«Aurrez aurreko hezkuntza mantentzea da gure lehentasuna»

Irati Saizar Artola 2020ko aza. 5a, 07:59

Ikastetxeak «gune seguruak» direla esan du Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, eta irakasle zein zuzendariak egoeraren aurrean egiten ari diren lana goraipatu du; Orixe institutuko eraikin berria udan eraikitzen hastea espero du.

Anoetako ikastolako irakasle izatetik, Tolosako alkate izatera, eta parlamentu eta senatutik pasata Hezkuntza sailburu berria da egun Jokin Bildarratz (Tolosa, 1963). Testuinguru zail batean hartu du kargua tolosarrak.

Zer egoeratan daude gaur egun EAEko ikastetxeak?

Ikasturtea hasiera-hasieratik izan da kezka nagusienetako bat mundu guztiarentzat, eta hezkuntza komunitatearentzat ezezaguna zen egoera. Ez genekien ikastetxeek eta hezkuntza munduak nola erantzungo zuten. Gutxienez, momentu honetan, ikastetxeak gune seguruak direla esan genezake, nahiz eta oraintxe ikasgeletako %0,92a itxita egon. Ikasturte hasieran datu hori altuagoa izan zen, %1,5 ere eduki izan dugu. Pixkana, ordea, ohitura onak hartzen eta hobeto kontrolatzen goaz. Hemen bai azpimarratu nahiko nukeela, langile, irakasle, zein zuzendariak egiten ari diren lana, jartzen duten esfortzua ikasleen alde eta aurrez aurreko hezkuntzaren alde.

Irailetik gaur arte, beraz, garapen positiboa izan dute.

Gelen ikuspegitik bai. Gero, ikasleen ikuspegitik, gizartean doan bezala doa, alegia, irailean ikasle gutxiago zegoen kutsatuta eta azken asteetan gorantz doa. Baina, bai dela kutsatze gutxien pairatzen ari den kolektiboa.

Tolosan bertan, Orixe institutuko DBH1 eta 4 arteko ikasleei, PCR probak egin dizkiete aste honetan.

Horrelako egoerak bizitzera ohitu beharko dugu. Momentu batean ikastetxe bat tokatuko zaigu, eta beste momentu batean beste bat. Ardurarekin jokatu behar dugu eta gazteei laguntza eskatu behar diegu beraiek ere paper garrantzitsu bat joka dezaketelako ikastetxeak seguru mantentzeko. Eta ez hori bakarrik, baita gizarteari begira ere, haien guraso, aitona-amona eta senitartekoak ere zaintzeko; beraien buruarekin neurriak hartu eta elkarren artean daukagun arazoa aurrera ateratzeko.

Eta nola jokatu behar dute ikastetxeek positiboen aurrean?

Guzti hori protokolizatuta dago. Ekainaren amaieran bidali genuen protokolo bat eta abuztuaren bukaeran errebisatu egin zen. Momentu honetan, Hezkuntza sailean talde bat daukagu Osasun sailarekin biltzen dena ostiralero-ostiralero, eta protokoloaren nondik norakoak aztertzen dituzte. Eta bai eskatu diegula sindikatuei zein ikastetxeetako arduradunei, protokoloari begira ikusiko balituzkete aldatu beharrekoak edo hobetu daitezkeen puntuak, guri helarazteko. Azkenean, protokoloak irizpideak dira, hezkuntza komunitateari proposatzen zaizkion irizpideak, hobeto funtzionatu dezagun ikastetxeetan.

Ikasturtea hasi aurretik eta ekainera bitarte aurrez aurreko eskolak mantentzearen alde egingo zenutela esan zenuten. Hori da lehentasuna oraindik?

