Tolosako Azoka, garai berrietara egokituz

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko urr. 22a, 07:59

Tolosako Azoka indartzen eta sustatzen jarraitzeko helburuarekin, hiru egitasmo berri aurkeztu zituen, atzo, udalak: marka eta irudi berria, Azoka Lagunak proiektua eta azokaren webgunea.

2018ko azaroan, larunbateroko azokari buruzko azterketa eskatu zuen Tolosako Udalak. Azokako ekosistema osoaren argazki orokorra izan, eta aurrera begira, azoka sustatzeko eta etorkizunean kokatzeko eman beharreko urratsak identifikatzeko helburua zuen diagnosiak, gerora, hortik abiatutako egitasmo berriak abiarazteko.

Azterketaren emaitzak 2019 urte hasieran jaso zituen udalak, eta orain artean, diagnosiaren emaitza eta ondorioei jarraituz egin du lan. Diagnosiak hiru helburu nagusi zehaztu zituen. Batetik, azokaren esentzia eta balioak mantenduz, itxura berrituagoa ematea. Bestetik, bezero berriak lortzea, gazteengan enfasi berezia jarriz. Azkenik, erosketa esperientzia hobetze aldera, antolaketa eta iruditeria eguneratzeaz gain, dinamizazioa sustatzea.

Hain zuzen, helburu hauek, estrategikotzat ditu udalak. “Azoka indartzea lan ildo estrategikoa da guretzat, eta hala jasoa dugu 2019-2023 legealdi planean. Une honetan, larrialdi egoerak baldintzatuta, testuinguru berrira egokitzea da lehentasuna. Udal baliabide asko bideratu ditugu horretara, azoka segurtasun eta osasun berme guztiekin egin ahal izateko. Baina etorkizunera begira ere jarri nahi dugu azoka proiektu berri hauekin guztiekin”, aitortu du Olatz Peon alkateak.

Diagnosi zehatza

Azokaren oinazea abiapuntutzat hartzea ezinbestekoa izan da norabide berriak zehazteko. Horregatik, diagnosian azoka bere osotasunean aztertu zen, besteak beste, bezeroen eta saltzaileen profilak zehaztu eta ohiturak identifikatu ziren, irisgarritasuna eta antolaketa aztertu ziren, analisi komunikatiboa egin zen, erabiltzaile eta eragile hainbaten testigantzak jaso ziren, baita beste herri batzuetako esperientziak bildu ere. “Oso sakona da azterketa, zehatza, esparru eta aspektu guztiak kontutan hartzen dituena. Etorkizunean lanerako gidaliburu bat izango da”, azaldu du Nerea Letamendia, Merkataritza, Azokak eta Turismoa sailetako zinegotziak.

Azoka bere osotasunean aztertzeaz gain, hiru lan ildo identifikatu zituen diagnosiak. Bata, “Azokan erosten badut, herriaren alde egingo dut” sinesmena gizarteratzeko beharra, konfiantzan oinarritutako harremanak sortu eta tokiko kontsumoa indartzeko. Bestea, azokako hiru espazioen arteko lotura hobetzea. Eta azkena, azokaren eta tokiko merkataritzaren eta ostalaritzaren arteko sinergiak sendotzea.
Azken urtean, lan-lerro horiek jarraituz, etorkizunean azoka indartzeko helburuarekin, lau proiekturen garapenean murgildu da udala: identitate berria, seinaleztapenaren hobekuntza, digitalizazioa eta dinamizazioa.

Marka dinamiko eta gazteagoa

Azoka garai berrietara egokitzeko abiapuntuetako bat proiektuaren irudia berritzea izan zen. Larrialdi egoerak bere erabilera aurreratzea behartu bazuen ere, marka edo identitate berria aplikatuko da aurrerantzean elementu guztietan. Irudia modernizatzea eta hiru guneei bateratasun bat ematea izan dira helburu.

Tolosako Chroma estudioa arduratu da lanketaz, eta urtaro aldaketan oinarrituz, marka “dinamiko eta gazteago” bat garatu du. “Pertzepzio aldaketa bat eragin nahi dugu zentzu askotan, kontsumo-ohiturak aldatu eta azoka etorkizunean errotzeko: tradizionaletik berrikuntzara salto egin nahi dugu; ekoizleak ezezagun izatetik ikusgarri egitera pasa; produktuak ez ezagutzetik, jakinez erostera; edo antolaketa falta batetik, itxura antolatu bat erakustera. Marka berriak horretan lagunduko du”, azaldu du Juan Urretavizcaya Chromako sortzaileak.

Azokako hiru guneak, ezohiko egoeragatik une honetan bost direnak, elkarren artean gehiago lotzeko lanean ere murgilduta dira. Zentzu horretan, espazioen arteko seinalizazioa hobetuko da, bezeroen esperientziak aberasteko.

Azoka Lagunak kluba: transmisioa sustatzeko

Tolosako Azokaren trantsizio digitalaren oinarrietako bat Azoka Lagunak kluba izango da, larunbateroko jarduera babesteko eta sustatzeko, erosketa-ohituretan eragiteko eta ezagutzaren transmisioa gauzatzeko erabiltzaileak bilduko dituen fidelizazio taldea. Azokarekin eta bere balioekin konpromiso bat hartzea ez ezik, ezagutza kolektiboan eragitea bilatzen du egitasmoak. Azokak jakintza eta istorio ugari ditu kontatzeko, eta hain zuzen, hori da klubeko kideei abantaila modura trukean emango zaiena.
Gazteengan jarri da fokua, batik bat, belaunaldi aldaketa eragin eta bermatu nahian. Horregatik, www.tolosakoazoka.eus webgune berria eta sare sozialak ditu ardatz proiektuak. Kanal horietatik, nahiz posta elektronikoz, informazioa bidaliko zaie, modu esklusiboan, klubean izena ematen duten guztiei: garaiko produktuen zerrenda eta batez besteko prezioak, ekoizleen lanari buruzko bideo-erreportajeak…

Hilabetean behin ikastaroak (tailerrak, mahai inguruak, hitzaldiak…) ere antolatuko dira, baserritar, sukaldari eta ekoizleekin. Garaiko produktuetan oinarrituz, elkarrekin ikastea izango dute helburu. Klubeko kideek baino ez dute parte hartzeko aukera izango, eta webgune bidez erregistratu beharko da saio bakoitzera.

Izen-ematea zabalik dago aipatutako webgunean, doakoa da, eta erregistratzen diren lehen 1.000 lagunek Tolosako Azokako poltsa jasoko dute opari. Datozen bi larunbatetan, gainera, etxola bat jarriko da Trianguloa plazan, poltsa horiek banatzeko eta egitasmoaren inguruko informazio gehiago emateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!