«Oso sentsazio onak» izan ditu Eukene Larrartek Europako Txapelketan

Imanol Garcia Landa 2020ko aza. 18a, 19:58

Eukene Larrarte eta Tania Calvo, madison proban, Europako Txapelketan. UEC CYCLING

Eukene Larrartek hiru probatan parte hartu du eta, besteak beste, omniumean «pauso handia» eman duela uste du.

Eukene Larrarte txirrindularia elite mailako pistako Europako Txapelketan izan berri da, eta oso gustura itzuli da bertan bizitakoarekin. «Orokorrean pozik itzultzen naiz. Oso sentsazio onak izan ditut. Prestazio fisikoari begira, uste dut nire maila gorenera iritsi naizela. Oso pozik nago, zaila izan delako egoera: batetik, azaroa erdialdean, berandu izanik, topera iristea; bestetik, koronabirusaren pandemia dela eta gogorra izan da mantentzea, eta gero protokolo zorrotzak izan ditugu bertan».

Hiru probatan parte hartu zuen, eta lehenengoa taldekako jazarpen proba izan zen. «Ez genuen inongo helburu zehatzik, eta nik nire buruarekiko ere ez. Azken batean, astebete aurretik ezarri zitzaigun proba bat izan zelako. Asko behar duen proba bat da eta ez zen nire helburu nagusia, eta ahalik eta ondoen egiten saiatu ginen». Larrartez gain, Tania Calvok, Ziortza Isasik eta Laura Rodriguezek parte hartu zuten Espainiako selekzioa ordezkatuz. «Abiaduraz ezin genuen azkarrago joan, eta teknikoki ikasi genuen guztia aplikatzen saiatu ginen. Nik uste dut lortu genuela». Pozik dago tolosarra egin zuten lanarekin. Lau selekziok parte hartu zuten eta laugarren geratu ziren, brontzezko domina lortzetik oso gertu. Probako Espainiako errekorra hobetzea lortu zuten bi aldiz, eta azkenean 4.37,341ko denborarekin utzi zuten. «Entrenatzen eta lehiatzen jarraitzeko aukera badugu, denbora hori hobetzekotan gaude», zehaztu du Larrartek.

Omnium proba izan zen hurrengoa, lau lasterketaz osatzen dena. Scratchean bederatzigarren egin zuen eta gero tempo race lasterketan hamaikagarren egin zuen. Kanporaketan lortu zuen bere emaitza onena, bosgarren eginez, eta puntuazioan lortutako puntuarekin sailkapen orokorrean bederatzigarren amaitu zuen, 77 punturekin. «Omnium guztian zehar inoizko sentsazio onenak izan nituen. Batzuetan emaitzak eta sentsazioak ez dira bat etortzen, baina dena ez da ere zertan emaitzetara mugatu behar», azaldu du Larrartek. «Lehenengo bi probetan postuak ez ziren agian horren onak izan. Akatsak ikusten jakin nuen eta hurrengo bi probetan emaitza hobea lortu nuen, eta nahiz eta omnium erregular bat ez atera, nabaritu dut proba honetan eman dudan pauso handia, eta aurrerantzean jarraitzeko gogoz nago».

MADISONEAN, ZAZPIGARREN

Hirugarren proba madisona izan zen, Tania Calvo Gipuzkoa Ogi Berriko taldekidearekin batera. Zazpigarren amaitu zuen bikoteak. Larrartek azaldu duenez, «itzulirik galdu gabe tropelean amaitzea lortu genuen. Nahi izango genukeen punturen bat gehiago hartzea, baina ezin izan genuen. Ez genuen egunik onena izan, baina emaitza handirik lortzeko asmorik gabe joan ginen, hain justu, bikote berria garelako». Tania Calvo abiadurazko probetan aritzen zen orain hilabete gutxi arte, eta iraupenezko probetan oraindik berria da. «Bikote bezala badakit etorkizun oparoa dugula, eta Espainiako selekzioan madisonean Europako Txapelketa batean lortu den emaitzarik onena lortu genuen. Aurrerapauso handia eman dugula erakutsi dugu eta horregatik pozik gaude», zehaztu du tolosarrak.

Aurrera begira atseden pixka bat hartuko du tolosarrak: «Hasieran bizikleta ukitu gabe egongo naiz. Gero pixkana gustatzen zaizkidan beste kirol batzuk ere egingo ditut, adibidez, mendira joatea. Ondoren berriro martxan jartzeko garaia iritsiko da. Ez dakit noiz hasiko garen, baina gogotsu nago beste denboraldi bat prestatzeko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!