Aurrez aurreko hezkuntza mantentzea da, bai, gure lehentasuna. Aste honetan bertan egon naiz Mondragon Unibertsitateko eta EHUko errektoreekin horixe bera azpimarratzen; zein garrantzitsua den aurrez aurreko hezkuntza eta zenbat eta gehiago iraun eta zenbat eta aukera gehiago eduki aurrez aurreko hezkuntzarekin, gure ustez, orduan eta egokiagoa dela, bai gazteentzat sozializaziorako, eta baita ere unibertsitateetan ikasten ari diren gazteentzat. Beste kontu bat da ikaslea positiboa denean edo kontaktu estua izan duenean etxetik ikastea eta horretarako ere baliabideak edukitzea, baina aurrez aurreko hezkuntza mantentzeko aukerak baldin badaude, hobe.

Hori maila eta zentro guztietan?

Bai, noski. Horrek gainera familiei eta gizarteari lasaitasuna eskaintzen die. Zentroetan zenbat eta denbora gehiago egon eta ikaskideekin egoteko aukera gehiago eduki, hobe.

Osasun sailak izaten du eskola, zentro edo gela bat ixteko edo neurriak hartzeko eskumena. Etengabeko harremana duzue?

Ia egunerokoa, bai. Eta zerbait larria dagoenean, osasun sailburuak deitu egiten dit edo mezu bat bidaltzen dit. Guk ez daukagu ezaupiderik gela bat ixtea erabakitzeko, azken finean, beste osasun irizpide batzuk baitaude eta beraiek dauzkate. Aldi berean, ordea, koordinazioa behar da beraiek horrelako erabaki bat hartzen dutenean, guk ere ikastetxeetako zuzendariekin hitz egin ahal izateko. Ezinbestekoa da bi sailen arteko eta ikastetxearekin eduki beharreko informazioa eta koordinazioa.

Sindikatuek deitutako greba egunaren jarraipen zabala egin zuen hezkuntza komunitateak; baliabide, irakasle, zehaztapen gehiago eskatzen dute.

Esan beharra dago greba egun hori ez zela hain zabala izan, ez zuela halako jarraipenik izan, baina ez du merezi horrelako eztabaidetan sartzeak. Lan metodologia bat jarri genuen, eta lanean dihardugu elkarrekin. Horrez gain, agindu genituen 1.000 irakasle inguru jarriko genituela eta jarrita daude; bai haur hezkuntzan, lehen hezkuntzan, zein bigarren hezkuntzan; eta momentu honetan itunpeko ikastetxeekin ere harremanetan eta negoziaketa prozesu batean gaude. Horretaz aparte, jangelak, garraioak, monitoreak, sukaldariak, garbitzaileak... hori guztia indartu da.

Jangeletan, ordea, greba ari dira egiten lan baldintzak negoziatu nahi dituztelako eta hezkuntzako garbitzaile azpikontratatuek ere greba egingo dutela adierazi dute.

Jangeletako langileek hiru egunetako greba egin zuten eta haien jarraipena ere oso-oso baxua izan zen. Eta momentu honetan, prentsaren bitartez jakin dut garbitzaileen kontua. Horiek ordea, enpresa eta langileen arteko harremanak dira. Gu, momentu honetan, ordu gehiago eskaintzen ari gara eta langile gehiago eskatzen ari gara. Zaila da ulertzea, beraz, guk horiek eskainita, beraiek kexatzea langile murrizketak daudela adieraziz.

Komunikazio falta dago tartean?

Patronalekin eta enpresekin bilerak egin genituen eta beraien planteamendua azaldu ziguten. Langileen egonkortasuna nahi zuten, eta langileek jakinarazi ziguten enpresei eskatzen zietela egonkortasun hori. Beraz, beraien arteko akordio hori posible izan zitekeela pentsatzen ari gara.

Pandemiatik pixka bat aldenduz, gainerakoan zeintzuk dira sailaren lehentasunak?

Zerbait lehenetsi beharko banu hitzarmena litzateke, alegia, hezkuntza hitzarmena. Horrek esan nahi du adostasunak bilatzea eta aurkitzea izango genukeela gure lehen helburu nagusia. Garrantzitsua iruditzen zaigu hezkuntza gure herrirako, etorkizunerako, eta horregatik pentsatzen dugu ezinbestekoa dela alderdi politiko ezberdinekin adostasunetara iristea.

