Lehiatu nahi, baina ezin

Imanol Garcia Landa 2020ko aza. 3a, 11:58
Tolosaldea IKT taldekoak entrenamendua egiten Usabalgo igerilekuan.

Martxotik lehiaketarik ez dute egin igerileku batean Tolosaldea IKT eta Igarondo Urpekoak taldeko igerilariek. Aurrera begira ere zailtasunak ikusten dituzte.

Tolosaldea Igeriketa Kirol Taldeko zein Igarondo Urpekoak-eko igerilariek ez dute lehiaketetan parte hartu martxoan etenaldia egin zenetik. Hegats igeriketako Igarondo Urpekoak taldekoek soilik Hondarribian egindako proba batean parte hartu dute, itsasoan egindako zeharkaldi batean. Igerilekuetan lehiaketarik ez da egin oraingoz, eta aurrera begira ere zailtasun handiak daude.

Tolosaldea IKTkoei egutegia iritsi zaie Gipuzkoako Ligan, zein Euskadiko eta Espainiako Txapelketan parte hartzeko. «Gipuzkoako Liga jokatzeko lau-bost igerilekutan aritzen gara. Beraz, hainbat talde elkartuko ginatekeen igerileku bat beharko genuke», esan du Nerea Pagola teknikariak. Liga hastekoa zen orain bi aste, baina aurreko larunbatera atzeratu zuten. Egun horretan, baina, ez ziren hasi: «Neurri berriekin, gure liga Gipuzkoa mailakoa denez, bertan behera geratu da. Ez dira bertan behera geratu Euskal Herriko txapelketak eta Espainiako txapelketak, ulertzen delako maila horietan lehiatu gaitezkeela. Baina kezka handiarekin gaude horien inguruan, ikusita zein den egoera. Azken finean, martxotik lehiatu gabe gaude».

Euskal Herriko Kopa azaroaren bukaeran dute. «Absolutu mailan jokatzen denez eta Euskal Herri mailakoa izanik, erdi-profesional modura hartzen da. Baina lehiaketa hori egiteko igerileku eske dabiltza. Ze igerilekuk hartuko luke une honetan asteburu osoko lehiaketa bat?», galdetu du Pagolak. «Azkenean kiroldegi bat, udal bat eta talde bat behar da protokolo guztiak bete eta antolatzeko prest dagoena. Oso poliki doa guztia».

Espainiako Txapelketa igerilari multzo txiki batekin antolatzeko asmoa dago. Bestalde, erkidego edota probintzietan une berean txapelketak antolatu nahi dira, bertan igerilari gehiagok parte hartzeko. Baina txapelketa honetan ere euskal Herriko Koparen arazoa bera izango litzateke: igerileku bat behar dela horretarako. «Gu ez gara joango Espainiako Txapelketara, baina hemen egun berean antolatzen bada txapelketa, baliogarria izango dena, eta gure igerilari gehiagok parte hartu ahalko dutena, orduan interesatzen zaigu», esan du Pagolak.

Hegats igeriketakoei martxotik Espainiako zein Munduko txapelketak bertan behera geratu zaizkie, eta baita EAEn duten liga ere. Abenduan Espainiako Txapelketan parte hartzeko asmoa dute. «Egiten bada, modu murriztuan egingo da. Dirudienez proba bakoitzeko serie bakarra egingo da, eta, beraz, gehienez 50 igerilari elkartuko gara», esan du Irati Lakunza Igarondo Urpekoak taldeko igerilariak. Abenduko Espainiako Txapelketa horretara Lakunzak joateko aukera izango du, eta baita Aras Karakusek ere. «Absolutu mailako txapelketa bat izango da eta pena da gaztetxo guztiak kanpoan geratuko direla».

