Argazki galeria

Banatu dituzte aurtengo Urrezko Kalabazak

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko aza. 14a, 18:58

Carles Garcia eta Iñaki Carretero narratzaileek eta Ahotsak.eus proiektuak jaso dituzte sariak. Aurten sortutako Arabazan taldeari aipamen berezia egin diote, kalabaza haziak oparitzearekin batera.

Intujai Teatrok antolatuta, Ahoz aho 2020 jaialdiaren barruan, V. Euskal Narratzaileen Topaketa egin dute, goizean, Amarozko auzo etxean. Hasteko, Beste pertzepzioak hitzaldia eskaini dute Peio Mintegia itsuak, Asperger sindromea duen Mikel Sagarzazuk eta Iñaki Carretero dislexikoak. Ondoren, Carles Garcia narratzaile balentziarrak, umorez jositako bakarrizketa eskaini du. Ipuin ugari kontatu ditu, bata bestearen atzetik, ikus-entzuleen gozamenerako. Barre algara ugari eragin ditu egun Errioxan bizi den artistak.

Behin hitzaldia amaituta, sari banaketaren txanda izan da. Hain justu, Garciak berak jaso du Urrezko Kalabazetako bat. "Euskal Herritik kanpo, artista euskaldun gehien lotu dituen programatzailea da, maisu handi bat", nabarmendu du May Gorostiaga Intujai teatroko kideak. Garciak eskerrak eman dizkie antolatzaileei, "horrelako jaialdi bat aurrera eramateagatik, eta animoak narratzaileentzat, egoerak laguntzen ez badu ere, lanean jarraitzea besterik ez zaigu geratzen".

Aurretik, baina, aipamen berezi bat egin nahi izan dute antolatzaileek. Sari berezi bat eman die Itziar Rekalde narratzaileari, aurten sortutako Arabazan taldearen ordezkari modura. "Sortu berri duzuen proiektu hau loratzeko oparia da", adierazi dio Gorostiagak. "Emozioz gainezka nago. Seguru nago oihartzuna izango dugula. Ea denon artean elkartzen garen, eta behingoz indarrak batzen ditugun. Jarraitu narrazioa belaunaldiz belaunaldi lantzen, eta eman diezaiegun lekukotasuna ahots berriei", adierazi du Rekaldek.

Hirugarren eta azken Urrezko Kalabaza, berriz, Ahotsak.eus roiektuarentzat izan da. Jakina zen lehendik; gaur, ordea, bertako ordezkariek ezin izan dute Tolosara gerturatu, eta haien izenean, Joxe Mari Karrerek jaso du saria. "Euskal Herriko historiaren ikuspegi ezberdinak jasotzen egindako lana eskertu nahi diegu. Mapa linguistiko erraldoi bat osatu dute, euskalki ezberdinetan egindako elkarrizketei esker. Altxor eder eta interesgarri bat da, lan zoragarri baten fruitua", azaldu du Karrerek.

Azken Urrezko Kalabaza, berriz, Iñaki Carretero artista arabarrak jaso du. "Oso gaztea den arren, ibilbide luze eta oparoa darama narrazio munduan, haurra zela hasi zelako. Orain arte egin duen lana eskertu nahi dugu, aurrerantzean ere, berdin jarrai dezan", adierazi du Gorostiagak. "Bi urte dira idazteari utzi niola, baina gaur jasotako sariak berriro sortzera bultzatuko nau", aitortu du Carreterok saria eskuetan zuela; eskerrak emanez amaitu du hitzaldia.

Sari guztiak banatu ondoren, keinu zoragarri bat izan du Itziar Rekaldek Iñaki Carreterorekin. Antolatzaileek berari oparitutako haziak eman dizkio. "Zure lan berriak loratu daitezen nahi dut".

Amaitzeko, Gorostiagak eskerrak eman dizkie narratzaile guztiei, "oro har eta aurten bereziki, han eta hemen, sare sozialen bitartez lan handia egiten aritu zaretelako, aritu garelako. Ordu ugari sartu ditugu, indar eta energia handia erabili dugu sortzen, eta hori, guztiok dakigu. Beldur handia dugu, batez ere, datorren urtera begira. Hemendik eta abendura bitarte, aurrekontuak ixten joango dira udalak, eta ez dakigu zer gertatuko den datorren urtean. Jakitun gara laguntza gutxi jasotzen dituen esparrua dela gurea, baina jarraitu tinko lanean, hemen gaudela esanez, nahi duguna lortzea posible delako".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!