Hezitzaile bezala, jolasa oso gauza serioa dela defendatu izan dut beti, izan ere, jolasaren bitartez, haurrak ikasi egiten du. Haurraren garapenerako beharrezko tresna da jolasa, irudimena lantzeko, arazoei aurre egiten ikasteko, rol desberdinak lantzeko, sozializaziorako… behar du jolasa haurrak. Hala ere, azken urteetan kezkaz ikusi dut, eskolaz kanpoko jarduerek haurren aisialdian hartu duten garrantzia. Izan ere, etorkizuneko profesionalak prestatzen hasteko oso ohikoa da txikitatik, ingelesa, musika, kirola eta beste hainbat gauzekin haurren arratsaldeak betetzea. Baino noiz dute jolas librerako denbora? Guraso batzuei ere entzun izan diet, «jolasten denbora galtzen baino hobeto daude probetxuzko zerbait egiten» edo antzeko esaldiak. Eta jolasa ez da denbora galtzea, jolasaren bitartez ikasten duten horrek etorkizuneko heldua sortzen lagunduko die. Haurrak jolasak sortu behar ditu, jolasetako arauak bete eta beraien artean sortzen diren gatazkak konpontzen ikasi behar du. Jolasarekin gozatzeaz gain, bere etorkizunerako funtsezkoa izango den ikaskuntzarako beharrezkoa da jolasa, eta horregatik behar du jolaserako denbora eta espazioa. Haurrek, bizitzako une gogorrenetan ere, jolasteko beharra izaten dute. Jolasaren bitartez beraien sentimendu, bizipen eta beharrak adierazten dituztelako, baina baita jolasten dauden bitartean, kezkak, arazoak eta beldurrak alde batera utzi eta beste errealitate bat bizitzen dutelako ere.
Egungo jendartean, jolasak garrantzia lehenago galdu zuela esango nuke nik, eta osasun krisialdi honek, agian gaiaren inguruan hausnartzeko aukera eman die hainbat gurasori
Azken urte honetan bizitzen ari garen osasun krisi honek ere izan du eragina haurrengan. Konfinamendu luzeaz gain, etxekoen kezkek, beldurrek eta familiako batzuen galerak ere astindu ditu etxeko txikiak. Segurtasun neurri berriek, aldatu dute jolasteko modua, ezkutatu dizkiete irribarreak, mugatu dituzte lagun taldeak eta bultzatu dituzte betiko jolastokiez gain, leku lasaiagoak bilatzera. Orain, ohitura batzuk aldatzen gabiltzan honetan, helduon ardura izango da haurrek jolasteko denbora izatea eta azken hamarkadetan galdu duen espazio hori ematea. Jolasteko denbora baita haurrei egin diezaiekegun oparirik polit eta aberasgarriena. Mantendu ditzagun beraz, gure kale, auzo eta herriak bizirik haurren jolasekin.