Herriko historia zaindu nahian

Tolosaldeko Ataria 2020ko aza. 13a, 19:59

Tolosako Andia Dorrea herriko lehen eraikina dela diote; aldamenean zegoen eraikina eraitsi zuten uztailean, eta hainbat herritarrek eskatu dute agerian geratu zen fatxada aztertzeko. Alboko etxebizitza eraikitzen hasiak dira dagoeneko, ordea.

Tolosako Kale Nagusian etxebizitza bat eraitsi zuten uztailean, berri bat egiteko asmoz. Andia dorrea du ondoan botatako etxeak. Dorre hori Tolosako lehen eraikina izan daitekeela kontuan hartuta, herritar talde batek zaintzeko eskatu du. Hala ere, dagoeneko hasiak dira etxebizitza berria eraikitzen. Jesus Mari Agirre herritarrak salatu duenez, "korrika ari dira eraikitzen, guri inolako kasurik egin gabe".

Kale Nagusiko 17. zenbakian kokatuta dagoen eraikina da Andia dorrea. Zenbait historialari eta idazleren iritziz, Tolosan altxatu zen lehendabiziko eraikina da, X. mendekoa. Oraindik teilatupean dituen bost gargola eta hego fatxadan duen armarria mantentzen ditu. Herritar batzuek kezka eta interesa adierazi dute. Dorre historikoa baloratzea eta zaintzea nahi dute, eta horretarako udalari proposamen bat egin zioten, EH Bilduko zinegotzien bitartez. Herritar horien artean da Agirre. "Ahal dela, ipar fatxada agerian uztea nahi genuen, edo, behintzat, teknikari talde batek aztertzea", azaldu du.

Ander Figuerido EH Bilduko zinegotziak esan du beraiek erregistro elektroniko bidez egindako eskaria Gipuzkoako Foru Aldundira bideratu duela Tolosako Udalak, baina ez beraiek eskatzen dutena eskatuz: "Gargolak eta armarriak aztertzeko soilik eskatu dute, eta guk ipar fatxada ere aztertzea nahi genuen". Egoera ikusita, sentsibilitaterik ez daukatela uste du Jesus Mari Agirrek. Dagoeneko etxebizitza berriaren lehen hiru solairuak eraiki dituztela dio. "Hala ere, oraindik badago denbora, gutxienez adituek azterketa bat egin dezaten, eta ea zer azaltzen den".

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!