduela pentsatzen dut. Abesti originalen kopiak ez nituen egin nahi, nire aldera moldatu nahi nituen, beraz, zerbait desberdina atera zait, eta abesti batetik bestera salto handia egon arren, testuinguru horretan zentzua duela uste dut.

Abesti originalak asko aldatu dituzu?

Batzuk bai eta beste batzuk ez. Adibidez, Dut taldearen Inkisidoreen dantza iluna abestia nahiko antzekoa utzi dut, baina esaterako Anestesia taldearen Begi bat kantuari reggae estiloa eman diot, eta agian Anestesiaren jarraitzaile sutsuenek akabatu egin nahiko naute hori entzun eta gero. Baina nik abesti hori entzuten nuenean iruditzen zitzaidan reggae kutsu bat bazuela, eta hori atera nahi nion abestiari.

Hiru hizkuntzatan entzun zaitzakegu disko honetan.

Aurreko disko guztietan nireak diren abesti guztiak euskaraz egin izan ditut, era naturalean ateratzen zaidana da. Baina oraingoan, bertsioak izanda animatu egin naiz. Ingelesez aurrez ere egin izan ditut bertsioak baina oraindik ez nuen inoiz kanta bat gaztelaniaz egin eta probatu nahi nuen. Ingelesez behintzat azentuarekin izaten dut arazo gehien, baina kasu honetan abesti originalaren azentua erabiltzen saiatu naiz.

Abesti eta lan guzti horiek Youtubeko kanalera igotzen dituzu. Eta ez dituzu lan gutxi.

Urte batzuk badaramatzat gauzak igotzen. Egiten dudana zintzilikatu egiten dut, eta jendeak ikusten badu ederki, eta bestela ere bai. Azken batean ni gustura geratzen naiz egiten dudanarekin.

Aurrez aurreko kontzertuak egitera ez zara animatzen?

Konfinamendua ezarri aurretik buruan ibili genuen Kommandat Nikolairekin batera, zerbait akustikoa egiteko. Gogoz geunden, baina egoera honek berriro geratu egin ditu asmoak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!