Koronabirusa

Nazioarteko ikerketa batean parte hartu du Asuncion klinikak

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko aza. 12a, 18:59

Pandemiak kolezistitis akutuaren tratamenduan izan duen eragina aztertzen duen Cholecovid proiektuaren parte da; 40 herrialdeetako 230 ospitale eta 9.000 gaixo biltzen ditu.

Manchesterreko Unibertsitateko talde batek Cholecovid proiektua jarri du martxan. Guztira, 40 herrialdeko 238 ospitalek eta 9.150 gaixok parte hartzen dute; tartean, Asuncion Klinikako kirurgia orokorreko zerbitzuak, Gurutzetako Ospitaleak zuzentzen duen talde baten barruan. Gurutzetakoaz gain, Bizkaiko Urduliz ospitaleak ere hartzen du parte. Asuncion da, ordea, Gipuzkoako zentro bakarra. «Euskadiko Sendagaien bidezko Ikerketarako Etika Batzordeak (CEIM-E) egiaztatu duenez, proiektuarekin bat egin duten euskal zentroetarako erreferentziazko ospitalea da», aipatzen dute Asuncion klinikatik.

Kirurgia Orokorreko larrialdi-zerbitzuetan gehien ikusten den patologietako bat da kolezistitis akutu litiasikoa. «Pandemiaren lehen boladarekin, eta Espainiako Kirurgialarien Elkartearen, Kirurgialarien Ikastetxe Amerikarraren eta Ingalaterrako Kirurgialarien Errege Elkargoaren gidak jarraituz, gure jarduera kirurgikoaren zatirik handiena geldiarazteko erabakia hartu zen, eta oro har, larrialdi gehienetarako tratamendu kontserbatzailea aukeratu zen», azaldu du Javier Roldan Asuncion klinikako kirurgialariak.

Bizi dugun pandemia honetan, aipatutako erabaki horiek gaixoengan duten eragina ikustea eta ohiko lan egiteko moduarekin alderatzea da Cholecovid proiektuaren helburua. «Pazienteari ebakuntza egin edo antibiotikoekin tratatzea erabakitzeak ondorio handiak ditu. Ebakuntzarik egin ezean, egonaldi luzeagoa izango du ziurrenik, eta beraz, ospitale-giroan egongo da, kostu ekonomikoa handitu gabe. Ebakuntza eginez gero, litekeena da alta lehenago jasotzea eta bere eguneroko jarduerara lehenago itzultzea», dio.

Bertako 17 paziente

Bi paziente-talde handirekin egiten dute lan Cholecovid proiektuan. Lehenengoan, martxoaren 12aren (OMEk pandemia gisa ezarri zuen lehen eguna) eta maiatzaren 12aren artean artatu zituzten pazienteak kokatzen dira. Bestalde, iazko iraila eta azaroa bitartean etapa normal batean artatu zituzten pazienteek osatzen dute kontrol taldea. «Bigarren olatu bat dirudien honetan, garrantzitsua da datu objektiboekin egiaztatzea, ea tratamendu kirurgikoaren ordez, tratamendu kontserbatzaile bat lehenestea zuzena izan zen», gaineratzen du Roldanek.

Asuncion klinikatik, aipatutako bi taldeetakoak batuta, 17 pazienterekin egin dute lan. Datu-base partekatu bat dago, «Cholecovid osatzen dugun ospitale guztiek eskuratu dezaketena, eta bertan, gure kasuak igotzen ditugu. Bidaltzeko azken eguna irailaren 12a zen, eta ordutik aurrera, Manchesterreko Unibertsitateko taldeak aztertuko ditu kasuak, dagozkion ondorioak atera ahal izateko», aipatu du Roldan doktoreak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!