Idaztea du pasio Karlos Linazasorok (Tolosa, 1962), eta ezohiko testuinguru honetan ere, koadernoak ideia zaparradez betetzen jarraitzen du. Horrela lortu du aforismoei buruzko bere bosgarren liburua argitaratzea, Buzón de sugerenciasizenekoa. Gizartea ironikoki kritikatzen duen eleberria bezala deskribatzen du berak. Baina, orain arte argitaratutakoak ez bezala, gaztelania hutsean kaleratu du azken lana, ez berak hala nahi izan duelako, argitaletxe bakar batek ere euskarazko bertsioa argitaratu nahi izan ez duelako baizik. Umorea erabiliz idatzi ohi du Linazasorok, eta horrela aritu da elkarrizketan.
Zerk bultzatu zaitu azken eleberri hau idaztera?
Betidanik idatzi izan ditut aforismoak, ez da lehen liburua. Pixkanaka, aforismoak koaderno batean idatzi eta gordetzeko ohitura hartzen joan naiz. Sail potolo samar bat dudanean, argitaratu egiten dut. Ez da soilik idaztea izaten, izan ere, lan handia izaten dut zenbait ideia koadernotik kentzen. Momentuan bertan, sekulako esaldia idatzi duzula edo burutazio handia izan duzula iruditzen zaizu, baina gero, errepasatzen hasten zarenean ohartzen zara ez dela hainbesterako.
Zer da bertan kontatzen dena?
Aforismoak esaldi laburrak dira. Askotan, gehiegikeriarekin eta atsotitzekin alderatzen dira, baina guztiz kontrakoak direla esango nuke. Aforismoak ez dira batere dogmatikoak, ez dute karga moralik. Atsotitzek, berriz, gauzak nola egin behar diren erakusten digute. Galtzerdiekin alderatzen ditut nik idazten ditudan aforismoak. Zerbait idazten dut, baina buelta emanez gero, guztiz kontrakoa izan daiteke, hau da, idatzitako hori irakurtzen duen beste edonork, kontrako iritzia izan dezake. Gustuko dut irakurleek, aforismoak irakurri ahala, buruhausteak izatea.
Liburu hau irakurtzean, beraz, iritzi bat baino gehiago etor daiteke burura?
Modu ezberdinetara ulertu daiteke, bakoitzak nahi duen edo ahal duen moduan. Batzuek, adibidez, ez dute ulertuko zer esan nahi dudan. Oso laburrak direnez, gerta daiteke irakurle bat aforismo jakin batekin identifikatuta sentitzea, eta beste bati, berriz, ideia bera batere ez gustatzea. Irakurlearen gustuak ere zeresan handia du.
Eta zein da lan honek duen helburua?
Betiko literatura-generoetatik urrundu, eta pilula txikien bitartez, irakurleen buruak martxan jartzea. Lehen aipatzen nuen moduan, irakurleek hausnartu dezaten nahi izaten dut, eta horretarako genero oso egokia dela iruditzen zait. Guztiak egun bakar batean irakurtzea baino, tarteka, dozena bat aforismo irakurtzea gomendatzen diet irakurleei. Gero, bakoitzak ikusiko du irakurri bitartean gozatuko duen, barre egingo duen edota gogoetarako tartea zabalduko duen. Izan ere, aforismo umoretsuak, ironikoak, filosofikoak edota poetikoak irakur daitezke.
Gehienetan, gizartea kritikatzen dute aforismoek, maltzur samarrak izaten baitira, eta uste dut hala izan behar dutela. Aforismo on batek maltzurkeria apur bat eskatzen du, eta liburu honetan nahiko argi ikusten da hori. [Barreak].
Nondik dator izenburua? Prest al zaude irakurleen iradokizunak jasotzeko?
Bai, baina kasu honetan, nireak dira iradokizunak. Aforismoen liburu batentzako izenburu egokia iruditu zitzaidan. Postontzi batean uzten ditut nire iradokizun horiek, nire ideiak, nire pilulak.
Aforismo literatura-generoan idazten duzun bosgarren eleberria da. Erraz esaten da.
Bai, baina badira urte batzuk idazten hasi nintzela, eta hori ere kontuan hartu behar da. Urteen poderioz, azkenean bost izan dira.
Eta zertan bereizten da besteengandik?
Ez da besteetatik asko urruntzen. Akaso, irudikatzen ditudan pentsamenduak apur bat sakonagoak dira. Ukitu filosofiko handiagoa duen liburua dela esango nuke, baina oro har, nire kezkak betikoak dira, eta hori ez da aldatzen. Hortaz, aurreko eleberrietan ere azaltzen dira hemen azaltzen diren kezkak, pentsamenduak, esaldi ironikoak edota kritikak.
Hain justu, ironiari eta sarkasmoari egiten diezu lekua azken lan honetan. Zergatik?
Gustuko dut buruari eragitea. Guztiok dugu barruan pertsona maltzur eta ironiko hori, eta nire kasuan, horri bidea ematea ere gustatzen zait, norberak dituen kezkak libre utzi, eta gaur egun gizartean ikusi eta gustuko ez dituzun milaka kontu modu horretara kritikatzea, alegia. Oso garrantzitsua iruditzen zait norberak bere iritzia plazaratzea, gustuko ez ditugun gauza horiei egurra ematea, eta umorearen eta ironiaren bitartez egiten bada, hobe.
