Adikzioei aurre egiteko plana

Tolosaldeko Ataria 2020ko urr. 20a, 13:39

Tolosako Udala adikzioei aurre egiteko plana ari da garatzen AGIPAD elkartearekin batera. Diagnosi fasean hainbat dinamika egin dituzte gizarte eragileekin eta orain diagnosiaren emaitzak partekatuko dituzte haiekin, identifikatutako lan-lerroen artean lehentasunen araberako plangintza antolatzeko.

Adikzioen aurkako plana garatzen ari da Tolosako Udala, AGIPAD elkartearekin elkarlanean. Diagnosi fasean hainbat dinamika egin dituzte gizarte eragileekin, eta urriaren 22an, bigarren fasearen barruan, emaitzak partekatuko dituzte haiekin. Lan saio horretako helburua da "edukia kontrastatu eta partekatzea, diagnosiaren berri eman eta lehentasunak finkatzeko". 

Udalak argitu du, egungo egoera ikusita, 30 lagun elkartuko direla gehienez, eta parte hartu dutenei aurrez bidaliko zaiela diagnosia. Ekarpenak online egin ahal izango dituzte. "Informazioa partekatu eta eragileen iritzia entzun ostean, ekintza plana garatuko du udalak eta ondoren, Adikzioen Aurkako Plan osoaren aurkezpena egingo da".


Diagnosian egoeraren analisi sakona egin dela esan  du eta lau esku-hartze ardatz identifikatu dituztela: adikzioekiko pertzepzioa aldatzeko sentsibilizazioa, prebentziozko esku-hartzea arriskuan dauden biztanleengan, prebentziozko esku-hartzearen kalitatea eta azterketa, eta berrikuntza ardatza. "Hori ikusita, lau lerro estrategiko planteatu dira eta eragileekin kontrastatu nahi dira behin betiko plangintza egin aurretik".

Adikzioen aurkako planaren helburu orokorrak dira Tolosako herritarrak adikzioei lotutako arazoaren inguruan sentsibilizatu eta formatzea, udalerriko biztanle talde zaurgarrienetan prebentziozko esku-hartzearen intentsitatea indartzea, prebentziozko esku-hartzean hobekuntza bultzatzea, eta etengabeko berrikuntza eta egokitzapena sustatzea adikzioen inguruan, etengabe aldatzen ari den gaia delako. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!