Eusko Jaurlaritzaren azken aginduari jarraiki Tolosako udal gobernuak astebururako antolatuta zeuden jarduera eta ikuskizun guztiak etetea eta atzeratzea erabaki du.
Hala, Tolosako kultur etxea itxita egongo da, eta bertan egitekoak ziren ekitaldiak atzeratu egingo dira, hala nola, jabetze eskolako tailerrak eta Gainditzen elkarteak antolatutako ekitaldiak. Atzeratu egingo dira, halaber, Leidorreko ikuskizunak, zinema eta Kukai dantza taldearen emanaldia, kasu, eta igandeko San Frantzisko elizako abesbatzen kontzertua ere ez da eskainiko. Bestalde, larunbateroko azoka mantendu egingo da, "agindu berriak ezarritako neurri guztiak jarraituta".
Bada, Eusko Jaurlaritzaren aginduaren ondotik, azaroaren 5era arte, ondorengo neurri eta gomendioak egongo direla indarrean adierazi dute Tolosako udaletik. Gomendioei dagokienez, Tolosatik sartu eta ateratzea ekiditea gomendatu dute, "lan arrazoiengatik, ikasketengatik, ohiko bizilekura itzultzeagatik edota mendeko pertsona zaintzeagatik edo ezinbestekoa den arrazoiengatik ez bada". Eta, harreman sozialak bizikidetza egonkorreko taldera mugatzea ere aholkatu dute.
Bete beharreko neurriak, berriz, ondorengoak dira:
- Establezimenduek, kultur eta kirol azpiegiturek %50era mugatu beharko dute beren edukiera. Gehienez ere, 400 pertsona barruan eta 600 pertsona aire librean.
- Establezimendu komertzialek, elikagai-denda, botika, eta erregaiak txikizka eta etengabeko zerbitzuan banatzen dituzten zerbitzuguneek izan ezik, 21:00etan itxi beharko dute.
- Kirol jarduera soilik bakarka egin ahal izango da, taldeko edozein kirol jarduera debekatuta dago, martxan dauden kirol-lehiaketa ofizialak izan ezik.
- Ostalaritza eta jatetxe arloko establezimenduek, beren edukiera %50era mugatzeaz gain, 21:00etan itxi beharko dute, ezingo da barran kontsumitu eta soilik mahaian eserita kontsumitu ahal izango da. Musukoa derrigor jarrita eraman beharko da eta soilik edateko eta jateko kendu ahal izango da.
- Haur parke, parke publiko eta plazak erabiltzea debekatuta egongo da 21:00etatik aurrera, pertsonen joan etorrietarako izan ezik.
Udaletik esan dutenez, neurri hauek "egoeraren bilakaera eta kasu positiboen goranzko joera dela eta hartu dira". Osasun sailak emandako datuen arabera, atzo eginiko probetan beste 22 kasu positibo atzeman ziren herrian.
Harreman sozialak eta mugikortasuna mugatzeko deia
Tolosako Udalak esan duenez, "Eusko Jaurlaritzaren agindua argia da, eta ahalik eta gehien mugatu behar ditugu gure joan-etorriak eta harreman sozialak". Hala, mugikortasuna mugatzeko deia egin die herritarrei Olatz Peon Tolosako alkateak: "Behar beharrezkoa bada bakarrik atera herritik, ahal den neurrian etxean geratu eta gizarte-topaketak ekidin, eta soilik etxebizitza berdinean bizi diren pertsona taldera mugatu harremanak”.
"Azken egunotako datuak eta egoeraren joera kezkagarriak dira, horregatik da hain garrantzitsua, arduraz jokatzea, neurriak zorrotz errespetatzea eta ahalik eta gehien mugatzea gure harreman sozialak, guztion ardura delako gorakada geldiaraztea eta hedapena mugatzea, gure erantzunaren araberakoa izango da egoeraren bilakaera, beraz, oso garrantzitsua da gaur gauzak hobeto egitea bihar okerrago egon ez gaitezen”, gehitu du alkateak.