Hasiak zarete elkartzen?

Bai, ari gara. Izan ditugu lehen kontaktuak eta lehen bilerak. Gobernu honen helburu nagusienetako bat hezkuntza izanik, azken finean, etorkizuneko gazteen etorkizuna lantzen ari garenez ezinbestekoa iruditzen zaizkigu adostasun minimo batzuk.

Hor euskarak ze leku izango du?

Inongo zalantzarik gabe lehenetsi beharko genukeen hizkuntza izan beharko luke, eta horrek ere hitzarmenean leku nagusi bat bete beharko luke. Ezberdina da euskararen egoera Tolosa batean edo Karrantzan; beraz, jakin behar dugu euskararen beharra egoera eta behar ezberdinetara egokitzen, baina euskarak merezi du adostasun bat eta beste maila batzuetan lortu denez eztabaidatik ateratzea, hezkuntzan ere lortu beharko genuke eztabaida horretatik ateratzea.

Eskualdera begira, nola dago Orixe instituturako eraikin berriaren proiektua ?

Beraiekin biltzen ari gara, beraien beharrak aztertuz eta ikusiz. Momentu honetan, gure proiektua udaletxearen eskuetan dago, behin betiko onarpena emateko zain, gero guk lehiaketara atera ahal izateko. Lizitazioa atera eta obrak hasteko moduan egongo litzake. Prozesu horiek nik nahi baino motelago doaz beti administrazioan; gustatuko litzaidake udarako edo obrak hasita egotea.

Eskola txikiei dagokienez, Alkizan egin berri dute eskola berria, baina, Lizartzan urteak dira eraikin berria eskatzen ari direla. Ba al dago aurreikusita?

Oraindik ez dut Lizartzako Udalarekin egoteko aukerarik izan, baina, dakidanez, historikoki daukaten arazoa lurrarena da. Ikastetxe bat eraiki behar denean, udalak jartzen du lurra eta hezkuntza sailak egiten du eraikina. Eta oraindik ez da lortu arazorik gabeko lursail bat guk eraiki ahal izateko, baina jarriko gara baita ere Lizartzako udaletxearekin harremanetan eta ea lortzen dugun Alkizaren pareko ikastetxe bat.

Etorkinen kontzentrazio kopurua altua da gurean; Tolosaren kasuan hiru ikastetxe daude, eta kexak ere izan dira etorkinen banaketari dagokionez.

Gure kasuan, Gipuzkoan, badago batzorde bat non mota guztietako ikastetxeek parte hartzen duten, eta saiatzen gara erarik berdintsuenean banatzen. Gertatzen dena da, hurrengo ikasturtean, ikasleak beraiek edo familiek erabakitzeko eskubidea dutela zentroa aukeratzerakoan, eta ez dituztela guztiek berdin aukeratzen. Gure helburu nagusi bezala daukagu inklusioaren gaia; baldintzak sortu behar ditugu, ahalik eta era berdintsuenean joka dezaten ikastetxe guztiek.

Aurreko galdera hauetan hamaika gai ezberdin aipatu dituzu. Zure lan orduek ematen dute gai horiek guztiak lantzeko adina?

Ez da erraza, baina egia da hasiera honetan 24 orduak gai horiekin bueltaka ibiltzen naizela. Gainera, emaztea Berastegiko eskolako irakaslea da eta alaba, berriz, Tolosako Herrikideko irakaslea, beraz, beti daukagu hiruroi hainbeste gustatzen zaigun gai hau bueltaka. Beti esan izan dugu irakasle izateko bokazioa ere behar dela, eta politiko izateko ere behar da. Orduan, politikoa eta irakaslea, ba bokazio bikoitza, baina oso gai polita da.

Maila pertsonalera pasatuz, nola jaso zenuen sailburu izateko proposamena?

