Zutani elkarteak musukoak banatuko dizkie beharra duten familiei

Tolosaldeko Ataria 2020ko aza. 5a, 16:59

Tolosako elkarteak 100 musuko banatuko dizkie egoera ahulean dauden haurrak dituzten Tolosako 20 familiei.

Zutani-Tolosa elkarteak dinamizatuta, emakume migratzaileen joste-tailerrean 24 emakume aritzen dira, azken bost urteetan, Inkernu akademiarekin lankidetzan. Bada, elkartasun proiektu bat burutu dute urrian zehar. Hain justu, egoera ahulean dauden familien haurrentzat berrerabil daitezkeen oihalezko 100 musuko egin dituzte.

Sei urtetik gorako haurrentzako musukoaren derrigortasuna ezarri zenean sortu zitzaiela ideia azaldu dute Zutani elkartetik. "Izan ere, ikasturtea hastean, familiak zailtasun handiak izaten hasi ziren eskola eskariari erantzuteko: bi musuko ikasle bakoitzeko eta egun bakoitzeko. OCU Espainiako Kontsumitzaileen Elkartearen arabera, musukoetan egindako gastu gehigarria, 4 kideko familia-unitate batean, hilean, 75-150 eurokoa izan daiteke".

Zutani elkartetik diotenez, "oinarrizko gastuei aurre egiteko dirurik ez badago, ez dago musukoak maiz erosteko aukerarik". Hori aintzat hartuta sortu zitzaien musukoen ideia: "Familia horiengan eragin ekonomikoa nolabait murrizten saiatzearekin batera, neurri higieniko, prebentibo eta didaktiko gisa ere lagun genezakeela pentsatu genuen, kolore desberdineko 5 musukoz osatutako paketea eginez, eskola-egun bakoitzerako bat, garbigarriak eta berrerabilgarriak (3 geruzako kotoizko musukoak dira, filtroa sartzeko poltsikoarekin, 6-7 urteko haurrentzat)". Musukoekin batera, hori gordetzeko poltsak ere egin dituzte.

Tolosako elkarteak argi utzi nahi du euren helburua ez dela administrazioek hartu beharko luketen neurria ordeztea, alegia, "egoera ahulean dauden familientzat musukoak doakoak izatea".

Elkartetik, eskerrak eman dizkiete emakume guztiei, "elkartasunez lan egiteagatik eta proiektuan parte hartzeagatik, bai eta Inkernu akademiari ere, beren azpiegitura uzteagatik eta lankidetzagatik".

65 urtetik gorakoak laguntzeko

Bestalde, Zutani elkarteak duela hiru urte jarri zuen martxan 65 urtetik gorako tolosarrei laguntzera bideratutako proiektua, Super Eko supermerkatuarekin elkarlanean. Bada, deialdia luzatu du elkarteak, beharra duten adin tarte horretako herritarrak gerturatu daitezela eskatuz, eta bestetik, proiektuan parte hartu nahi duenak beraiekin harremanetan jarriz. 688 730 159 zenbakira deituz, edo zutanitolosa@gmail.com helbidera idatzi daiteke.

Elkartetik ohartarazi dutenez, beharra duten 65 urtetik gorako herritarretan emakumeak dira nagusi. Proiektuaren bidez, elikagaien bilketa egiten dute, eta ekarpen ekonomikoa ere jasotzen dute. Zutani elkarteak urte hauetan laguntza eman duten guztiak eskertu ditu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!