Tolosako egutegia banatzen hasi dira

Ataria 2020ko azaroaren 12a

Zerkausian egongo dira banatzen gaur eta bihar, goizez; Joseba Iturberen 'Eguzkia ezkutatzerakoan' da azaleko argazkia.

Azken urteetan bezala, aurten ere, Tolosanklisk lehiaketaren bitartez osatu du Tolosako Udalak 2021 urteko egutegia. Behin lehiaketaren irabazleak, eta beraz, argazkiak zehaztuta, osatu du egutegia, eta herritarren artean banatzen hasi dira.

Hain justu, atzo hasi ziren egutegiaren banaketarekin, eta gaur eta bihar ere Zerkausian banatuko dute, 09:30etik 12:30era bitartean. Udaletik azaldu dutenez, banaketa «ezarrita dauden segurtasun eta higiene neurri guztiak hartuta egiten ari dira».

Egutegirako argazkiak aukeratzeko Tolosanklisk lehiaketari dagokionez, guztira 65 pertsonak parte hartu du aurtengoan, eta guztien artean 267 argazki aurkeztu dituzte. Ura Iturraldek eta Javier Zurutuzak osatu dute epaimahaia, eta 1.463 boto emailek eman dute beren iritzia. Aurkeztutako lan guztien artetik, Joseba Iturberen Eguzkia ezkutatzerakoan argazkia izan da bozkatuena, eta argazki hori agertzen da egutegiaren azalean. Barruan, berriz, hilabetez hilabete, ondorengo parte hartzaileen argazkiak ikusi ahal izango dira: Juanan Dorronsororen, Javier Zabalaren eta Irati Sorondoren bina argazki eta Blanca Goñi, Miguel Angel Uranga, Maider Gaztelumendi, Ana Eizmendi, Miguel Cortes eta Idoia Zabaletaren argazki bana.

Bestale, egutegirako argazkiak aukeratzeko botoa eman duten herritar guztien artean zozkatu duten Ipad-aren irabazlea Edurne Jauregi izan dela jakinarazi dute.

2021 urteko 8.800 egutegi kaleratuko ditu Tolosako Udalak aurten: hormako 6.500 egutegi izango dira, 300, berriz, mural erakoak, eta poltsikoko 2.000 egutegi.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!