2021eko aurrekontu proposamena aurkeztu du Tolosako udal gobernuak

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko aza. 13a, 14:59

Datorren urtean, 27.006.090 euroko aurrekontua izango du Tolosak, iaz baino %1,35 gutxiago, zehazki 369.105 euro gutxiago. Inbertsio soziala ia %9 igoko da eta hiru ardatz nagusi ditu.

Olatz Peon alkateak eta Begoña Tolosa Ogasun zinegotziak aurkeztu dute, eguerdian, datorren urteko aurrekontu proiektuaren proposamena. "Larrialdi egoera batean gaude, eta beraz, salbuespenezko aurrekontu proposamena landu dugu, egungo egoerara egokitutakoa, egungo beharrei aurre egin eta erantzuteko helburuarekin” esan du alkateak.

Orain artean, "herritarrengandik gertu" eta "eragile eta sektore ezberdinekin harremanetan" egon direla adierazi dute. “Orain inoiz baino gehiago guztion artean Tolosatzen prozesuan kezkak eta beharrak jaso ditugu, eta guztien egoera ere gertutik ezagutu eta jarraitzeko aukera izan dugu” azpimarratu du alkateak. 

Hiru ardatz nagusi ditu gaur aurkeztutako behin-behineko proiektuak: herritarren babes soziala eta ongizatea bermatzea, hiri ekonomia suspertzea eta herri nortasunari eustea, kultura babestuz eta komunitatea sendotuz. "Baina lehentasun horietatik haratago ere, diru laguntza guztiak eta inbertsio publikoa mantentzearen aldeko apustua egin dugu, tokiko talde eta eragileen jarduna babesteko eta jarduera ekonomikoa sustatzeko”, gehitu du Peonek.

Alkatearen hitzetan, beste behin ere, egungo testuinguruaren ondorioz, zaurgarritasun egoeran dauden edota behar bereziak dituzten herritar eta sektoreei laguntza eta babesa ematen jarraitzea izango da proiektu honen helburua. "Herriarentzat estrategikoak diren proiektuei eutsi nahi diegu, beraiekin elkarlanean, herriaren garapen sozial, ekonomikoa eta jasangarria sustatzen jarraitzeko".

Igoera nabarmena inbertsio sozialean

Datorren urtean, 27.006.090 euroko aurrekontua izango du Tolosak, iaz baino %1,35 gutxiago, zehazki 369.105 euro gutxiago. Aurrekontu osotik, 2.902.691 euro bideratuko dira Gizarte Zerbitzuen alorrera. Aurtengo aurrekontuarekin alderatuta, inbertsio soziala ia %9 areagotuko da datorren urtean.

Honako alor hauek sendotuko dira:

  • Gizarte-larrialdietarako diru laguntzak: 82.250 euro gehiago.
  • Familientzako diru laguntzak: 70.000 euro gehiago.
  • Familia esku-hartzerako programak: 40.000 euro gehiago. 
  • Alokairu ordainketa errazteko diru-laguntza lerro berria: 40.000 euro.

Bestetik, datorren urtera begira, hiri ekonomiak eta enplegu sustapenak ere lehentasuna izango dute udal gobernuaren proiektuan. "Horretarako, orain artean martxan jarritako lan lerroak mantendu eta hainbat indartuko ditugu, eta Hiri Ekonomia Mahaiarekin elkarlanean jarraituko dugu, neurriak eta egitasmoak elkarrekin lantzeko eta adosteko". 

Langabezian dauden herritarrei aukera berriak eskaintzeko, Eusko Jaurlaritzaren Gazte Planaren baitan, 2 pertsona kontratatuko ditu udalak; eskualdeko enplegu planaren baitan ere beste 2 kontratatuko ditu. Tolosaldea Garatzenekin elkarlanean, gainera, langabezian dauden herritarrentzako formazioa eskaini eta enplegu azoka antolatuko da. Enpresei zuzendutako ohiko diru laguntzak ere mantenduko dira.

