Usabalgo futbol zelai berritua estreinatu dute

Ataria 2020ko azaroaren 2a

Hilabeteko lanen ondoren, ostiralean egin zituzten ikuskaritza eta homologazio lanak FIFA-k ezarritako parametroak betetzen direla ziurtatzeko.

Amaitu dituzte Usabal kiroldegiko futbol zelaiko belarra aldatzeko lanak, eta herriko taldeek estreinatu dute dagoeneko zelai berria. Hilabeteko lanen ondoren, ostiralean egin zituzten ikuskaritza eta homologazio lanak, FIFA-k ezarritako parametroak betetzen direla ziurtatzeko, eta egun berean hasi ziren taldeak zelai berrituan entrenatzen.

Aurreko belar artifiziala ez zegoen egora onean, eta horregatik aldatu da belarra, bai futbol zelai nagusian, baita ondoko zati gehigarrian ere. Guztira, 192.300 euroko inbertsioa egin du udalak, herriko taldeei entrenatzeko eremu egokiagoa, eta oro har, herritarrei kirola praktikatzeko gune aproposagoa eskaintzeko helburuarekin. Behin lanak amaituta, futbol zelai parean itxita egon den bidegorri zatia ireki da berriz ere.

Herriko kirol ekipamenduak berritzeko, udala aurrera eramaten ari den plangintzan kokatzen dira Usabalgo futbol zelaiko lanak. Izan ere, hainbat izan dira azken urteetan berritu, konpondu edo egokitu diren instalakuntzak, tartean, esaterako, Uzturpeko, Berazubiko eta Beotibarko frontoiak, edo Berazubi estadioan egin diren berritze lanak: harmailak, paddle pistak, frontoia, eta bulego eta aldagela berriak, besteak beste.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!