Caminosek ezin izan du garaipena errepikatu

Imanol Garcia Landa 2020ko aza. 11a, 07:57
Irene Caminos, Espainiako Txapelketan. JABI CEBRIAN

Espainiako Biketrial Txapelketan bigarren egin du Irene Caminos tolosarrak.

Oraingoan ez da posible izan. Iaz Espainiako Txapelketa irabaztea lortu zuen Irene Caminos biketrialeko txirrindulari tolosarrak, baina aurtengoan bigarren postuarekin konformatu behar izan du. Vera Baron bere aurretik sailkatu da, Espainiako Kopan gertatu den moduan. Georgina Agell izan da hirugarrena.

Caminosek bazekien oso zaila izango zela lehen postua lortzea: «Daramagun urtearekin entrenamenduak-eta orokorrean ezberdinak izan dira. Oso zaila zegoen, Vera oso indartsu etorri da, eta azkenean bigarren postuarekin bueltatu gara etxera». Munduko Kopa zein Txapelketa bertan behera geratu direnez, denboraldia arraroa izan dela gaineratu du tolosarrak. «Txapelketa oso ondo bukatu nuen. Asko gozatu nuen eta jarri zituzten eremuak asko gustatu zitzaizkidan, maila polita zegoen, eta gutxi falta zitzaidan irabazteko. Hori bai, pozik nago egindakoarekin».

Hiru parte hartzaile bakarrik izan ziren elite mailan, izan ere, parte hartzeko asmoa zuten beste txirrindulariek ezin izan zuten joan, besteak beste zuzeneko kontaktua izan zutelako COVID-19arekin positibo emandakoekin. «Daramagun urtearekin horrelakoak gertatu ahal ziren, eta beste maila batzuetan ere gertatu ziren», esan du Caminosek. «Behintzat lortu genuen podiuma betetzea».

Denboraldia bukatutzat eman du tolosarrak, Espainiako Txapelketa eta Kopa bakarrik jokatuz. «Behintzat txapelketa hauek antolatu dituzte eta posible izan da zerbait egitea, baina egia da urtea arraroa izan dela. Ea hurrengo urtean beste txapelketak antolatzeko aukerarik badagoen», zehaztu du tolosarrak. Orain dela gutxi UCIk azaldu du datorren urteko Munduko Koparen egutegia aterako duela urte hau bukatu baino lehen. «Guk oraingoz ez dakigu ezer. Gainera, egoera egun batetik bestera aldatzen denez, ez dakigu zer gertatuko den, baina espero dugu pixkana forma hartzea eta zerbait antolatzea hurrengo urtean», esan du Caminosek. Orain atseden pixka bat hartuko du: «Ikasketetan zentratuko naiz, baita Tolosako Trial Eskolan, eta gero pixkana hasiko gara datorren urtea prestatzen».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!