Atsotitz lehiaketa antolatu dute

Naia Vazquez 2020ko aza. 6a, 17:30

Tolosako Oskia Karrera argazkilariak eta Iberba aholkularitzak antolatu dute. Parte hartzaileek irudi batean txertatutako atsotitzak aurkeztu behar dituzte abenduaren 31 baino lehen.

Euskal Herriko atsotitzak eta irudigintza lantzeko asmoz antolatu dute atsotitz lehiaketa. Tolosako Oskia Karrera argazkilaria eta Iberba aholkularitza zerbitzua dira antolatzaileak. "Lehiaketaren bidez sormena ere landu nahi denez, esaera zaharrak ez ezik berriak sortzeko aukera dago, gaur egungo bizimoduak sortzen dituen egoera berriari egokitu daitezkeenak", esan dute antolatzaileek. Irudiz lagundutako atsotitz bat da aurkeztu behar dena.

Atsotitz lehiaketa dela nabarmendu dute ere, nahita aukeratu dutela adiera hori: "Euskarak duen altxor handienetako bat bere hitzen bidez gorde izan den jakinduria da. Horregatik guk esaera eta atsotitza berben artean bigarrena aukeratu nahi izan dugu, hitz hori oso adierazgarria delako. Atsotitzak garai batean adineko jakintsu baten aholkua adierazi nahi zuen, baina kasu honetan emakumeen aholkua. Gaur egun ordea, atsoa zentzu negatiboa izan dezake, baina hor ikusten da aldaketa bat izan dela. Beraz, itzul diezaiogun atso hitzari dagokion maila".

Parte hartzaile bakoitzak gehienez hiru lan aurkeztu ditzake abenduaren 31 baino lehen eta info@kukubat.eus helbidera behar dira. Bozketa urtarrilaren 5etik 31era egingo dute eta emaitzaren berri otsailean emango dute. Irabazleak 100 euro jasoko ditu.

Antolatzaileek esan dutenez, lehiaketa hiru hilabetean behin antolatu nahi dute eta 100 euroko saria eskaintzeko prest dauden saltoki, enpresa edo entitateen bila badabiltza ere. Informazio gehiago hemen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!