Lehen sentsazioei eustea

Imanol Garcia Landa 2020ko urr. 22a, 11:57
Sestao River eta Tolosa arteko partidaren une bat.

Hirugarren Mailako Tolosa CF-k lehen puntua eskuratu du ligan, Sestao River taldearen zelaian.

Emaitza onarekin hasi du Hirugarren Mailako Tolosa CF-k denboraldia, Sestao River taldearen etxean golik gabeko berdinketa lortuz aurreko asteburuan. Mikel Arruabarrenaren lehen urtea da entrenatzaile modura, eta gustura dago taldeak lehen partidan emandako itxurarekin: «Sestao River Bigarren B mailara igotzeko taldea da, jokalari berri asko dituena, eta nik uste dut Hirugarren Mailako zelairik konplikatuena izan daitekeela. Guretzako puntua oso garrantzitsua da, bai lanak ondo egin genituelako, eta erakusteko edozeinekin lehiatzeko aukera dugula gu ondo bagaude. Horrela arituz gero emaitzak etorriko dira».

Denboraldi berria bi azpimultzotan banatuta hasi dute Hirugarren Mailakoek. «Ez genekien hasiko zen ala ez, urduritasuna ere izan da, eta behintzat martxan jarri gara», esan du Arruabarrenak. «Azpimultzo zaila tokatu zaigu, bestea baino zailagoa delako, gurean Sestao bera, Gernika edo Somorrostro bezalako taldeak daudelako». 11 talde daude Tolosaren azpimultzoan. Sailkapeneko hiru lehenengoek igoera fasea jokatuko dute, hurrengo beste hiruetatik bat ere sailkatuko da igoera faserako eta azkeneko bostak jaitsiera fasea jokatu beharko dute.

Arruabarrenak argi du Tolosa Hirugarren Mailako taldea dela, eta mailari eustea izango da denboraldi honetako helburu nagusia. Hori horrela, liga azken bost postuetatik gora bukatu nahi dute. «Dauden taldeekin zaila izango da, baina ez da inoiz etsi behar. Gure asmoa da lehen fase honetan ahal den puntu gehien lortzea, ondorengo faserako kontuan hartzen baitira ere», zehaztu du Arruabarrenak. «Hasiera garrantzitsua da, puntu asko lortzeko aukera gehiago izaten baita».

Jokalari gehienek jarraitzen dute taldean, baina zenbaitzuk taldea utzi dute: Ruben Garcia, Xabi Olaizola, Unai Olaizola eta Julen Vecino. Realetik hiru jokalari gazte etorri dira: Beñat Almandoz, Kaiet Agote eta Peru Ruiz, eta horrez gain Mikel De Alba. Tolosak hurrengo partida Berazubin jokatuko du, etzi, 16:30ean, Gernikaren aurka. Zaleek harmailetara joateko aukera izango dute.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!