GUTUNA

Pintaketaren egileei

Erabiltzailearen aurpegia Joxemari Villanueva, Tolosako PSE-EEren zinegotzia 2020ko aza. 12a, 13:00

Aurreko larunbatean, gure Herriko Etxeko pertsianan burgesiaren diktadurari buruzko egindako pintaketa batek harritu gintuen. Ez genuen horren arrazoia ulertu. Horrelako ekintzak iraganaren parte bat zirela uste genuen.

Pentsatu genuen, halaber, autoreek ez zutela gure alderdiaren historia ezagutuko, edo, bestela esanda, ez zekitela justiziaren, elkartasunaren eta klase pobre eta esplotatuenen askatasunaren aldeko borrokaren historia nolakoa izen zen eta izan den Tolosan.

Pintaketaren egileei zera esaten dizuegu, zuek ezagutzea gustatuko litzaigukeela, eta, horrekin batera, zuek dituzuen kezkak zuekin partekatu ahal izatea ere bai, ziur asko gureak oso antzekoak izango baitira.

Gustura esango genizueke zer den gure alderdia: langile mugimendua nola sortu zuten sozialistek XIX. mendearen amaieran: nolako egoera lazgarrian bizi zen langile klasea lehenengo elkarte sozialista Tolosan sortu zenean, 1893an. Eta XX. mendean sartuta, lehen hiru hamarkadan sindikalismoak zer-nolako indarra hartu zuen ere komentatu beharko genuke. Ahaztu gabe Errepublikako eta Gerra Zibileko urteak: sozialista tolosar askok frankismoan jasan zuten errepresio gogorra. Franco desagertu eta gero, zer-nolako papera jokatu zuten sozialistek gaur egun dugun ongizate estatua eta Autonomia Estatutuaren oinarriak martxan jarri ahal izateko. Azken berrogei urteotan sozialistek ETArengandik jasan duten jazarpen politikoaz ere hitz egingo genuke.

Baina etorkizunari buruz ere luze hitz egin beharko genuke: ikuspegi ezkertiar batetik nola eraiki gizakiarentzat mundu solidarioagoa eta anaitasunezkoagoa, sozialisten helburu bakarra betidanik izan dena. Lan zaila. COVID-19ak eragindako krisi ekonomiko larria; globalizazioa; munduan zehar inbertitzen eta desinbertitzen diren kontrol gabeko kapitalak; pobrezia eta migrazioak, nazio-populismoen gorakada; planetaren berotzea eta klima-aldaketa; genero-berdintasunaren aldeko borroka... Erronka askori egin behar zaie aurre.

Ziur gaude askoz gauza gehiagok batzen gaituztela eta gutxiago direla banatzen gaituztenak. Badakizue non gauden eta nola iritsi guregana. Gustura eta pozik altxatuko dugu margotu zenuten pertsiana, gure egoitza topaketarako eta senidetzarako gune bihurtzeko.

Joxemari Villanueva, Tolosako PSE-EEren zinegotzia

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!