Saskibaloiak egunerokotasunetik deskonektatzeko balio dezala

Imanol Garcia Landa 2020ko urr. 28a, 11:58

Oraingoz hiru partida jokatu ahal izan ditu TAKEk, horietatik bi galduz eta bat irabaziz.

Hiru jardunaldi jokatu dituzte oraingoz TAKE taldekoek, aurreko asteburuan jokatzekoa zen laugarrena bertan behera geratu zelako. Hiru partida horietan bi galdu eta bat irabazi du klubeko emakumezkoen talde nagusiak. Iñigo Irurtzun entrenatzaileak denboraldi hasiera oso arraroa izan dela nabarmendu du: «Denboraldi-aurrea hasi ginen prestatzen pentsatuz urtarrilean hasiko zela liga. Lasai hartu genuen eta pixkana hasi ginen biltzen, sei hilabeteren ondoren zerotik hastea ere kostatu baitzitzaigun. Baina, egun batetik bestera erabaki zen ligarekin hasi behar genuela eta pixka bat berde harrapatu gintuen. Ahal dena egiten saiatu gara».

Lehen bi partidetan Ostadar eta Antigua-Luberri taldeen aurka jokatu zuten, eta horiek galdu egin zituzten. Bi talde horiek sailkapenean goiko postuetan egotekoak dira ligaren bukaeran. Hirugarren partida irabazi egin zuten Goierri Ayma taldearen aurka. Irurtzunek argi du, baina, aurten duten helburua: «Taldean horri buruz hizketan hasi ginenean argi jartzen genuen kirola egitearen lehen helburua osasun mentala izango zela. Hau da, geroz eta murrizketa gehiago izaten ari garen garai hauetan, saskibaloiak pixka bat horretaz deskonektatzeko balio izatea. Horregatik lasai hasi ginen. Gero, lehiaketak laguntzen digu pandemia honetaz ihes egiten, eta hori asko eskertzen den zerbait da. Pixkana erritmoa hartzen ari ginen eta orain egoerak okerrera egin duela ikusita, normala den moduan berriro etxera, eta ikusiko dugu hemendik bi astetara zer gertatzen den».

Azken jardunaldiaz gain, hurrengo bi jardunaldiak ere bertan behera geratu dira. Gipuzkoako lehen mailan jokatzen dute TAKEkoek, eta bertako saskibaloi federazioak hartu zuen erabakia partida horiek ez jokatzeko. Hori bai, gerora Eusko Jaurlaritzatik iritsi diren neurrien arabera, taldean entrenatzeko aukera izango dute berriro, aurreko ostiraletik jarduera hori ere debekatuta izan ondoren. Denboraldi honetan horrelako egoerak gertatu daitezkeela dio Irurtzunek, eta gogora ekarri du aurreko asteetan hainbat jokalarik ezin izan dutela entrenamenduetara joan konfinatuta egon direlako. «Ahal dena egingo dugu. TAKEk eskaintzen digun saskibaloi espazio honek nolabait balio dezan egunerokotasunetik deskonektatzeko eta osasuntsu izaten jarraitzeko», esan du.

Jokalarien zerrendan aldaketak izan dituzte. Dagoeneko ez daude taldean Maddi Lakunza, Marta Mendinueta eta Olaia Franco. Aurpegi berriei dagokionez, lau dira: Jasone Zabala, Irune Gurrutxaga, Saioa Jauregi eta Oihane Dorronsoro. Sailkapenean erdi-goi tartean egotea nahi dute. «Ligan aurten talde berriak daude, eta ez ditugu ezagutzen. Badakigu gutxi gorabehera zein den gure lekua eta hori defendatzen saiatuko gara», esan du entrenatzaileak. «Aldaketa batzuk izan ditugu taldean, eta berriak talde dinamikan barneratzen goazen heinean hasi ahalko gara sailkapenari begira jartzen».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!