V. Euskal Narratzaileen Topaketa, etzi, Amarotz auzoan

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko aza. 12a, 19:59

Urrezko kalabaza sariak banatuko dituzte, baina bertan behera utzi dituzte bazkaria eta musika saioa, neurri berriak direla eta; bertaratzeko, aurrez eman behar da izena.

Etzi ospatuko da, Amarotz auzoan, V. Euskal Narratzaileen Topaketa, Intujai Teatro elkarteak antolatuta. Martxoan, itxialdia zela eta, bertan behera geratu zen Ahoz aho jaialdia, eta orain, bertako zenbait ekitaldi berreskuratu dituzte, Zikloia 2020 ekimenaren aitzakiarekin. «Orain lan hirukoitza egin behar dugu emaitza erdia lortzeko, baina ez gara kexu», aipatzen du May Gorostiaga elkarteko kideak.

Peio Mintegia itsuak, Asperger sindromea duen Mikel Sagarzazuk eta Iñaki Carretero dislexikoak eskainiko dute lehen hitzaldia, 10:00etan. Beste pertzepzioak da aurtengo gaia. «Horrelako egoerekin topo egitean publikoarengana nola heldu ikastea izango da asmoa. Batzuetan ez diegu kasurik egiten; besteetan, berriz, gehiegi». Carles Garcia balentziarrak eskainiko du bigarren hitzaldia, 12:30ean, espresuki narratzaileentzat. «Gure sektorean maisu handi bat da». Ondoren ez da, beste urteetan bezala, bazkaririk izango, ezta kontzerturik ere, egungo egoeran hartu berri diren neurriek baldintzatuta. Gainera, aurreratu egin dute urrezko kalabazen sari banaketa; 13:15ak aldera egingo dute. Jada jakina da Ahotsa.eus plataformak jasoko duela sarietako bat. «Euskal narrazioan erreferenteak dira», dio Gorostiagak. Etzi izango da beste bi sarien irabazleen berri.

Auzo etxean izango dira saio guztiak, edukiera murriztu behar izan dutelako. 25 lagun inguru sartu ahal izango dira bertan. Jada leku gutxi geratzen dira, eta bertaratu nahi duenak, 678 990 162 zenbakira deitu behar du, lekua gordetzeko. Bixente Gorostidi eta Amaia Agirre bertsolariek ere hartuko dute parte larunbatean. «Hasieratik egongo dira topaketan, narratzaileoi egurra emateko asmoz. Izan ere, egun horretan ez dugu lan egiten, eta jai hartzen dugu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!