Merkataritza eta ostalaritza sektoreak indarberritzen jarraitzeko, berriz, ondorengo ekimenak proposatu ditu udal gobernuak:

  • Merkataritza eta ostalaritza bonu berriak: 120.000 euro.
  • Tolosa&Co elkartearekin hitzarmena areagotzea: 10.000 euro gehiago. Guztira, 40.000 euro.
  • Merkataritza lokalak birgaitu eta alokairuan laguntzeko programa: 70.000 euro.
  • Merkataritza biziberritzeko Berriz progama, saltokien eskualdaketarako: 35.700 euro.
  • Larunbateroko azoka indartzen jarraitzeko eta azokaren inguruko komunikazioa indartzeko, Azoka Lagunak egitasmoaren baitan: 30.000 euro gehiago. Guztira, 50.000 euro.

Kulturaren sustapenerako, kultur programaziorako aurrekontu osoa mantentzearen alde egin du gobernuak, baita kultur eragileei ematen zaizkien diru laguntzak mantentzearen alde ere, "kulturalki herria bizirik mantentzeko, kultur jarduera babesten jarraitzeko".

Proiektu estrategikoekin ere, aurrera

Oraingoz, lan kronogramak egokitu behar izan ditu udal gobernuak, baina adierazi dutenez, 2019-2023 Legealdi Planean jasotako proiektuen baitan, urratsak ematen jarraitzea da helburua. Horrela, 2020rako aurreikusiak zeuden hainbat obra gauzatuko dira hurrengo urtean, eta aurrerapausoak emango dira estrategikoak diren hainbat proiektutan: Zumardi Txikia, Kultur Etxeko proiektua, Emakumeen Etxearen obra eta Gorriti plazaren berroneratzea, besteak beste. "Herritarrentzat espazioak berreskuratzen jarraitu nahi dugu Tolosa herri atseginagoa eta jasangarriagoa bilakatzeko".

Ildo horretatik ere, trantsizio energetikoaren eta mugikortasunaren alorretan urratsak egiten jarraitzeko asmoa adierazi du udal gobernuak. Besteak beste, Hiribus elektrikoa ezartzea, eguzki plaka berriak kokatzea, herrian Led argiteria zabaltzea, oinezkoek lehentasun handiagoa izan dezaten elkarbizitzarako guneak sortzea eta bizikleten erabilera sustatzeko aparkaleku berriak jartzea proposatzen dute.

Alokairuaren sustapena ere, lan lerro garrantzitsua izango da hurrengo urtean.

  • Alokairuaren ordainketan laguntzeko diru-laguntza lerro berria: 40.000 euro.
  • Etxebizitza hutsak alokairuan jar daitezen, Etxebideko programak indartu eta irisgarritasun obretarako eta etxebizitzak birgaitzeko laguntzak: 130.000 euro.
  • Jasangarritasun energetikorako laguntzak: 40.000 euro. 

Amaitzeko, parekidetasunak eta komunitatearen sendotzeak zeharkako lerro izaten jarraituko dute 2021ean. Horretarako, Emakumeen Etxearen lehen fasearekin batera, Genero Indarkeriaren aurkako II. Protokoloa garatuko da eta Tolosatzen Eskola Irekiari jarraipena emango zaio.

Behar berriei aurre egiteko konpromisoa

Beharrak areagotuko balira, orain arte bezala, "diru-laguntza lerroak handitzeko konpromisoa" azaldu du udal gobernuak. Horrez gain, 2020an egin moduan, behar berriak sortu ahala, larrialdi egoerari aurre egiten jarraitzeko soberakina erabiliko dutela jakinarazi dute. "Beste aukera batzuk ere mahai gainean jar daitezke, zorpetzea, esaterako. Edozein kasutan, udal baliabideak herritarren eskura jarri eta une oro herritarren beharrei erantzuten jarraitzeko konpromiso osoa dugu", baieztatu dute.

Oposizioak 14 egun proposamenak egiteko

Udal gobernuak atzo aurkeztu zion oposizioari gaur prentsaurrekoan azaldutako proposamena. Oposizioak 14 egun ditu aurrekontu proiektua aztertu eta ekarpenak egiteko; ondoren, horien bideragarritasuna aztertuko da. Izan ere, 2021eko behin betiko aurrekontu proiektua hilaren 26ko osoko bilkuran onartzea da asmoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!