Orain gutxi egindako Hondarribiko itsas zeharkaldian, taldekoak podiumean izan ziren. Lakunza bera izan zen irabazlea emakumezkoetan. «Proba nahiko familiarra izan zen. Ondo ibili ginen eta pozik behintzat egin ahal izan zelako. Aire librean izan zelako egin ahal izan genuen, bestela igerilekuetan ez dugu ezer egin».

Munduko Txapelketa izaten da Lakunzarentzat helburu nagusia. Datorren urteko uztailera atzeratu dute. Errusian izango da, baina ez daki nola izango diren neurriak. «Oraingoz faktore asko daude zalantzan jartzen dutenak», esan du Lakunzak. «Hori izaten da entrenatzeko dugun motibazio handiena, baina dauden zalantzekin zaila izaten da».

Igarondo Urpekoak taldeko igerilariak Usabalgo igerilekuan entrenatzen.

EZOHIKO ENTRENAMENDUAK

Egoera berezian ari direla entrenatzen azaldu du Pagolak: «Kiroldegian aparteko ate batetik sartzen gara, eta ez dugu aldagelarik erabiltzen, ez dugu dutxatzeko aukerarik eta ezta lehorgailua erabiltzeko ere. Hori da dugun ezohikotasunik handiena. Aukera ezberdinak ere ikusten ari gara, adibidez, harmailak erabiltzearena. Bestalde, talde txikitan aritzen gara, eta azalpenak ematen ditugu igerilariak uretatik atera gabe».

Orain astebete inguru ezarritako neurriak direla eta, jendearen mugikortasunari dagokionez, bi taldeetatik ziurtagiriak banatzen ari dira Tolosatik kanpoko igerilariek Usabalera joan ahal izateko. «Absolutu mailakoei erdi-profesional mailako ziurtagiriak egin dizkiegu, Tolosaldea IKT Euskal Herrian lehen mailako taldea delako», esan du Pagolak. «Eskolakoei eta master mailakoei, mugikortasun ziurtagiriak ematen ari gara, beraien erreferentziazko igerilekua delako».

Igarondo Urpekoak taldekoek igerilariekin puzzle moduko bat egin dutela diote, entrenamenduak antolatzeko. Neurri berriekin, federazioaren bitartez ziurtagiriak egiten ari dira. Izan ere, besteak beste, Hondarribiko eta Berastegiko igerilariak dituzte. «Lehen ere lana bagenuen dena antolatzeko, eta lan gehigarri bat dugu orain», esan du Lakunzak. «Bestalde, nahiko kontentu gaude, igerilari guztiak igeri egiten ari direlako».

Igerilariak gustura joaten direla dio Pagolak. «Kirola egin eta taldean egoteko beharra dute. Baina egia da lehiaketarik ez izateak, helburu jakin bat ez izateak tentsioa gutxitzen duela, besteak beste, zure burua gehiago estutzeko». Tarteka, entrenamendu-lehiaketak egiten dituzte, denborak-eta hartuz, motibazioa handitzeko.

Aurrera begira, Pagolak uste du lehiaketak beste modu batera antolatzeko moduak ikusi beharko direla: «Igerilekua ez bada ixten, eta gaur egun gauden moduan jarraituz gero, lehiaketari buelta bat ematen hasi beharko genuke. Hau da, epaile bat ekarri eta taldeko igerilariak bakarrik lehiatzea. Denborak erregistratu eta balio dezatela. Bi edo hiru talde igerileku batean elkartzea ez da agian posible izango, eta, beraz, horrelako alternatibak begiratzen hasi behar dugu».

Denboraldia «nahiko zaila» izango dela azaldu du Lakunzak: «Kirol gutxituetan aritzen garenak gehiago sufrituko dugu. Maila altuenean gaudenok errazago izan dezakegu moldatzea, baina gaztetxoen motibazioa kanpora lehiatzera joatea izaten da. Entrenatu eta gero lehiaketarik ez izatea zaila da. Kirolari gutxi garen kirol bati min handia egingo dio horrelako egoerak».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!