Batzuetan oso erraza da ezpainetako ekologia-zale izatea gugan dagoena zaintzeko, baina orduan benetan kontuak izaten dira eta, askotan, hondamendira joateko arriskua izaten dugu. Ekologia serio hartzea ezinbestekoa da. Hor gure etorkizuna jokoan dago, eta batez ere, etorkizuneko belaunaldien geroa. Zenbat aldiz ez ote dugu esan, herri baten etorkizuna giltzapetuta dagoela: airea, ura, lurra, ibaiak, itsasoa… zaintzen ez baditugu?
Ekologia serio hartzea ezinbestekoa da. Hor gure etorkizuna jokoan dago, eta batez ere, etorkizuneko belaunaldien geroa.
Ez liguke minik egingo Frantzisko Aita Santuaren hitz hauek gogoratzeak: «Ez dugu inoiz gure Etxe Komuna edo Ludia gaizki tratatu eta zauritu azken bi mendeetan bezala». Egi mardula. Zoritxarrez hazkunde ekonomikoa eta teknikoa ez da joan parekatua gizakiaren eta gizartearen aurrerapenarekin.
Ekologiak ez luke, lehenik eta behin, moda bat izan behar, natura eta izadiarekiko maitasun zintzoa baizik. Azkenean giltzarria eta gakoa da airea, ura, lurra, ingurunea zaintzea eta babestea, bestela herri baten etorkizuna blokeatuta egongo litzateke. Aristoteles (384-322 K.a.) jakintsuaren hitzak gogorazten ditut: «Honetarako jaioak gara: gure antzekoekin bat egin, eta giza arrazarekin elkarkidetzan bizitzeko».
Guztiontzako lekua izango duen lurra: lana, irakaskuntza, osasungintza, etxebizitza, duintasuna eta babesa denontzat, edozein motako bazterketa edo zapalketarik gabe. Egin dezagun gure mundu honetan guztiak etxean bezala senti daitezela, herri guztiak, familia guztiak, pertsona guztiak, beren etxean bailiran.