Aldaketa klimatikoari aurre egiteko tokiko plana eskatu du Tolosako Udalak

Tolosaldeko Ataria 2020ko urr. 29a, 16:59

Tolosaren garapen jasangarrirako, trantsizio energetikoa eta elektromugikortasuna barne hartuko dituen estrategia bateratua garatzea da helburua. Udal gobernuarentzat "lehentasunezkoa" da legealdi honetan horretarako urrats sendoak egin eta planean jasotako ekintzak garatzea.

Aldaketa klimatikoari aurre eginez, eta Tolosa herri jasangarriagoa bihurtzeko helburuarekin, Tolosako Udal Gobernuak estrategikotzat jo du, legealdi honetan, trantsizio energetikoaren eta elektromugikortasunaren aldeko urratsak ematea. Legealdi planean hainbat ekintza daude aurreikusiak esparru horietan, eta udalak badu trantsizio energetikorako plana, baita mugikortasun jasangarrirako plan berria ere.

"Orain, klima aldaketari aurre egiteko tokiko estrategiak zehaztu eta garatzea da helburua, plan guztiak, garapen jasangarrirako estrategia berean kokatzeko", diote udaletik. Plan honen garapena, 2020ko aurrekontuetan jasotako egitasmoetako bat da eta udalak 6.000 euro bideratuko ditu. Isladak enpresa arduratuko da lan hau egiteaz.

Eraldaketarako ekintza plana

Azterketaren helburua, esan bezala, klima aldaketari aurre egiteko estrategia zehaztea eta eraldaketarako ekintza plana garatzea da. Horretarako, testuinguruaren azterketa egingo da. Kontuan hartuko dira udalaz gaindiko plangintzak eta arautegiak, aldaketa klimatikoa eragiten duten askotariko faktoreak eta zeharkakoak, udalerriaren errealitatea (hondakinak, natura ingurunea, energia eta mugikortasuna) eta udalaren eskumenak.

Diagnosi fasean, beraz, esparru horiek guztiak aztertuko dira, eta ondoren, eraldaketarako ekintza plana garatuko da, genero ikuspegiarekin lotura duten ekintzak ere barnebilduz.

Herritarren partaidetza

Planaren zirriborroa herritarrekin partekatuko da, eta hauen ekarpenak plangintzan jasoko dira. Horretarako, aurkezpen saio bat egingo da zirriborroa garatu ostean. Enpresa azaroan hasiko da testuinguruaren azterketa egiten eta 2020ko abendua eta 2021eko urtarrila bitartean definituko dute estrategia. Gero, 2021eko otsailean ekingo diote estrategia eta ekintza plan zirriborroa idazteari. Beraz, datozen hilabeteetan plana garatuko da eta datorren urtean partekatuko da dokumentua herritarrekin.

Udal gobernuarentzat "ezinbestekoa" da aldaketa klimatikoari aurre egiteko tokiko plana garatzea, "herriaren garapen jasangarrirako estrategia bateratua eta osatua izateko, alor guztiak kontuan hartu eta barnebilduko dituena, besteak beste, energia, mugikortasuna, hirigintza, natur ingurunea eta negutegi gasak".

Hori dela eta, 2019-2023 Legealdi Planean jada jasoak daude herriko ingurumen jasangarritasuna hobetzeko hainbat ekintza: Hiribus elektrikoa ezartzea, eguzki plakak udal eraikinetan jartzea edota kontsumo arduratsua sustatzea. "Oinezkoek lehentasun osoa izango duten herri eredua sustatzen ere jarraituko da, elkarbizitzarako guneak sortuz, bizikletaren erabilera sustatuz edota herritarrentzat espazioak berreskuratuz, esaterako, Zumardi Txikia".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!