Aurtengoz gauzatu dituzte erreka inguruak garbitzeko lanak

Tolosaldeko Ataria 2020ko aza. 4a, 07:57

2020ko urteko-plangintzan jasotako eta aurreikusitako lanez gain, beste zenbait lan gauzatu dira. Aurrera begira, erreka garbiketarako lanak kontratatzeko pleguak prestatu nahi ditu udal gobernuak.

Azken urteotan Tolosako Udalak erreka garbi mantentzeko hainbat inbertsio egin ditu. Aurten, boluntarioekin egin ohi diren garbiketa saioak ezin izan dira egin, eta urteko plangintzan jasota zeuden esku hartzeak atzeratu egin dira denboran, baina erreka garbitzeko lan guztiak eginak daude dagoeneko.

Urriaren 13an, urteko plangintzari jarraituz, zabor bilketa lanak egin ziren Armeria plaza inguruko eremuan. Aurreikusitako lanez gain, martxoan, Olarrainen eta Pisuagan ere egin ziren garbiketa lanak. Pisuagako iturriaren ondoko eremua, esaterako, auzolanean garbitu zen. Era berean, Eguzki talde ekologistarekin elkarlanean, sareak jarri dira Foruen etorbideko zubiko baranden azpialdean, lurreko zaborrak errekara erori ez daitezen. Udaletik azaltzen dutenez, egitasmo honi jarraipena ematea da asmoa.

Egindakoaren errepasoa

2003an egin ziren lehen aldiz, Tolosan, Oria ibaiaren garbiketa lanak, ikasle zein herritar boluntarioekin. Gaur egun ere egiten dira lan horiek, Uraren Nazioarteko Egunaren harira egiten diren sentsibilizazio kanpainekin batera, herritarrak kontzientziatzeko asmoz. 

2015ean garbiketa lanak indartzeko, hitzarmena sinatu zuten udalak eta URA Ur Agentziak. "Hitzarmen horri esker, plangintza partekatu bat egiten da urtero, erreka eremuak zaintzeko eta garbitzeko, eta landare inbasiboei aurre egiteko". Plangintza hori oinarri hartuta antolatzen ditu udalak erreka garbitzeko saioak, ikastetxeekin eta herritar boluntarioekin.

Hainbat eremutan, baina, boluntarioekin bakarrik esku hartzea ezinezkoa da. "Horregatik, 2017an pauso kualitaboa eman zuen udalak, eta errekaren garbiketa lanak egiteko enpresa bat kontratatu zuen, lanak profesionalizatuz". 2017az geroztik, beraz, aurretik aipatutako sentsibilizazio kanpaina eta ikasle zein herritar boluntarioekin egiten diren saioez gain, enpresa bat kontratatzen du udalak erreka garbitzeko.

Ondorioz, azken urteotan, erreka garbitzeko inbertsioak egin ditu udalak. Horrez gain, udaleko ingurumen sailak plangintza gauzatzen du urtero, urte horretan non eta zein lan egingo diren aurreikusiz. "Alor honetan egindako ibilbidea ezagutzeko, eta aurrera begirako asmoak ulertzeko, atzera begiratu eta egindakoaren errepasoa egitea ezinbestekoa da", diote udaletik.

Aurrera begira, urratsak egiten jarraitzeko helburuarekin, eta erreka garbiketa lanak udaleko plangintzan eta egituran egonkortzeko asmoz, erreka garbiketarako lanak kontratatzeko pleguak prestatu nahi ditu udal gobernuak, "modu honetara, kale garbiketarekin bezala, zerbitzua udal egituran txertatzeko".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!