«Gustuko dut buruari eragitea, eta gizartean ikusten ditugun mila kontu ironia erabiliz nahiz maltzurkeriaz kritikatzea»
Aipatzekoa da, auto-ironia asko dagoela liburu honetan, eta hori ezinbestekoa da. Lehenik, norberak bere burua egurtzen jakin behar du, bere buruaz eta bere gizajotasunari buruz barre egin. Gero, askatasun handiagoa eta lizentzia izango du gainerakoak egurtu ahal izateko.
Zer-nolako garrantzia dute umorea eta sarkasmoa gaiek bizi dugun osasun egoera honetan?
Ni ez naiz ez psikologoa, ezta psikiatra ere. Bakoitzak ahal duen moduan bizi du egoera. Umorez hartu ahal izanez gero, askoz hobea litzakeela iruditzen zait. Pandemiaren ondorio guztietatik ihes egiteko bidea izan daiteke umorea, mekanismo oso interesgarria eta boteretsua. Hala ere, ez nuke jakingo esaten nondik atera beharko litzakeen umorea. Oro har, oso nekatuta, oso kezkatuta eta oso nazkatuta ikusten dut gizartea, eta psikologikoki nahiko jota. Badirudi luzerako kontua izango dela. Sekulan ez dugu horrelako egoera bat bizi, eta ez dakigu guzti hau noiz amaituko den eta nola amaituko den, ezta bihar zer gertatuko den ere.
Eta pandemia bete-betean helduko litzake berez, Durangoko Azoka. Aurten, baina, beste modu batera bizitzea egokitzen da. Literaturari dagokionez, nola dator aurten euskarazko sorkuntza?
Sorkuntza inoiz geldituko ez den arren, pandemiak bete-betean eragin du aurtengo edizioan ere. Kultura aldetik, izugarrizko eragina izango du osasun krisiak, eragin negatiboa. Nolabait ere, basamortu moduko bat igaro beharko dugu, baina ez sortzaileek sortzen ez dutelako, erosle, ikusle, entzule, sustatzaile eta erabiltzaileengana heltzeko zailtasunak izango ditugulako. Oso zail daude gauzak, eta Durangoko Azokarekin gertatu moduan, beste mila kontu ere bertan behera utzi beharrean dira: kontzertuak, antzerki saioak, hitzaldiak... Gauzak beste modu batera planteatu beharko dira egoerari eusteko. Sortzaileok buruari eragin beharko diogu, egoera honetatik ahalik eta osasuntsuen atera ahal izateko.
Aforismoei buruzko lehen bi liburuak euskaraz argitaratu zenituen. Ondorengo biak, berriz, euskaraz eta gaztelaniaz. Hau, baina, gaztelania hutsean idatzi duzu. Zer dela eta?
Bertako argitaletxe bakar batek ere ez du euskarazko liburua argitaratu nahi izan. Penagarria iruditzen zait, liburua euskaraz idatzita zegoelako, izenburua ere euskarazkoa zuelako [Iradokizun postontzia]. Saiatu nintzen hiruzpalau argitaletxetan saltzen, baina inori ez zitzaion interesatu; gazteleraz, ordea, bai.
«Bertako argitaletxe bakar batek ere ez du euskarazko liburua argitaratu nahi izan. Hori penagarria da»
Hortaz, gaztelaniaz idaztea ez da zuk hartutako erabakia izan.
Aforismoen laugarren liburua ere Trea argitaletxearen bitartez kaleratu nuen. Berez, euskaraz idazten dut eta gero egiten dut itzulpena. Kasu honetan, argitaratu ahal izateko itzuli behar izan dut liburua. Tristea da Euskal Herritik kanpo etxean baino interes gehiago erakustea.
Zuri errazagoa egiten zaizu, beraz, euskaraz idaztea.
Bai. Nik beti idazten dut euskaraz. Liburu hau ere euskaraz idatzi nuen lehenik. Gaztelaniaz, berriz, gauza txikiak idazten ditut, tarteka.
«Basamortu bat igaro beharko dugu, ez sortzaileek sortuko ez dutelako, erabiltzaileengana heltzeko zailtasunak izango ditugulako baizik»
Ba al duzu beste lanik buruan?
Aurten, poema-liburu bat argitaratu behar nuen, Elkar argitaletxearen eskutik. Osasun krisiak eragindako larrialdi egoera dela eta, udaberrira atzeratu behar izan dugu kaleratzea eta aurkezpena. Jada bukatua dut, eta argitaratzea besterik ez du behar.
Bestela, azken hilabete hauetan ez nabil oso sortzaile, idazteko gogo handirik gabe nago, eta ez oso aldarte onean. Hala ere, koadernoak betetzen hasia naiz, eta nire betiko martxari eusten diot. Poemak, aforismoak, sonetoak nahiz mikro-ipuinak idazten ari naiz, eta ipuin-liburu bat ere lantzen hasia nago.
Eta zer behar izaten du, bada, Karlos Linazasorok liburu berri bat idazten hasteko?
Patxada, armonia, lasaitasuna... behar izaten ditut. Inguruan, etxean nahiz lagunartean giro apropos bat eta zoriontasun pixka bat behar izaten ditut, eta une honetan ez dut horrelakorik topatzen. Sekulan ez zait horrelako krisialdirik gertatu. Uste dut, 58 urte hauetan lehen aldia dela ezohiko egoera batek hain gogor jotzen nauela.