Heriotzari buruz lasai hitz egiteko

Ataria 2021eko apirilaren 8a

Datorren asteartean, hilak 13, 'Death Cafe' ekimena antolatu dute Tolosako Amarotz auzoan; heriotzaz hausnartzeko topaketa izango da, 19:00etan hasita. Parte hartu nahi izanez gero, izena aurrez ematea eskatzen dute.

Iazko azaroan, Heriotzari bizia ematen jaialdia ospatu zuten www.dandovidaalamuerte.org plataformaren baitan, espainiar estatuko hainbat elkartek. Horrela, modu sinbolikoan izan bazen ere, Gipuzkoako zenbait herritan parte hartzeko aukera izan zen, Hil aurretik nahi dut... ekimenaren bitartez. Horietako batzuetan, arbel batzuk jarri zituzten, herritarrek beren bizitzei buruz hausnartzeko eta gainerakoekin asmo pertsonalak partekatzeko aukera izan zezaten.

Tolosan ere ekimen bera aurrera eramateko asmoa zuten, baina azkenean, osasun egoeraren larritasuna ikusita, ez zuten herrian arbelak jartzerik izan. Horren ordez, Death Cafe izeneko ekintza burutu nahi izan zuten, heriotzari buruz hitz egiteko topaketa bat, alegia. Baina hura ere atzeratu egin behar izan zuten.

Azkenean, datorren asteartean egingo dute, hilak 11; 19:00etatik 20:00etara izango da, Amarozko auzo-etxean. "Ez da dolurako laguntza bat eta gure asmoa ez da ondorioak ateratzea", diote antolatzaileek. Edukiera mugak direla eta, aurrez izena ematea eskatzen dute. Horretarako, 656 748 391 (Javi) telefono zenbakira deitu behar da.

New Orleans (AEB) hiriko baztertutako etxe batean sortu zen Hil aurretik nahi dut... ekimena, Candy Chang artista urbanoaren eskutik. Maite zuen lagun bat hil zitzaionean, heriotzaren gaiak sortzen zituen sentipenak adierazteko espazio bat sortu nahi izan zuen hirian. Ordutik, pertsona ugarik muralak sortu dituzte euren komunitateetan, eta orain 5.000 bat mural daude 35 hizkuntzatan, 78 herrialdetan. "Konpromiso zibiko positiboko proiektua da murala, gure ikuspegia berrezartzen, bizilagunak beste modu batean ezagutzen eta gure komunitateen ongizatea hobetzen laguntzen diguna", diote ekimenaren sustatzaileek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!