Andia dorrearen aukera

Erabiltzailearen aurpegia Joxemi Saizar 2020ko urr. 28a, 19:59

Tolosako Kale Nagusiko 17. zenbakian, Andia dorrearen ondoko etxea bota dute, eraikin berria altxatzeko; herrian egindako lehen eraikina izanik, herritar talde batek zaintzea eskatu du.

Kale Nagusian, Andia dorrearen ondoko etxea bota dute berria eraikitzeko, dorrearen ipar fatxada agerian utziz. Fatxada hori bistan uztea edo gutxienez teknikariek aztertzea eskatzen du herritar talde batek, Tolosan egindako lehen eraikina izan daitekeela kontuan hartuz.

Tolosako Alde Zaharrean, gaur egungo Kale Nagusiko 17. zenbakian eraikin berezia aurki daiteke. Inguruko besteetatik teilatuaren ertzetan dituen bost gargolek eta hego fatxadan duen armarriak ematen dute arreta. Andia dorrea da, zenbait historialari eta idazleren iritziz, Tolosan altxatu zen lehen eraikina, X. mendekoa. Historia luze horretan hainbat funtzio izan ditu eta pertsonaia ospetsuak bizitu dira bertan. Uztailean ondoko etxea bota zuten, 13 etxebizitzako etxe berria altxatzeko asmotan. Tolosar batzuk kezka eta interesa adierazi dute, dorre historikoa baloratzea eta zaintzea nahi dute, eta horretarako udalari proposamena egin diote EH Bilduko zinegotzien bitartez: ahal bada agerian gelditu den ipar fatxada hori horrela uztea edo, gutxienez, teknikari talde batek aztertzea.

Tolosa nola sortu eta eraiki zen jakiteko, ezinbesteko lana da Angel Martin Ramos udal arkitektoa izan zenaren La construccion de Tolosa liburu mardul, eder eta ondo dokumentatua. Herri izaera 1256an Gaztelako Alfontso X. Jakintsua erregeak eman bazion ere, data horren aurretik jada bizi zen jendea Oria ibaiaren ertzean eta Uzturre mendiaren magalean. Herria sortzeko kokapen geografiko egokia zuela baieztatzen du Angel Martinek bere lanean, arrazoi hauekin: Nafarroako erresumako hiriburua zen Iruñea eta kostaldearen arteko pasa-lekua, etapa egokia bi puntu horien artean, mendiz inguratutako leku segurua, Oria ibai garrantzitsuaren erdialdean, eta ibai adar ugari urez hornitzeko, bailara txikiagoak inguruan, auzo batzuk lehendik jada izatea (Ezama-Santa Luzia, Iurre ermita San Blasen, Laskoain, Auzo txikia)… Merkataritzarako baldintza ezin hobeak dira aipatutakoak.

HERRIKO LEHEN ERAIKINA

X. mendean kokatzen dute jada Andia dorrea historialari batzuk (Zirikiain Gaiztarro, Gebara), herria sortu baino hiru mende lehenago. 1200 urtean, Gaztelak Gipuzkoa bereganatu zuenean, dorrea bazela dio Zirikiainek. Erdi Aroan ahaide nagusiek eta jauntxoek bere legea zuten, lurraldean kokapen nabarmenak hartzen zituzten bere interesak defendatzeko eta bere jabetzak eta bere menpekoak dominatzeko. Gipuzkoan ahaide nagusien 24 etxe bakarrik zeuden Pablo Gorosabelek dionez eta horien artean ez zegoen gaur egun Andiarena bezala ezagutzen duguna. Ahaide nagusiak bezala, familia noble eta leinu ez hain zaharrekoak ere lurralde garaietatik baxuagoetara aldatu ziren prozesu luze batean. Oria ibarrean, Laskoaingo meandroetako zelai zabalean, leku egokia aurkitu zuten dorrea eraikitzeko leku egokia, lehen aipatutako arrazoiengatik, Martinen arabera. Defentsarako eta kontrolerako leku aparta zen aukeratutakoa ibaiak meandroa egiten duelako, iparraldeko sarrerari begira dagoelako, mendi tarte estuaren formarekin.

Dorreak defentsarako forma eta orientazioa duela aipatzen du Martinek, gelditzen diren arrastoetan ikus daitekeenez. 17x14 metroko planta errektangularra dauka, iparraldeko fatxada mendi tartera begira eta hegoaldekoa, beste hiru bailaretara. 120 cm-ko lodiera dute lau harresiek. Pareta horiek mantendu egiten dira eta horiekin batera teilatuaren ertzetan bost gargola eta hego fatxadan, armarri baten aztarnak. Betiko pasabide naturalaren erdian autodefentsarako eraikia izatearen froga nabarmena. Mendebaletik Monteskuko iturburuak eta Illibi erretena iristen ziren, ur hornidurarako beharrezkoak, Oria ibai nagusiarekin dorrearen iparraldera elkartzen zirenak.


