Ikuskizun berria lantzen

Tolosaldeko Ataria 2020ko aza. 4a, 18:59

Bartzelonako Teatro saco de huesos taldea Topic zentroan egiten ari den egonaldian ari da prestatzen 'Edgar' ikuskizun berria; azaroaren 24an, Titirijai Jaialdiaren barruan estreinatuko dute.

Sorkuntza-egonaldiek aurrera jarraitzen dute Topic-en, eta horren erakusle da Teatro saco de huesos taldeak Tolosako zentroa aukeratu duela Edgar izeneko ikuskizun berria prestatzeko.

Angel Navarrok eta haren txotxongiloek osatzen dute Teatro saco de huesos. Angel Navarrok Bartzelonako Raval auzoan aurkitu zituen txotxongiloen antzerkia eta artea. Hariz zintzilikatutako antzerkiarekiko zaletasun horrek mundu osoan zehar bidaiatzera eraman du, eta bere ikuskizunak kabaretetan, antzokietan, aretoetan, lokaletan eta kalean erakutsi ditu.

«Orain dela bederatzi urte ezagutu nuen Topic, eszenografia baten eraikitzaile gisa etorri eta sorkuntza-egonaldi batean ostatu hartu genuenean. Tolosara etortzean bilatzen duguna laguntza teknikoa da, gure tailerrean ezin genuelako entseatu eta antzezlaneko argiztapena ikertzen hasi behar genuelako eta hori guztia egonaldi honetan egin dezakegu», azaldu du Navarrok.

Taller saco de huesos konpainia prestatzen ari den Edgar ikuskizunak itzalak, objektuak eta txotxongiloak biltzen ditu. Edgar Alan Poeren emaztea hil ondorengo azken bi urteak kontatuko dizkigu, autosuntsitze zurrunbilo batean nola sartzen den. «Bere arima atsekabetuaren irudia erabiltzen dugu galerei buruz hitz egiteko, nolabaiteko eraginkortasunik eza, delirioa eta eromena eragiten duten errealitatearekin eta azkenean, haren heriotzarekin. Gure konpainiak beti izan du tonu makabro samarra, iluna eta horregatik datorkigu primeran Poeren irudia».

Lan honetarako Franck-Olivier De Faux musikari frantziarraren laguntza izan du kataluniarrak. Musikariak ikuskizunaren musika konposatu du eta zuzenean jotzeaz gain, objektuetako bat manipulatzen du.

Ikuskizuna Tolosan estreinatuko da azaroaren 24an, Titirijai Jaialdian. Tolosako egonaldiaren ondoren, Bartzelonara joango dira beste egoitza bat egitera Eric de Sarriarekin, «hobetzeko eta trebetasuna hartzeko estreinaldiari begira».

IKUSKIZUNA LARUNBATEAN

Bestalde, etzi, larunbatean, Bee, el rebaño ikuskizuna izango da ikusgai Topic zentroan, 18:30ean. Hiru urtetik gorako gaztetxoei zuzendutako lana da, eta gazteleraz izango da. Hegan egiteko ametsa bete nahi duen Ninaren istorioa kontatzen du antzezlanak. Bere familian hegazkin bat gidatzen duen lehen emakumea izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!