Emakume helduen indarkeriaren aurkako foroa egingo dute Tolosan

Tolosaldeko Ataria 2020ko urr. 22a, 12:04

Maribel Pizarro, Nerea Almazan eta Oihana Andueza hizlariek hartuko dute parte Onekak antolatutako foroan; asteartean izango da, 10:00etan, udaletxeko pleno aretoan.

Hurrengo asteartean, urriaren 27an, Emakume helduen indarkeriaren aurkako I. foroa egingo da Tolosako udaletxeko pleno aretoan. Foro hori Oneka emakume pentsiodunen plataformak antolatu du, Emakunderekin elkarlanean. 10:00etan emango zaio hasiera egitasmoari eta pandemia dela eta, edukiera mugatu egin behar izan dute; dagoeneko plaza guztiak beteta daudela adierazi dute.

Lehen foro horretan parte hartuko duten hizlariak hiru izango dira: Maribel Pizarro batetik, Itxaropena Telefonoko arduraduna eta psikologoa da; bestetik, Nerea Almazan, Matia fundazioko psikologoa da eta bere esperientzia kontatzeko tartea hartuko du; azkenik, Oihana Andueza, hau ere psikologoa, indarkeria zer den esplikatuko du eta emakume horien irteera nola ikusten duen ere azalduko du. Hiru hizlari horiek beraien ekarpenak egingo dituztela azaldu du Nekane Berriotxoa Oneka plataformako kideak, eta ondoren, foroarekin jarraitzeko, eztabaidarako tartea hartuko dute, "gaiaren inguruko kezka, zalantza eta gogoetak elkarbanatzeko".

Foroa egitea oso garrantzitsua dela esan du Mila Canseco Oneka taldeko kideak, eta salatu du emakume helduek ere indarkeria jasaten dutela. "Foro horretan, indarkeria zentzu guztietan landu nahi dugu, izan ere, indarkeria matxistaren barruan, arlo ekonomikoa ere biolentzia da, bakardadea ere biolentzia da eta familiak baztertzea ere biolentzia da". Modu horretara, indarkeria mota guztiak landu nahi dituzte, hori bai, gehienbat emakume helduei eragiten dietenak.

Hala, emakume helduetan jarri nahi dute arreta, eta helburua, besteak beste, gizartea kontzientziatzetik harago doala azaldu du Cansecok: "Ez dugu soilik gizartea kontzientziatu eta mugiarazi nahi, erakundeak eta politikoek ere mugitu egin behar dute; lan handia egin dugu bide honetan, eta ordua da ondo bizitzeko, bizi kalitate duin bat izateko; gure eskubide horiek zaindu ditzaten nahi dugu".

Foro hori Tolosan ospatuko da, baina programa osatuago bateko hitzordu bat dela zehaztu du Berriotxoak: "Urtarrilean proiektu bat aurkeztu genion Emakunderi eta onartu egin ziguten; proiektu horretan hiru zine emanaldi, bi hitzaldi eta Tolosan egingo den foro hau antolatzeko nahia erakutsi genuen, eta Emakundek onartu egin zuenez, ekintzak antolatzen ari gara". Gainerako ekimenak eskualdetik kanpo egingo dituzte.

Gipuzkoan mugitzen diren emakume talde ezberdinak gonbidatu dituzte forora, baita Euskadiko Emakume Alargunen Elkarteen Federazioko kideak ere; Maite Bilbao lehendakaria zen etortzekoa, baina pandemia egoera dela eta ezin izango du bertan egon, eta bere ordez, beste kide bat gerturatuko da. Eta Nafarroa eta Gipuzkoa arteko mugak itxi dituztenez, Nafarroatik etortzekoak ziren hainbat kidek ezin izango dutela parte hartu aurreratu du Berriotxoak.

Buru-belarri lanean

Oneka emakume pentsiodunen plataforman momentu hauetan zaintza da erdigunean duten gaia. «COVID-19aren eraginez azaleratu egin dira gizarte honetan dauden hutsune guztiak, besteak beste, ekonomikoak, osasun arlokoak eta baita pentsiodunenak ere», dio Berriotxoak. Modu horretan, azken boladan egiten ari diren mobilizazioetan presente dago Oneka, aldarrikapenekin bat egiten baitute. Baina hortxe luzatu du galdera Berriotxoak: "Zeinen gain dago zaintza?".

Oneka plataformatik pauso txikiak ematen ari direla dio Cansecok, baina "beharrezkoak". "Esaterako, talde txikietan elkartzen garenean, nola hitz egiten dugun arreta jartzen dugu; konturatu gabe ere, maskulinoan hitz egiten dugu askotan, eta hori zuzentzen saiatzen gara taldekideen artean", dio.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!