Espainiako errekor berria ezarri du Eukene Larrartek

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko azaroaren 14a

Elite mailako Europako Pista Txapelketan ari da parte hartzen txirrindulari tolosarra Hungariako Plovdiv hirian. Ostegunean, Espainiako inoizko denborarik onena lortu zuten taldekako jazarpen probako lasterketan (4'37''341), aurretik ezarrita zegoen errekorra ia bi segundotan hobetuz (4'39''183).

Asteazkenean ekin zion, Larrartek, Europako Txapelketari, eta nola gainera: errekor berri bat ezarriz. Laura Rodrigezek, Tania Calvok, Ziortza Isasik eta Larrartek berak osatutako laukoteak, 4’38”682ko denbora lortu zuten, taldekako jazarpen probako sailkatze lasterketan. Ia segundo erdian hobetu zuten, 2015ean, Irene Usabiagak, Mar Bonninek, Leire Olaberriak eta Gloria Rodrigezek osatutako taldeak lortutako marka: 4’39“183”. Munduko erreferentzia nagusietatik urrun egon arren, emaitza bikaina lortu zuten Larrartek eta taldekideek.

Lan on horrek, sari bat izan zuen: osteguneko lasterketan, brontzezko domina lortzeko lehian aritzeko aukera izan zuten. gauzak, ordea, ez ziren nahi bezala atera, eta laugarren postuarekin konformatu behar izan zuten. Talde indartsua bat zuten aurrean: Ukrainia. Hala eta guztiz ere, proba horretan egindako esfortzuak beste sari bat izan zuen: Espainiako errekor berri bat. Ondorioz, bi egunetan bi aldiz hobetu zuten aurretik ezarritako marka onena. Kasu honetan, segundo batean hobetu zuten bezperan egindako denbora: 4'37''341.

Omnium proban, bederatzigarren

Larrarte bera izan zen emakumezkoen omnium proban Espainia ordezkatzeko aukeratutako txirrindularia, atzo. Tolosarrak ondo ekin zion probari, scratchean bederatzigarren sailkatuz. Gero, ordea, ez zuen punturik eskuratzea lortu tempo race proban, hamaikagarren postuan amaituz. Arratsaldean, berriz, bere bertsiorik onena erakutsi zuen kanporaketako lasterketan, bostgarren amaituz. Amaitzeko, puntuazio proban puntu bat eskuratu zuen. Gauzak horrela, bederatzigarren amaitu zuen omnium probako sailkapen nagusian, 77 punturekin.

Bihar amaituko da Europako Txapelketa, eta tolosarrari oraindik proba bat geratzen zaio: madisonean ariko da Tania Calvo Gipuzkoa Ogiberriko taldekidearekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!