Familia Bitartekaritza zerbitzua martxan da Tolosan

Tolosaldeko Ataria 2020ko aza. 18a, 13:03

Aste honetatik aurrera Familia Bitartekaritza zerbitzua eskaintzen hasiko dira. Musika eskolan dago gunea, Familia Elkargunearekin partekatuz, eta doako zerbitzua emango du astelehenero.

Tolosako musika eskolan kokatu duten Familia Bitartekaritza gune berria familiei arreta ematera bideratuko da. Hain justu, familia gatazkei zuzendutako zerbitzua da, eta espazio neutral bat eskaintzen du, bitartekaritzaren bitartez edozein gatazkaren aurrean elkarrizketa berreskuratzeko. Helburua gatazkak judizializatu aurretik kudeatu ahal izatea da.

Eusko Jaurlaritzaren Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak eskainitako borondatezko eta doako zerbitzua da, eta bertara jotzeko arrazoiak ondorengoak izan daitezke: bikoteak apurtu izana (ezkontideak edo izatezko bikoteak), gurasoen eta haien seme-alaben arteko gatazkak, familia biologikoaren eta harrerako familiaren artekoak, familien barruan herentziagatik sortu daitezkeenak edota familia negozioen ondoriozkoak.

Tolosan martxan jarri duten Familia Bitartekaritza zerbitzua Donostian, Gasteizen eta Bilbon daudenei batzen zaie. Tolosakoari dagokionez, astelehenero eskainiko du zerbitzua, eta bertara jotzeko hitzordua eskatu beharko da, 943 57 62 08 zenbakira deituz. Tolosaldeko nahiz eskualdeko alboko herrietako familiei emango die arreta zerbitzuak.

Beatriz Artolazabal Berdintasun sailburuak gune berrira eginiko bisitan esan du "pauso garrantzitsua" eman dela zerbitzua indartuz: "Bitartekaritzaren bitartez familia gatazkak elkarrizketaren bidetik kudeatzeko aukera ematen du, epaitegietara jo gabe, eta hori oso garrantzitsua da". Pasa den urtean 773 pertsona artatu zituzten Gipuzkoan.

Olatz Peon Tolosako alkateak, bestalde, eskerrak eman dio Berdintasun sailari, zerbitzua Tolosan kokatu izanagatik. "Zerbitzuak herritarrengandik hurbil kokatzea oso garrantzitsua da, are gehiago egungo egoeran", esan du. Era berean, duela bi urte martxan jarri zen Familia Elkargunearen zerbitzua osatuko duela ere gogoratu du.

Familia Elkargunea Justizia sailaren menpekoa da, eta epai bat dagoenean bi aldeak elkartzeko gune moduan erabiltzen da. Familia Bitartekaritza Zerbitzuaren bitartez, berriz, epaitegiak ekiditea da helburua, horretarako elkarrizketaren bidea bultzatuz.

Zerbitzuaren sustatzaileek jakinarazi dute egungo egoeran ere aurrez aurreko jarduerari eutsi diotela, eta horretarako, "osasun segurtasunerako neurri zorrotzak" hartu dituztela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!