Koronabirusa

PCR probak egiteko gunea lekualdatuko dute

Ataria 2020ko urriaren 20a

COVID-19ko sintomak dituzten edo kasu positiboekin harreman zuzena izan duten herritarrek Tolosako anbulatorioan egin dituzte orain arte PCR probak, baina datorren astetik aurrera Alondegira joan beharko dute.

Tolosako Udalak jakinarazi duenez, anbulatorioan auto ilara luzeak egiten dira PCR probak egiterakoan eta hori ekidin ahal izateko erabaki dute lekualdatzea. Sintomak dituzten edo kasu positiboekin harreman zuzena izan duten herritarrek hortaz, Alondegira joan beharko dute PCR probak egitera. "Asko autoz gerturatzen dira eta autoan bertan daudela egiten zaie proba eta horrek inguruetan ilarak eta auto pilaketak sortzen ditu. Arazoari irtenbidea emateko, Tolosako Udalaren laguntzarekin, Tolosaldeko ESIak PCR probak egiteko gune bat egokituko du Alondegiko plaza estalian datorren astetik aurrera", esan du udalak ohar bidez. Datorren astean ez bada, azaroan hasieran hasiko dira hortaz, Alondegia plazan PCR probak egiten.

Auto pilaketak saihesteko helburuz hartu dute erabakia eta gripearen aurkako txertoarekin gauza bera egin dutela gogoratu du: "Gripearen txerto kanpainarako Emeterio Arrese eraikinarekin egin den bezala, Tolosako Udalak herriko gune publikoak osasun alorrera bideratu ditu, kasu honetan, Alondegia plaza PCR probak egiteko prestatuz".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!