Abiatu dute Haurren Hiria ekimena

Tolosaldeko Ataria 2020ko urr. 29a, 18:58

Tolosako hiru ikastetxeetako 6 eta 12 urte bitarteko haurren emozioak lantzeko asmoa dute aurten. Haur horien ekarpenak 'Guztion artean Tolosatzen' prozesuaren baitan landu den herri aliantzan jasoko dira, eta beraiek identifikatutako beharrei aurre egiteko egitasmoak diseinatuko dira.

Gaur egin dute ikasturte honetako Haurren Hiria ekimeneko lehen saioa Tolosako Herrikide, Samaniego eta Laskorain ikastetxeetan. Haurren ikuspegia oinarri hartuz, herria hobetzea helburu duen proiektuan, bizi dugun egoera bereziak eragindako emozioak landuko dira 2020-2021 ikasturtean. Metodologia, gainera, Covid-19 protokolora egokituko da.

Lehen Hezkuntzako 3., 4., 5. eta 6. mailako ikasgela osoek parte hartuko dute aurten lan saioetan. Kontuan hartuko dira eskolan zehaztutako burbuila taldeak, segurtasuna bermatzeko; hortaz, ezinezkoa da ikasgela ezberdinetako ordezkariak elkartzea. Hori dela eta, Arazi enpresako hezitzaileen bidez bideratuko da proiektua, eta beraiek bertaratuko dira ikasgela bakoitzera, aurrez aurreko saioak egiteko. Uneoro bermatuko da Covid-19ari aurre egiteko protokoloa betetzen dela; hala ere, egoera aldatuz gero, indarrean dauden neurriak aplikatuko dira. 2021eko maiatzean proiektuaren emaitzak guraso eta udal ordezkariei aurkeztea aurreikusten da.

Helburua haurrei hitza ematea izanik, ikasturte bakoitzean gai ezberdin bat jorratzen da. Azken ekimenean, Tolosa, denon herria lelopean, ezaugarri ezberdinak dituzten herritarren beharrak hartu ziren kontuan, eta Tolosa hobetzeko proposamenak egin ziren. Aurten, berriz, haurren emozioak izango dira ardatz. Besteak beste, itxialdia nahiz eskolara itzulera nola bizi izan duten galdetuko zaie, haien kezkak zeintzuk izan diren edota ilusioa zerk eragin dien aztertu ahal izateko. "Emozioetatik abiatuz, gure bizitza hobetzeko eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko bideak bilatzea da aurtengo helburua", diote udaletik.

Ikasturte honetan ahal dela baliabide digitalen erabilera saihestuko da proiektuaren garapenerako, aurrez aurreko saioak lehenetsiz. Dena den, osasun krisiak sortu ditzakeen egoerak kontuan hartuko dira eta, beharrezkoa izanez gero, proiektuari jarraipena emateko online plataformak eskainiko dira.

Guztion artean, Tolosatzen prozesuaren baitan landu den herri aliantzan jasoko dira haurren ekarpenak, eta Tolosatzen Eskola Irekiaren programazioaren bidetik, haurrek identifikatutako beharrei aurre egiteko egitasmoak diseinatuko ditu Tolosako Udalak, hala nola, gurasoei eta familiei zuzendutako hitzaldiak edota tailerrak antolatuz.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!