Koronabirusa

"Burgesiaren zuzeneko diktadura" geratzeko eskatu dute

Ataria 2020ko urr. 31a, 20:56

Gazte Koordinadora Sozialistak deituta, elkarretaratzea egin dute PSE-EEren Tolosako egoitzaren aurrean. 120 pertsona inguru elkartu dira bertan.

Elkarretaratzearen parte hartzaileen artean distantzia mantendu dute, eta bukaeran testua irakurri dute. Etxeratze aginduaren aurka zein PSOE eta EAJ alderdien aurkako oihuak egin dituzte, besteak beste. Tolosaz gain, Hego Euskal Herriko beste hainbat hiri eta udalerritan egin dituzte elkarretaratzeak.

Elkarretaratzean irakurritako testua:

"Burgesiaren zuzeneko diktadura gelditu!

Krisi kapitalistaren testuinguruan, pobreziaren eta askatasun ezean oinarritutako bizi eredu baterako trantsizioa bizi dugu. Industria- eta finantza-kapitalen jabe diren enpresari handiek gizarte eredu horren aldeko hautua egin dute, eta alderdi politiko instituzional guztiek onartu egin dute eredu sozial hori. Horrela, gero eta bereiziago dauden bi bando ari dira osatzen gizarte kapitalistan: batetik, politikari profesionalen, kapital finantzarioaren eta enpresari handien bandoa; bestetik, gero eta eskubide gutxiago dituen langileria xumearen bandoa. Klase ertainari dagokionez, bi joera orokor ditu: kapa asko proletarizatzen ari dira eta zati bat kapital handiaren ofentsiba prozesuan lerrokatzen ari da. Guk, eskubide zibil eta politikoen defentsan, lehenengo bandoaren aurkako salaketa kanpaina abiatuko dugu.

Nahiz eta komunikabideek gizarte zibilaren jokaera pertsonalari bota nahi dion errua, osasun-larritasun gaineko ardura oligarkiarena da. Izan ere, nabaria da burgesia handiak eta bere kontrolpeko instituzioek jakintza eta teknologia-baliabide handiak jendartearen osasuna bermatzera bideratzeko erakutsi duten borondate falta. Horrez gain, agerian geratu da burgesiak ezin duela berarentzako estrategikoak diren esparruen aktibitatea bertan behera utzi (adibidez, lantegi handiak eta eskolak, nahiz eta bertan kutsatze asko ematen diren), eta horren ordez, nahiago duela jendartearen eskubide zibil eta politikoak kolpetik murriztea. Kriminalizatzeko subjekturik baldin badago, hori burgesia da dudarik gabe, guztiaren gainetik kapitalaren akumulazio-dinamika jartzen baitu.

Guk langileriaren antolakuntza komunistaren aldeko apustua egiten dugu, eskubide zibil eta politikoak defendatzeko eta askatasuna bizitzako esparru guztietara zabaltzeko proiektu bezala ulertuta. Oligarkia finantzarioaren, enpresari handien eta politikari profesionalen kontrolpeko gizarte ereduan, pobrezia eta askatasun eza da biztanleriaren gehiengoari eskainiko zaiona; antolakuntza komunistaren baitan, bizirik jarraituko du askatasuna eta aberastasuna unibertsalizatzeko proiektu historikoak.

Horregatik, agintean dauden edota hauei babesa ematen ari diren alderdi politikoen aurka mobilizatuko gara. Osasunaren eta askatasun kolektiboen kalterako hartzen ari diren neurriak berehala gelditu ditzatela exijituko diegu.

Mobilizatu gaitezen ezarri nahi diguten erregimen sozial totalitarioaren aurka!"

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!