Sorpresa handiz. Familiarekin kanpoan nintzen eta lehendakariak bilera bat eskatuz mezu bat bidali zidan. Bilera hori egin genuen eta bertan proposamen hau egin zidan. Lehendakariari ezin zaio ezezkoa esan, eta gainera, gaia hezkuntza izanik, nire mundua izanik, are eta gutxiago. Beraz, oso gustura nago, herriaren alde egiteko gogoz leialtasun guztiarekin. Lehendakariari, ordea, esan nion, noizbait ikusten bazuen gai ez nintzela, esateko, eta nik nire burua gai ez dela ikusten badut noizbait, gauza bera esango dut. Batik bat ikastetxeetan dagoen ehunka irakasle eta zuzendariekin, guraso zein ikasle, haiekin batera lanean eta haientzat lanean aritu nahi nuke.

Erraz hartu zenuen, beraz, erabakia?

Erraz ez, baina ez zegoen zalantza handirik. Ez zegoen aukera handirik, bai edo bai zen. Karga edo zama handia da baina baiezkoa esan behar nuen, eta hala egin nuen.

Zama handia, testuinguru zail batean ekin diozulako erronkari.

Eta aldi berean, gazteen etorkizunaz, gazteen hezkuntzaz, eta azkenean, jende asko daukagulako esku artean. Jendea zaindu egin behar da, jendearekin lan egin behar da. Beti ez da asmatzen politikak martxan jartzerakoan, horregatik ardura handia da, baina saiatu egingo gara hurrengo lau urteetan apaltasun guztiarekin ikasleak ardatz hartuta eta irakasleak lagun, zuzendariekin batera, ikasle horiek etorkizunari begira jarriz.

Parlamentari eta senatari aritutakoa zara, baina izan zara irakasle ere, Anoetako ikastolan, zehazki. Bada alderik?

Izugarrizko desberdintasuna dago, bai. Nahiz askotan esan didaten legebiltzarrean eta senatuan aritu naizenean, asko notatzen dela irakaslea naizela, gaiak nola jorratzen ditudan kontuan hartuta. Ikasleekin asko disfrutatzen nuen eta orain ere gela batera joango banintz izugarri disfrutatuko nuke. Gainera, bada adin tarte bat DBH2 eta DBH 4 artean, beraiekin asko gozatu daitekeena klaseetan, eta hor poza ematen duen elementuetariko bat da gero nagusiagoak direnean gogoratu arazten dizutenean 'nire maisua izan zinenean ze gustura, ze ondo; noiz bueltatu behar duzu?'. Oso polita da hezkuntza mundua.

Orain hezkuntza koordinatzen ari zaren honetan, haien paperean jartzea ere errazagoa izango zaizu.

Ikasturte hasiera honetan zuzendari zein irakasleek gaizki pasa dute, kezka asko, estutasuna izan dute, eta nik ulertu egiten ditut. Tokatu egin baitzait beraien lekuan egotea, eta enpatia izateko aukera izan dut. Horregatik iruditzen zait aukera dugula gehiago laguntzeko, ezagutzen baititugu beraien kezkak eta beraien arazoak. Horregatik ere garrantzitsua deritzot beraiei jarri beharreko baliabideak lehenbailehen jartzea.

Tolosako alkate ere izan zara bitan. Zer oroitzapen dituzu?

Zoragarriak. Orain gobernuan bi hilabete besterik ez daramatzat, baina seguruenik, politikan egin dudan gauza zoragarrienetako bat izan da alkate izatea. Agian, nire burua ere baliogarri ikusi dudalako herritarren arazoak konpontzerakoan. Legebiltzarrean edo senatuan zaudenean, jendearengandik urrunago daude arazoak, eta alkate zarela kalean bizitzen dituzu. Gobernuan nagoen honetan, oso baliagarria izan da alkatetzatik pasa izana, baita ere aktiboa delako, presio handikoa, eta baita ere arazoa gertutik ezagutu eta bizitzen duzulako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!