Tokiko ekonomia indartzen jarraitu nahi du udalak

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko aza. 2a, 19:59
Modu erdi-presentzialean egin zuten, Tolosako Udaleko azken osoko bilkura, pasa den ostegunean. Argazkia: TOLOSAKO UDALA

Hiri ekonomia babestea eta sustatzea dute helburu azken osoko bilkuran onartutako neurri berriek; ostalariei laguntza gehiago emango zaizkie

Osasun egoerak hala eskatuta, modu erdi-presentzialean egin zuten azken osoko bilkura Tolosako udaletxean. Alkatea, hiru alderdietako bozeramaileak, idazkaria eta kontu-hartzailea izan ziren pleno aretoan; gainerako zinegotziek etxetik hartu zuten parte saioan.

Besteak beste, behin betikoz onartu zen Tolosako ondasun babestuen hirigintza katalogoaren aldaketa. Euskaraldiaren aldeko mozioa ere onartu zen, eta udala arigune izango dela baieztatu zuen Olatz Peon alkateak: «Udal barruan ez ezik, herrian ere herritarrak gonbidatu nahi ditugu ekimenean parte hartu eta euskaraz gehiago egitera».

Udala etengabe ari da egoera berrietara egokitzen, testuingurua aldakorra delako. Gauzak horrela, Covid-19aren ondorioz sortu ohi diren itxialdi egoeretarako, osoko bilkuretarako nahiz batzordeen bileretarako tokiko ordezkarien parte hartze telematikoa ahalbidetzeko arautegia onartu zen. Horrela, udal korporazioko kide guztien partaidetza bermatu nahi da, sor daitezkeen behar berrietara egokituz.

Larrialdi egoerak krisi sozio-ekonomikoa eragin duenez, ondorio eta eraginak baretzeko eta herritarren beharrei erantzuteko neurriak hartzen jarraitzen du udalak. Datorren urteko zerga eta tasa guztiak izoztu egin dira eta egutegi fiskalean aldaketak egitea onartu da. 2021erako ohiko egutegi fiskala berreskuratu da. Horrez gain, norbanako eta kolektibo zaurgarrienei laguntze aldera, bestelako neurri batzuk hartzea eskatzen du EH Bilduk. Horri lotuta, zenbait proposamen egin zizkieten udal gobernuari.

Ostalariei laguntza
Bestalde, terrazen kasuan, eskaeren kudeaketa egokiagoa egiteko ordainketa epea atzeratu da. Lehen, ekainaren 1etik uztailaren 7ra bitarte zegoen zehaztuta; orain, urriaren 1etik azaroaren 10era ezarri da. Era berean, ostalariek espazio publikoaren erabilera handiagoa egiten jarraitu ahalko dute, maiatzean onartutako dekretuak 2021eko martxoaren 31ra bitarte jarraituko duelako indarrean. Modu honetara, ostalariei aurrez zituzten terraza baimenetan jasotako mahai kopuruak ezartzeko aukera emango zaie, segurtasun tarteak mantentzea lortzeko helburuarekin.

Dekretu berrian, halaber, aurrez terraza baimenik ez zuten ostalariei baimenak eman ahal izatea edota Alde Zaharrari trataera berezia ematea ere jaso da. «Izan ere, denbora honetan, hainbat ostalarik zailtasun bereziak dituztela ikusi da, bereziki Alde Zaharrari lotuta, eta hortaz, salbuespenez, aukera berriak aztertu eta eskainiko dira mahai gehiago jartzeko aukera izan dezaten», azaltzen dute udaletik.

Hainbat kreditu gehitzea
Bestetik, udal zerbitzuek dituzten behar eta betebeharrei aurre egiteko, eta Covid19ak areagotu dituen gastuei eta sortutako behar berriei erantzuteko, hainbat kreditu gehikuntza egin dira. Diru lerroak handitu dira, besteak beste, garbiketa lanetarako, azokaren mantentze lanetarako, eraikin publikoetan beharrezkoak izan diren inbertsioak egiteko, informatika zerbitzurako edota diru-laguntza lerro berria martxan jartzeko.

Azken puntu honi lotuta, Tolosako merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektoreari bideratutako diru-laguntza berriak martxan jartzea berretsi zen bilkuran. Covid-19ak eragindako gastu eta inbertsioei aurre egitera bideratuko da diru-laguntza hau. Foru Aldundiak 70.000 euro jarriko ditu, eta Udalak beste 50.000 euro. Guztira, beraz, 120.000 euroko diru-laguntza eskainiko da, eta datorren astean egingo da deialdia, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean diru-laguntzen deialdia argitaratu ostean.

Berdinketa teknikoa
Azkenean, EH Bilduk gai zerrendatik kendu zuen Udal Foru Funtsaren eta zorpetzearen inguruan aurkeztutako mozioa, PSE-EEk aurkeztutakoaren alde eginez. Gipuzkoako Foru Aldundiak erabaki zuen, azken bi hiruhilekoetan,%20 murriztuko zitzaiela udalei 2020rako bideratuko zen foru funtsa. Urriaren 15ean egindako Finantza Kontseiluan, ordea, adierazi zen bilketa %13,3 jaitsiko zela.

Besteak beste, Aldundiarekin duten zorpetze-formula horren bidez, udalek 2022an eta 2023an itundutako zergengatik izandako diru-sarreren murrizketari dagokion zatia itzuli egingo luketela adierazi zuen Joxe Mari Villanueva PSE-EE alderdiko zinegotziak. «Bizkaiko eta Arabako foru erakundeek dagoeneko iragarri duten formula da, eta gure lurraldera zabaltzeko eskatzen dugu», azpimarratu zuen.

Baina, berdinketa tekniko bat izan zen mozioaren inguruko bozketan, EAJ-PNV alderdiko zinegotziek ezezkoa bozkatu zutelako. Ondorioz, alkateak nahitaez erabili behar izan zuen kalitatezko botoa, idazkariak hala esanda, nahiz eta berak gustuko ez izan. Hori dela eta, mozioak ez zuen nahikoa babes jaso aurrera egiteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!