"Osasun bermeak egon ezean hezkuntza presentzialarekin ezin da jarraitu"

Tolosaldeko Ataria 2020ko aza. 3a, 14:51

Ikasle Abertzaleak kalera atera dira, gaur eguerdian, pandemiak eragindako egoera salatzera; langileriaren osasuna lehenesteko neurriak har ditzatela eskatu diete agintariei.

COVID-19agatik agintariek hartu dituzten neurriak "norbanakoen eskubideen eta askatasun politikoen aurkako neurriak" izan direla salatu dute Ikasle Abertzaleek. Gaur eguerdian egin dute elkarretaratzea Laskorain ikastetxearen atarian, Burgesiaren hezkuntza kudeaketari ikasle langileok planto! lelopean.

Esan dutenez, hartutako neurriak ez dira pandemiarekin eta birusarekin amaitzeko neurri eraginkorrenak, eta bi elementu salatu eta kritikatu dituzte: "Batetik, neurri horiek irekitzen duten testuinguru berria, zeina gizartearen gehiengoaren pobretzean oinarritzen den; eta bestetik, heziguneetan ematen ari diren kutsatzeen gaineko kontrol eza eta egoeraren gaineko kudeaketa eraginkorraren falta, errealitate hori ezkutatu nahi badute ere".

Osasun krisi baten aurrean heziguneak irekita mantentzea "oso arriskutsua" dela esan dute Ikasle Abertzaleek. Arrazoia argi dute: "Etekin ekonomikoa helburu bakar duen sisteman sostengaezina delako heziguneak ixtea, gurasoek ezin baitituzte beraien seme-alabak zaintza gabe utzi lanera doazenean". Ikastetxeen eta lantegien lotura azpimarratu dute, esanez, ikastetxeak ezin direla itxi lantegiak martxan daudelako, eta halaber, ez daudelako baldintza objektiboak soldatapeko lana eta hezkuntza instituzioak geldiarazteko eta langileriari kalitatezko bizi baldintzak bermatzeko. 

Beraz, osasun bermeak egon ezean hezkuntza presentzialarekin ez jarraitzeko eskatu dute. "Langileriaren osasuna da lehenetsi beharrekoa, eta garbi dago hori ez dela inolaz ere burgesiaren lehentasuna", esan dute.

Bestalde, "berezkoak eta absolutuak diren eskubideen deuseztapen sistematikoa" salatu dute. Langileriarenganako dominazioa eta kontrola ezarri dutela diote, "lan politiko eta militantea, hau da, mobilizazio eskubidea edota biltzeko eskubidea debekatuz". Egoeraren gaineko egia eta informazioa ezkutatzea ere leporatu diete. Hala ere, egoera erreala zein den ondo dakitela esan dute eta askatasun erreala lortu arte borrokan jarraituko dutela gaineratu dute.    

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!