Euskaldunen ekarpena

Irati Saizar Artola 2020ko urr. 30a, 17:06

'Guinness World Records' liburuan lehen mundu birari eskainitako orrialdeak. Iturria: Elkano Fundazioa

Lehen mundu biran parte hartu zuten sei marinelek euskal jatorria dutela zehaztu dute ‘Guinnes World Records’ liburuan, Elkano Fundazioaren proposamena onartuta. Pedro Tolosa da haietako bat.

 

Guinness World Records erakundeak eguneratu egin du lurraren inguruko lehen itzuliari buruzko informazioa, eta Juan Sebastian Elkano kapitainaren eta espedizio hartan parte hartu zuten beste bost marinelen euskal jatorria aitortu du, besteak beste. Era berean, Cabo Verden preso hartutakoak ere sartu ditu munduari lehenbizikoz bira emandako marinelen zerrendan, eta, hala, liburuan idatzita geratu da munduko bira osatu zuten pertsonak ez zirela hemezortzi izan, baizik eta 31. Berrien artean da tolosar bat: Pedro Tolosa. Aldaketa horiek Elkano Fundazioak proposatu ditu, eta dagoeneko Guinness World Records erakundearen webgunean jasota daude; baita liburuaren 2021eko edizio idatzian ere.

Hasiera batean, Victoria izeneko ontzi batek lehen mundu bira osatu zuela soilik agertzen zen liburuan, Magallaesen gidaritzapean, Elkano Fundazioko koordinatzaile Rafa Zulaikak zehaztu duenez. “Bagenekien, ordea, ontzi batek bere kabuz ezin duela itsasbidea egin; kapitaina eta eskifaia ere behar ditu”, azaldu du. Hor hasi zen Elkano Fundazioaren lana: “Jendeak Magallaesen espedizioa izan zela du buruan, eta guk zehaztu dugu lehen mundu bira horretan izan zen beste kapitaina Elkano izan zela, eta ez zela bakarrik joan, baizik eta hainbat lagunekin; izan ere, Magallaes Filipinetan hil zela zehaztuta zegoen, baina gero espedizioak aurrera nola jarraitu zuen ez zen esaten errekorren liburuan”.

Fundazioak erakundeari Juan Sebastian Elkanoren berri eman ziotenean, Elkano nola idazten zen galdetu zieten, k edo c hizkiz. “Euskal Herritik ari ginela esan genien, eta gure hizkuntza euskara dela; kuriositatea piztu zitzaienez, galdetu egin genien ea euskal jatorria zehazteko aukerarik ba ote zuten”. Hortik, Elkanoren eskifaiako kideak aipatzera ere iritsi ziren, eta, horrela, munduko bira osatu zuten sei pertsonaren jatorri euskalduna zehaztu dute: Elkanorena, Pedro Tolosa despentsariarena, eta lau bizkaitarrena: Juan Akurio kontramaisuarena, Juan Arratia marinelarena, Juan Zubileta morroiarena eta Pedro Txindarza morroiarena.

Zulaikak dio leku askotan esaten dutela mundu bira osatu zuten kideak hemezortzi izan zirela. “Cabo Verden preso harturikoak ahaztu egiten dira; orain, ordea, guztiak azaltzen dira errekor historikoen liburuan; 31, guztira”. Era berean, Getariako Udalak proposamena egin dio Gipuzkoako Foru Aldundiari Getarian bertan dagoen monumentuan ipinita dagoen zerrenda eguneratzeko, eta gainerako kideak ere ager daitezela eskatu dio.

Errekorren liburuan agertu diren izen berri horien artean bi dira euskal herritarrak: Pedro Tolosa eta Pedro Txindarza bermeotarra. Zulaikak azaldu du bi kide horiek Cabo Verden preso egon zirela, beste hamar kiderekin batera, eta 1522ko abenduan Gaztelara itzuli zirela, Victoria ontzia iritsi eta hiru hilabetera.


‘Victoria’-n, hogei urterekin

Elkanorekin batera mundu bira osatu zuenen artean da Pedro Tolosa. Daniel Zulaika historialariak lehen mundu biraren inguruan jasotako informazioaren arabera, Tolosan jaio zen, eta Lazkano eta Maria Albisturren semea zen. “Badakigu hogei urte zituela Victoria itsasontzian itsasoratu zenean, eta badakigu ere ez zekiela idazten”.

Jasoa dutenaren arabera, hasiera batean ez zen espedizioan parte hartzekoa: “Sevillako beste itsasmutil bat, Pedro Maldonado, ez zen agertu itsasontziak abiatzear zeudenean, eta haren lekuan sartu zen Pedro Tolosa”.

Ozeano Atlantikoan eta Ozeano Barean zehar ibili ostean, Filipinetan Pedro Tolosaren patua “nabarmen aldatu” zela dio Zulaikak: “Izan ere, 1521eko apirilaren 10ean, Huelvako Juan de Aroche, Victoria itsasontziko despentsaria, hil egin zen gaixotasun batek erasanda, eta tolosarrak hartu zituen despentsariaren zereginak itsasontzian”. Itsasontzi hartan, bizigaien eta uraren arduradun izan zen, eta eskotillako giltzak zituen bakarra zela daukate jasoa.

Zulaikaren arabera, 1521eko abenduaren 21ean, San Tomas egunez, Victoria itsasontzia Tidoretik Sanlucarrera abiatu zen, eta Cabo Verden lehorreratu zen. “Bizigai bila atera ziren, eta portugaldarrek espedizioko hamahiru kide atxilotu zituzten; horien artean, Pedro Tolosa. Aldiz, Elkanok ihes egitea lortu zuen eskifaiako gainerako kideekin batera”.

Hiru hilabete beranduago iritsi ziren Sevillara [Espainia] Cabo Verden preso hartu zituztenak. Zulaikaren esanetan, Tolosa, Cabo Verden preso egon ostean, Lisboako espetxera eraman zuten. Handik iritsi zen Sevillara: “Han kendu zioten soldata tolosarrari. Espedizioan emandako hiru urte eta 28 egunengatik 29,528 marabedi jaso zituen, eta beste 48,606 marabedi kintaladei —hau da, ordaintzeko modu gehigarriei— zegozkienak”.

Pedro Tolosaz fundazioak dituen azken dokumentuak 1524ko maiatzaren 24an Badajozko [Espainia] Batzarrean izandako parte hartzeari dagozkionak dira. Han, Portugalek eta Espainiak Moluka uharteak nori zegozkion eztabaidatu zuten, eta Tolosak lekukotza eman omen zuen beste lau euskaldunekin batera, fundazioaren arabera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!