Salbuespen egoeraren harira hartzen ari diren neurriak salatu dituzte

Ataria 2020ko azaroaren 7a

Gazte Koordinadora Sozialistak manifestazio egin du Tolosako kaleetan zehar.

Aurreko larunbatean Tolosako PSE-EEko egoitzaren parean elkarretaratzea egin ondoren, gaur Tolosako Triangulo plazatik abiatuta manifestazio jendetsua egin du Gazte Koordinadora Sozialistak. Azken asteetan osasun egoeragatik hartzen ari diren neurri guztiak "zentzu politiko batean" ulertu behar direla esan du antolakundeko bozeramaleak manifestazioaren hasieran, "neurriek ez dute bakarrik izaera sanitarioa".

Orain bizi dugun koronabirusaren krisiak, azken hamarkadetatik datorren krisi ekonomikoa sakondu baino ez duela egiten uste dute manifestazioaren deitzaileek. "Hartzen ari diren neurri hauek denak, etorkizuneko gizarte eredu berriaren zimenduak dira". Datorrenaren sintomatzat hartu dute langileriaren pobrezia orokortua eta mundu mailako oligarkia finantzarioak eta burgesia handiak daukaten kontrola. "Ikusten dugu langileriaren etorkizuna, gure etorkizuna, geroz eta kondenatuagoa egongo dela miseriara, askatasun gabeziara eta pobreziara. Zentzu horretan, kapitalismoa gainditzeko antolakuntza komunistaren hautua egiten dugu".

Gazte Koordinadora Sozialistak alderdi politiko guztiek krisi honen aurrean hartu duten jarrera salatu du. Neurriak "inolako kritikotasunik gabe" onartu dituztela eta gertatzen ari denaren ardura norbanakoari esleitzen ari zaiola uste dute antolakundeko kideek. "Alderdi politiko guztiak burgesia handiaren eta oligarkia finantzarioaren mesedetara lan egiten duten agente politiko bezala jokatzen ari dira, egoera berri guzti hauek normalizatuz".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!