2010az geroztik, Eusko Jaurlaritzak, azaroaren 10ean Memoriaren Eguna ospatzeko gonbita egiten die euskal erakundeei. Gauzak horrela, Tolosako udal korporazioak bat egin du proposamenarekin, eta gaurko data aprobetxatu nahi izan du, tolosar guztiek, eta batez ere belaunaldi berriek, gure gizarteak azken urteetan jasandako indarkeriaren eta heriotzaren historia ezagutu eta ahaztu ez dezaten.
Hona hemen Tolosako alkateak irakurritako testua:
Gertuko iragan mingarri eta gogor horretan, gaurkoan bereziki, Tolosan eraildako pertsonak edo Tolosatik kanpo eraildako tolosarrak gogoratu nahi ditugu. Horietatik 22, ETAren adar ezberdinek erail zituzten eta beste laurak, estatuko segurtasun-indarrek eta haien ingurukoek (GAL, BVE). Bestalde, ezin ahaztu auto istripuz kartzelara zihoazela hil ziren Tolosako presoen hiru senitartekoak, horiek ere biktimak baitira.
Hildakoaz gain, oinarrizko giza eskubideen urraketak jasan dituzten beste biktima guztiak ere ez ditugu ahaztu nahi gaurko egunean. Horrenbeste biktima eragin dituen indarkeria bidegabea izan dela aitortu nahi dugu eta biktima guztiei gure elkartasuna eta hurbiltasuna adieraztearekin batera, egia, justizia, aitortza eta erreparazioa eskatzen dugu biktima guztientzat.
Memoriarekin dugun hitzordu honek elkarrizketa plurala eta inoiz errepikatu behar ez den iraganari buruzko hausnarketa kritikoa sustatzeko balio dezan nahi dugu. Ideien aniztasunarekiko, printzipio demokratikoekiko eta giza eskubideen defentsarekiko errespetuan oinarritutako bizikidetza ezartzeko borondate eraikitzailea partekatuz.
Horregatik guztiagatik esaten dugu:
- Bizitza, giza duintasuna eta giza eskubideak beste edozein kausa, ideia politiko edo estatu-arrazoiren gainetik egon behar dutela, eta beti errespetatu behar direla.
- Elkarri entzutea eta biktima guztiek izandako min, sufrimendu eta bizipen guztiak aitortzea dira gure gizartean eman ziren urruntzeak gainditzeko abiapuntua.
- Indarkeria adierazpenak eta giza eskubideen urraketak ez dira inoiz gehiago gure artean gertatu eta justifikatu behar.
- Giza eskubideak urratzen dituen edozein ekintzak Tolosako Udal ordezkarion erabateko oposizioa izango du
- Euskadiren oraina eta etorkizuna bide baketsu eta demokratikoetan oinarritzea nahi dugu, pertsona guztien eskubide zibil, politiko eta sozial guztiak errespetatuz. Horixe da bizikidetza aske eta baketsuaren formula eraikitzaile bakarra.