"Amarotzen botikina jartzea erabaki politiko baten ondorioz helduko da"

Ataria 2020ko azaroaren 7a

Amarotz auzo elkarteak adierazi du botikinaren alde borrokan jarraituko duela eta udal gobernuari egotzi dio euren aldarriekin jarritako pankartak kendu izana.

Tolosako Trianguloan egindako agerraldian Amarotz auzo elkarteko kideek adierazi dute udal gobernuaren babesa espero zutela eta espero dutela, oraindik ere, botikinaren aldeko borrokan. "Babesa ez bada, behintzat espero genuen ez zizkigutela oztopoak jarriko".

Azken egunetan botikinaren aldeko aldarriekin herrian jarritako pankartak kendu dituztelako entzun dituzten "hitz potoloei" erantzun nahi izan diete auzo elkartetik: "Argi eta garbi esan nahi dugu edonork entzun dezan, guk ez diogula inongo langileri errurik botako, ez orain eta ez inoiz. Pankartak kendu dituzten langileek hori egin dute beraien lana delako eta horren atzean erabaki eta agindu politiko bat dagoelako. Ordezkari politikoek euren erabakiak ezkutatzeko langileak erabiltzeak ez dio inori mesederik egiten.  Ez diogu inongo langileri errua botako pankartak kentzeagatik, bai ordea ordezkari politikoei, erabaki hori hartu dutenei, kasu honetan Tolosako udal gobernuari". 

Auzotik farmazia kendu zutenetik ekimen ezberdinak antolatzen hasi dira Amarotzen botikin zerbitzua bermatze aldera. Manifestazioak, elkarretaratzeak eta martxak egin dituzte, besteak beste. "Garrantzitsuena lortutako auzolana da, guztiok bat egin dugu helburu finko batekin: botikina lortzea, bai ala bai. Hori izan da mugitu gaituen leloa, berandu baino lehen botikina Amarotzen izango dela".

Aitortu dute auzo elkartetik oraindik bide luzea geratzen zaiela egiteko: "Auzoan botikina jartzea erabaki politiko baten ondorioz helduko da". Datorren larunbatean, azaroaren 14an, 12:00etan elkarretaratze bat egingo dute udaletxe aurrean, Botikina bai ala bai Amarotzen leloarekin. "Amarotzetik deitu dugu elkarretaratzea baina ez da auzotarrentzako deialdia soilik, osasun zerbitzu publiko eta kalitatezko baten alde dauden tolosar guztiei luzatzen diegu deia gurekin bat egiten dezaten".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!