Dolua iruditan

Imanol Garcia Landa 2020ko urr. 30a, 13:08

Margotzea adierazteko modu bat da, eta zenbaitetan barruan gordeta dagoena adierazteko bidea. Miren Fagoagak margolanen bidez adierazi du doluan sentitutakoa. Lanak ikusgai daude 3 tabernan.

Dolua abiapuntu hartuta 36 koadro zintzilikatu ditu Miren Fagoagak (Leitza, 1971) Tolosako 3 tabernan. Dolua, barnehutsaren kolorea irudietan izena jarri dio erakusketari eta azaroaren 8ra arte izango da ikusgai bertan. «Doluaren inguruko irudiak dira. Doluaren barnean nengoenean ze sentipen neuzkan adierazten dituzten irudiak dira. Gorputza hustu egiten zaizu, zulo bat egiten zaizu gorputzean, eta hor barruan gertatzen diren gauza guztiak, zulo horrek dituen kolore guztiak, irudietan adieraziak daude», azaldu du Fagoagak.

Gaia aukeratu baino, gaiak bera aukeratu zuela dio margolariak. «Horrelako prozesu batean nengoen, eta hasieran laguntza eskatzen duzu inguruan: familia, profesionalak... Baina iritsi zitzaidan une bat barnean nuen hori ezin nuela atera, eta bat-batean marrazki bat egiten atera zitzaidan. Orduan hasi nintzen saiatzen barruan nuena egunero ateratzen».

Gizartean ez da ohiko hizketarako gaia izaten dolua, eta Fagoagak berak hasieran zalantzak izan zituen margolanak erakusteko. «Berez garbi nuen erakutsi nahi nituela, baina beti atzetik baduzu ahots hori esaten dizuna ea ziur zauden hori erakutsi nahi duzula. 'Zergatik erakutsi nahi duzu zure mina jendeari?', galdetzen zidan ahots horrek». Doluaren prozesuari buruz ez dela hitz egiten dio margolariak, izatekotan oso gertukoekin: «Etxean gordetzen gara negar egitera».

Baina bizitzak bere alde onak eta txarrak dituela gaineratu du, eta bizitza hori dena dela. «Hori erakustea garrantzitsua iruditzen zitzaidan. Nire mina da, eta agian ez dio inori axola nik pasa dudan mina. Baina baten batek zerbait esaten dioten irudi batzuk ikusi ditzake». Hain justu, jendeak esan izan dio irudi batekin edo beste batekin identifikatuta sentitzen dela. «Azkenean denok pasatzen dugun zerbait da, eta hori erakustea niri zerbait oso naturala iruditzen zait». Dolu mota asko dagoela gaineratu du Fagoagak: «Ez dago bakarrik pertsona bat galtzearen dolua. Nik uste dut denok izan dugula galera motaren bat, txikiagoa edo handiagoa. Horrelako sentipenak denok antzekoak izan ditugu».

Berpiztea

Gorputzak eta gorputz atalak dira nagusi marrazkietan. Eta hauek lotuta daude beste elementu batzuekin, landareekin adibidez. Edota gorputz horiek zulatuta daude, eta odola izan daitekeen isuriak azaltzen dira. «Marrazkiak egiten ari nintzenean, sentipen bat irudi batekin transformatu behar duzu, eta nik imajinatu nuen min hori gorputz batean, eta gorputz horretan egiten den zuloan, eta batzuetan zuloaren bitartez erraiak ikusten dira. Eta zulo hori da falta, mina, gertatu zaizkizun gauza itsusi guztiak, eta hori landuz hazi bat sortzen da eta hazi horretatik landare bat». Landare hori biziberritzearen sinbolo bezala hartzen duzu. «Azkenean hiltzen zara pixka bat eta berriro berpiztu behar duzu, eta berpizten zara hazi batetik, landare bat sortzen den modu berean».

Bat-bateko marrazkiak direla esan du Fagoagak. Hasieran gehiago landu behar izan zituen, nola egin ikusteko, baina gero egunero marrazki bat egiten zuenean azkar egiten zuen, eta barrutik sortzen zitzaiona izaten zen. Prozesu horretan hitzen bat ateratzen zitzaion tarteka, eta hori ere jartzen zuen marrazkian. «Esaten da doluak bere etapak dituela, eta nik uste dut etapa horiek pasatu ditudala. 'Etsipena' hitza jartzen nuen, etsi egiten nuela adierazteko, onartu egin behar nuelako zulo hori dudala, eta aurrera jarraitu behar dudala. 'Berpiztu' ere jarri dut, bizi berri bat egin behar dudala esateko».

Gorputzaren barruak gorri eta urdin kolorekoak ikusten ditu Fagoagak, eta horrela islatu du bere koadroetan. «Isuri batzuk urdinak dira, ura adieraziz, eta beste batzuk gorriak dira, odola irudikatuz. Bizitzaren eta sufrimenduaren edo minaren sinbolo moduan erabili ditut. Kolore hotza eta beroa daude, ura eta sua... Bi koloreekin dena hartzen dut». Lehenengo sentimendua eta ondoren esanahia etorri da. «Nik ez nuen inoiz pentsatu nire barruak gorriak eta urdinak zirela, eta orain nire barruak horrela erakutsi dit».

Bere lanak 3 tabernan erakutsi ditu lehendabizikoz. Erakusketa azaroaren 1aren inguruan ikusgai izatea horrela suertatu dela esan du Fagoagak: «Nik ez nuen kontutan hartu egun hori. Jarri zen data bat, eta gero esan zidaten azaroaren 1a bazetorrela eta ondo legokeela erakusketa egun horietan egotea». Fogoagak ez dio garrantzia berezirik ematen egun horri: «Niretzako hildakoen eguna egunero da, egunero gogoratzen dituzu, ez egun horretan bereziki».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!