LEHEN KALEA

Herriguneko lehen eraikin honen inguruan basailu edo menpeko gehiago biltzen joan ziren XII. mendean historialarien arabera, material xumeagoko eraikuntzetan (egurra, adibidez). Jauntxoek erraztasun batzuk ematen zizkieten bere zerbitzari izan nahi zutenei: lurrak eman etxeak altxatzeko, larreak, basoak eta urak ustiatzeko eskubidea… hamarren batzuk ordaindu eta betebehar batzuen truke, noski. Horrela sortu zen leku horretan herriko lehen kalea. Gainontzeko kaleak sortzen joan zirenean, Kale Nagusia deitu zitzaion lehen kale horri, gaur egun mantentzen duen izena. Agian, Gipuzkoaren barrualdeko lehen kalea izan zitekeela adierazten dute herriko historia aztertu dutenek. Herriaren sorreran, dorrearekin batera, Santa Maria eliza, Arrameleko ermita eta errota ere baziren Tolosan. Gipuzkoako beste hiri asko sortzeko erreferentzia izan zen Tolosa, bere kokapen, antzinatasun eta ezaugarriengatik. Gipuzkoak dituen hamar mendeetako historiatik bederatzietan lurraldearen erdiguneko herri nagusia izan zen gurea.

Mende horietan zehar jende asko bizitu zen Kale Nagusiko dorrean. Domenjon Gonzalez de Andia da garrantzitsuena. Bertan jaio zen, 1420 inguruko data zehaztugabe batean. Gipuzkoako Batzar Nagusietako eskribaua izan zen 1456tik aurrera eta paper garrantzitsua izan zuen bere garaiko politikagintzan. Gipuzkoako herrien batasuna lortu zuen, Batzar Nagusien egitura politikoari forma eta egonkortasuna eman zizkion. 1842an Ingalaterrako koroa eta Gipuzkoaren artean sinatu zuten bake itunean paper garrantzitsua izan zuen, itsas trafikoa bultzatuz bien artean. Ahaide nagusien nagusikeriaren aurka borrokatu zuen, beraien arteko liskarrekin bukatuz. Bere garaian Gipuzkoako errege bezala izendatzen zuten, izan zuen protagonismoaren adierazle. Horrela dio garaiko bertsoak: «Sagarra eder gezatea/ gerriyan ere ezpatea/ Domejon de Andia/ Gipuzkoako erregia». 1489ko azaroaren 18an hil zen Zumaian, Batzar Nagusia egiten ari ziren batean, eta Tolosan lurperatu zuten.

AZOKA ZAHARRA

Eta hasieran dorrea zenak hainbat funtzio izan ditu historian zehar. 1501 urtean Tolosan sute handi bat izan zen, herri osoa suntsituz, baina Andia dorrearen lau paretak bakarrik salbatu ziren. Domenjonen semea zen Anton Gonzalez de Andiak berreraiki zuen dorrea eta udalari eskaini zion hainbat eginkizunetarako. Horrela, Juan Garmendia Larrañagak Domenjon Gonzalez de Andiari buruz idatzi zuen liburuan alondegia, udaletxea eta kartzela izan zela aipatzen du. Alondegia lehen aldiz 1524an jarri zen bertan, balantza publiko batekin. Dorrearen ipar paretari erantsita zegoen, horregatik orube horri Azoka zaharra deitu izan ziola aipatzen du Gorosabelek. Herriko lehen udaletxea bera izan zela diote batzuk 1546tik aurrera, plaza Zaharrekoa baino lehenago. Bi aldeen arteko harreman horretan auzi ugari izan omen ziren 1558 eta 1610 urteen artean.


ARMARRIA MANTENTZEA DA

XVIII. mendean Bustamante ostatua kokatu zen bertan eta XX. mendearen lehen erdian Cielo Grande hotela, Victor Zeberio sukaldariaren ardurapean. Gaur egun perfumeria-drogeria dago beheko solairuan eta goikoetan, etxebizitzak. Berrikuntza ugari egin dituzte bertan, azkena igogailua jartzeko.

Bizilagun batzuen testigantzaren arabera, etxe barruan, ipar fatxada horretan, Erdi Aroko itxurako leiho batzuk daude itsututa, jatorriz dorrearenak izan zitezkeenak. Bere garaian, Agintari kale aldera, ate bat agertu omen zen harresian, agian orain bota duten etxearen orubean zegoen zaldien patiora ematen zuena.

Aurreko mendeko 50. hamarkadan egin ziren lan batzuetan, hego fatxadako armarria txikitzen ari zirela, Isaac Amonarriz zinegotziak ikusi eta lana gelditu egin zuen. Horri esker mantentzen da orain gelditzen dena bistan.

Orain aukera historikoa sortu da dorre honi duen garrantzia emateko. Uztailean bota zuten ondoko etxea, iparraldeko fatxada bistan utziz. Pareta hori etxeen artekoa bezala agertzen omen da udal agiri batzuetan (medianera), baina dorrearen jatorrizko horma dela uste dute gaiarekin kezkatuta dauden tolosarrek, eta horregatik babes berezia eman beharko litzaiokeela diote.

Bota den etxearen orube horren azken erabilpenak Cielo taberna eta ile-apaindegi bat izan ziren, etxebizitza batzuekin batera. Horretan adituak diren arkitekto, arkeologo eta teknikariek jatorrizko pareta hori aztertzeko aukera dago, beraz, orain, etxe berria eraiki baino lehen, jasotako informazioa etorkizunerako dokumentatuta gordetzeko. Eta ahal bada, betirako bistan utzi.

Tolosan dorre honen garrantzia duten eraikin gutxi gelditzen dira (Atodo, Iturriza, Idiakez) eta bere balorea ematea komeniko litzateke, ahanzturan geldi ez dadin. Orain da garaia, herri honetan horrelako aztarna asko galdu dira eta historia berriro ez errepikatzea litzateke zentzudunena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!