Tolosaldeko Asanblada Feministatik, Tolosakora

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko aza. 18a, 07:58

Eskualdeko herri batzuetan talde feminista ugari sortu dituztela jakitun, Tolosaldeko Asanblada Feminista, Tolosako Asanblada Feminista izatera igaroko da aurrerantzean

Lau urte inguru dira Tolosaldeko Asanblada Feminista sortu zela. Orduan, taldeko kideek, «oso beharrezkoa» ikusten zuten eskualde mailako emakume feministak elkartuko ziren gune eta antolakunde bat izatea. «Urte hartan sortu zen lehen greba feminista, eta garai hartan hasi ginen, halaber, Tolosaldeko Emakumeen Etxearen eskariari forma ematen. Hasiera-hasieratik oso beharrezkoa ikusi dugu eskualde mailakoa izatea, kokapena Tolosan izan arren», diote asanbladako kideek.

Azken urte hauetan, eskualdean gauzak asko aldatu direla azaldu dute. Izan ere, talde feminista ugari sortu dira eskualdeko zenbait herritan, besteak beste, Villabonan, Ibarran, Anoetan edota Altzon. «Horrek, gure taldearen izena birpentsatzera eraman gaitu. Tolosaldeko Asanblada Feminista eskualdeko emakume feminista askoren topagune eta erreferente izan da urte hauetan, eta oso pozgarria da hori. Arrazoi ezberdinak tarteko, ordea, herrietako antolakuntzak nagusitu dira, eta beharrezkoa ikusi dugu Tolosak ere bere taldea izatea. Ondorioz, eta gure ekintzen eremu nagusia Tolosa bera dela kontuan izanik, bertako asanblada izatera igaroko gara». Hala ere, ez dizkiete inori ateak itxi nahi. «Orain arte bezala, Tolosaz kanpoko emakume orok ere lekua du gurean».

Aurrerantzean, beraz, herrietako asanblada feministen ordezkaritzarekin osatuko da Tolosaldeko Asanblada Feminista; dagoeneko horrela ari dira lanean. «Zalantzarik gabe, bertako partaide izango gara gu ere», diote Tolosako Asanblada Feministatik. «Eskualde mailan ereindako hazia eta saretzen ari den ehun feminista elikatzen jarraituko dugu. Oraindik oso presente dugu Martxoaren 8an eskualdeko talde feminista ezberdinen artean Anoetan antolatu eta igaro genuen egun ederra. Oraingoan ere, indarkeria matxistaren aurkako borrokak batuko gaitu azaroaren 25ean. Feministok ez gaudelako geldirik, eta saretzen eta gure ahotsa ozen entzunarazten jarraituko dugulako», aldarrikatzen dute

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!