BIDEOA

Arin-arin doinuak, Khami taldearen eskutik

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko aza. 14a, 10:55

Mugen dantza disko berriko Villa Lola fandangoaren eta Choriñarin arin-arinaren bideoklipak argitaratu ditu Khami taldeak; taldeko sortzaileetako bat da Iraide Ansorena perkusio-jotzaile tolosarra.

2014an sortu zuten Khami taldea Iraide Ansorenak eta Carlos Sagik, garrantzi eta maila handiko artista euskaldunen topagune gisa. Besteak beste, Iñaki Salvador, Garikoitz Mendizabal, Luis Gimenez, Carlos Sagi, Kike Arza, Iraide Ansorena eta Gari Otamedi nabarmendu behar dira. "Euskal kultura herrikoiaren aztarna berezko eta sustraituenen bilaketa lana egiten du proiektu honek, euskal folkloreak munduko beste zenbait folklorerekin dituen parekotasunak aurkituz", diote.
 
Ikuskizunetik ikuskizunera, artista askoren topaleku den taldea, Euskal Herrian tradizio musikal desberdinen bidegurutze bilakatu da. 2015ean argitaratu zuten lehen lana: Bazzque World Sounds. "Txistuarentzat garrantzi handiko lana da, txistua inoiz egon ez den erregistro musikal berri batetan kokatu baitu proiektu honek, instrumentu honen musikarako aukerak erabat berrituz".
 
Ibilbide luzeko musikari hauek, gainera, nazioarteko artista eta entitate entzutetsu askorekin egin dute lan: Perico Sambeat, Carlos Nuñez, Michel Camilo, Jorge Pardo, Mikel Laboa, Kepa Junkera, Aaron Goldberg, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, Galiziako Orkestra Sinfonikoa edota San Petersburgoko Orkestra.
 
Oraingoan, Mecca Recording Studio estudioan grabatu eta ekoiztutako Mugen Dantza diskoko bi kanturen bideoklipak aurkeztu dituzte. Bideografik estudioa izan da Eibarko Teatro Coliseo antzokian grabatutako bideoen egilea. Gari Otamendi Arrieta eta Itziar Otamendi Arrieta dira dantzariak. Musikariak, berriz, Iraide Ansorena, Iñaki Salvador, Garikoitz Mendizabal Etxeberria, Carlos Sagi Diaz eta Ander Garcia.
 
Erlazionatuak

Fandango doinuak, Khami taldearen eskutik

Josu Artutxa Dorronsoro 2020 aza 14 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!