Teknologia berriekin, aukera berriak

Ataria 2020ko urr. 21a, 07:58

Tolosako Musika Eskolan ariketa eta jolasen bitartez, musikaren lengoaia lantzen dute ikasleek, eta etxean ere jarraitu dezakete ikasketa prozesuarekin.

Tolosako Eduardo Mokoroa musika eskola berrikuntza prozesu batean murgilduta dago. Garai berrietara egokitzeko hainbat berritasun txertatu dituzte ikasketa prozesuan, eta horietako bat da Aula virtual musica plataformaren erabilera. Hainbat ariketa eta jolasen bitartez, musikaren lengoaia ikasteko aukera eskaintzen duen plataforma digitala da.

Musika eskolan bertan jarri duten pantaila interaktibo baten bidez, kantatuz, erritmoak eginez, ariketak idatziz edo jolasen bidez, musikaren lengoaia lantzen dute ikasleek, jakituria horietan sakonduz. Horrez gain, ikasleak etxean ere jarraitu dezake prozesuarekin, ordenagailutik, tablet batetik edo sakelakotik ere konektatu baitaitezke.

Plataformak, gainera, urtetik urterako garapenean ere laguntzen du. Hala, lau kurtsotan zehar erabili dezakete plataforma ikasleek. Aurten lehen kurtsoarekin hasi dira, eta urtetik urtera kurtso bat gehitzen joango da Eduardo Mocoroa musika eskolako zuzendaritza.

Plataforma oso intuitiboa eta erabiltzeko erraza dela nabarmendu dute musika eskolatik, eta horrek ikasleen ikasteko gaitasunetan ere oso modu positiboan eragiten duela gehitu dute. «Gaur egun teknologia berriek eskaintzen dituzten abantailak erabiliz, musikaren lengoaian modu erraz, atsegin eta didaktiko batean sakontzeko aukera eskaintzen du plataforma honek». Interesa dutenek, www.aulavirtualmusica.com helbidean plataformaren demo bat dute eskura, plataforma ezagutu ahal izateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!